Buscar
Gipuzkoa

Herriko aztarnategiak ezagutzera emateko Astea izango da Zestoan

Bi hitzaldi eta erakusketa bat egongo dira hilaren 15ean hasiko den Arkeologia Astearen baitan
Antxietako kideak Zestoako Amalda III koban egindako indusketetan. | ARGAZKIA: ANTXIETA ARKEOLOGIA TALDEA
Antxietako kideak Zestoako Amalda III koban egindako indusketetan. | ARGAZKIA: ANTXIETA ARKEOLOGIA TALDEA

Zestoako Udalak herriko aztarnategiak eta hauek gordetzen dituzten historiaurreko altxorrak ezagutzera emateko Arkeologia Astea antolatu du Azpeitiko Antxieta arkeologia taldearekin elkarlanean. Ekimena hilaren 15etik 20ra bitartean ospatuko da eta egun horietan bi hitzaldi eta erakusketa bat izango dira Zestoan. Hitzaldiak azaroaren 15ean eta 17an egingo dira (19.00etan hasita) Alonderoko udal aretoan; eta erakusketa hilaren 20an egokituko da (11.00etatik 15.00etara arte) udaletxeko arkupetan.

Egitaraua

Zestoako Arkeologia Astea abiatzeko Joseba Rios Giza Eboluzioari buruzko Ikerketa Zentro Nazionaleko arkeologoak Amalda III, Altzolarats (Zestoa): Zestoako Neanderthalak ezagutzen izeneko hitzaldia eskainiko du hilaren 15ean.

Udaletik jakinarazi dutenez, Riosek “oso emankorra” izan den indusketa kanpaina zuzendu du Amaldako hai-tzuloan: “Gipuzkoan oso gutxi dira neandertalen presentzia frogatua izan den aztarnategiak, eta hau da horietako bat. Bertan, Erdi Paleolitoan ondo kontserbatutako okupazio-maila dagoela egiaztatzen duten faunaren laginak eta harrizko industriaren aztarnak berreskuratu dira”.

Arkeologia Astearen bigarren hi-tzordua hilaren 17an izango da. Egun horretan, Asier Gomez Euskal Herriko Unibertsitateko eta Aranzadi Zientzia Elkarteko ikertzaileak Errinozeroak, hienak, elur-oreinak eta hartzak Urolako Bailaran? Zestoako Baio eta Amabiturrietako aztarnategiak hitzaldia emango du.

Amaitzeko, Antxieta Arkeologoa Taldeak Zestoa eta Urola bailarako historiaurreari buruzko erakusketa prestatuko du hilaren 20an. “Bailaran aurkitutako aztarnategi ia gehienak beren etengabeko lanari esker izan dira, eta emaitza, erakusketan ikusiko den bezala, ikaragarrizkoa da”, aurreratu dute Udaletik. l

2022-11-05T19:51:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo