Haur eta nerabeei laguntzeko ekimena. Dakizuna partekatu lemapean, Gasteizko Caritasek kanpaina berri bat sortu du elkartasunari deitzeko eta herritarrei boluntario-lanetan parte hartzera animatzeko, haur eta nerabeei laguntzeko. Hala, bigarren urtez jarraian, Caritasek herritar guztiak animatzen ditu ekimen honekin bat egitera.
“Gasteizko Elizbarrutiko Caritasek boluntarioak behar ditu, eskolan atzera dabiltzan umeei eta gazteei laguntzeko. Caritasek, bigarren urtez jarraian, bere Haurtzaro Programako eskola-laguntzarako jarduerarekin bat egitera animatu nahi ditu boluntarioak”. Hitz horiekin, Caritasko kideek ekimen honekin bat egiteko eskatu diete herritarrei, behar duten haurrei laguntzen jarraitu ahal izateko. Konpromiso horrek astean bi orduko dedikazioa ekarriko du, ikasketetan laguntzeko, euskaraz edo gaztelaniaz (ikasleak behar duen bezala), Lehen Hezkuntzan, DBHn eta Batxilergoan. Ildo horretatik, nabarmentzekoa da Caritasen boluntarioak lortzeko kanpaina Gasteizko Elizbarruti osoan egin dela. Izan ere, hiriko hainbat tokitan eta Arabako hainbat herritan dagoeneko ikus daitezke jarduera egingo den eremuko datu zehatzak biltzen dituzten kartelak. Hori dela eta, Caritasen ekimen horretarako boluntario izan nahi duen edonork informazioa eska dezake telefono bidez (945 23 28 50) edo animacion@caritasvitoria.org helbidera idatziz. Halaber, datozen asteetan, Gasteizko Caritasek sare sozialetan (Facebook, Twitter, Instagram eta YouTube) dituen profiletan eta bere webgunean (caritasvitoria.org) ere hedatuko du kanpaina.
Beraz, irabazi-asmorik gabeko erakunde honen asmoa eskola-laguntza behar duten baina baliabide ekonomikorik ez dutelako profesional bat kontratatu ezin duten edo eskola partikularretara joan ezin diren ikasle guztiei laguntzea da. Hala, herritarren elkartasunetik, laguntza hori eman nahi zaie behar duten ikasleei, gaztelaniaz zein euskaraz, maila akademiko desberdinetan. Izan ere, Caritasek Haurrak programako boluntarioen bidez eskaintzen duen eskola-laguntzak eskolaz kanpoko baliabide bat ematen die familiei. “Caritasek Haurtzaro Programako boluntarioen bidez ematen duen eskola-laguntzak eskolaz kanpoko baliabide bat eskaintzen die horren kostua beren gain hartu ezin duten familiei. Hori da, hain zuzen ere, ezinbesteko baldintza, haurrek eta nerabeek jarduera horretan parte hartzeko eta ikasketetan hobetzen lagunduko dien errefortzu hori lortzeko”, azaldu dute Caritaseko kideek. Hala, eta ildo horretatik jarraituz, “ikasketetan Laguntzeko jardueran, eskolan atzera dabiltzan baina berariazko esku-hartze profesionalik behar ez duten adin txikikoekin egiten da lan. Helburua da izaten dituzten zailtasunei erantzutea, maila teknikoan eta ohituretan, eta motibazio- eta hezkuntzako laguntza-prozesua osatzea, bai eskola-errendimendua hobetzen laguntzeko eta bai motibazioa galtzea, absentismoa eta eskola-porrota prebenitzeko. Horrekin batera, prestakuntza- eta akonpainamendu-saioak egiten dira adin txikikoen familientzat, haien eremu sozio-familiarra eta laguntza-sarea sendotze aldera”, erantsi dute. Lan-dinamika honako hau da: ikasteko saio pertsonalizatuak, astean bi edo hiru, banaka edo talde txikietan, ahal dela ikastetxe berekoak eta ikasgela berekoak. Jardueran parte hartzen duten boluntarioek ikasteko teknika errazak erabiltzen dituzte, besteak beste ulermenezko irakurketa, eskemak eta laburpenak egitea, azpimarratzea eta koaderno-zirriborroa erabiltzea. “Ikasketetan laguntzeko saio bakoitzean boluntarioak saiatzen dira haurra gustura eta konfiantzaz egoteko lan-giroa sortzen, jarrera ona eta errendimendu handiagoa lortzeko. Prozesuan, ikaskuntzaren jarraipena eta ebaluazioa egiten da bai ikastetxeetan, bai Caritasen laguntzeko saioetan. Familiei aldizka ematen zaie ikasten laguntzeko prozesuan sor daitezkeen aurrerapenen edo zailtasunen berri”, azaldu dute.
Azkenik, “Caritasen eskola-laguntzako zereginak betetzen dituzten boluntarioek gutxienez 2. mailako
Lanbide Heziketako prestakuntza dute. Lan horretarako behar diren trebetasunen artean enpatia eta erantzukizuna daude; gainera, funtsezkoa da boluntarioak konpromisoa hartzea jarduera garatzeko finkatutako egutegiarekin. Programako boluntario bakoitzari hastapen- eta sakontze-ikastaroak eskaintzen zaizkio, baita lanerako orientabideak eta materiala ere”, ondorioztatu dute bertako kideek kanpaina jakitera eman eta gero.
Xehetasunez
Datuak. 2021ean, Ikasketetan Laguntzeko jarduerak, guztira, 244 haur eta gazte artatu zituen (2020an, 206). Guztira, 129 boluntariok (2020an, 121ek) eskaini zituzten beren denbora eta ezagutzak jarduera horretan laguntzeko. Orain, Haurtzaro Programa Arabako 32 ikastetxerekin ari da lanean (2020an, 22rekin), eta espero da ikasturtean zehar ikastetxe gehiagok bat egitea programarekin.
Esaldia. “Gasteizko Elizbarrutiko Caritasek boluntarioak behar ditu, eskolan atzera dabiltzan umeei eta gazteei laguntzeko. Caritasek, bigarren urtez jarraian, bere Haurtzaro Programako eskola-laguntzarako jarduerarekin bat egitera animatu nahi ditu boluntarioak”. Hitz horiekin, Caritasko kideek ekimen honekin bat egiteko eskatu diete herritarrei, behar duten haurrei lagun-tzen jarraitu ahal izateko. Konpromiso horrek astean bi orduko dedikazioa ekarriko du, ikasketetan laguntzeko, euskaraz edo gaztelaniaz (ikasleak behar duen bezala), Lehen Hezkuntzan, DBHn eta Batxilergoan.