Merkealdiak iristen dira, beti herritarrak erakartzen dituztenak eta Gabonak baino lehenagoko kanpainetan salmentak hobetzen lagun-tzen dutenak. Hala ere, salmenten gorakadarekin (batez ere sarean egiten diren salmenten kasuan), gora egin dute iruzurren eta lapurreten kasuek ere. Testuinguru horretan, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak dekalogo berri bat eskaini du lapurretak eta iruzurrak saihesteko eta merkealdietan on line saltokietan erosketa seguruak egiten laguntzeko.
Izan ere, datozen egunetan Internet bidez (bereziki Black Friday egunean) egingo diren salmenten igoera ikusita, Ertzaintzak hainbat aholku eman nahi dizkie herritarrei iruzurrak saihesteko. “Eguberri aurreko egun hauetan, ziberdelinkuenteen sareek beren jarduera areagotzen dute eta kontsumitzaileak engainatzen saiatzen dira. Oso garrantzi handikoa da prebentzioa eta erosketak segurtasunez egiteko neurri logikoak hartzea”, azaldu zuten Eusko Jaurlaritzatik. “Azaroaren 25a Black Friday eguna izango da, Ameriketako Estatu Batuetatik datorren merkealdi-eguna. Izatez, deskontu-eguna izango da denda fisikoetan zein Internet bidezkoetan. Eskaintza horiek sortzen duten interesaren eta Eguberriak hurbil izatearen ondorioz, azken urteotan nabarmen hazi dira egun hauetan online egiten diren erosketak”, gaineratu zuten.
Hala, aurreikus daitekeen Internet bidezko negozio-bolumenaren igoera handi hori baliatzen dute ziberdelinkuenteek erosleei iruzur egiten saiatzeko. “Horregatik, funtsezkoa da herritarrak jakinaren gainean egotea, eta online merkataritza erabiltzean iruzur baten edo beste delitu-modalitate batzuen biktima izateko arriskuaren jakitun izatea”.
Lehenik eta behin, Ertzaintzak gomendatzen duenez, oso garrantzitsua da plataforma seguru eta ezagunetan erostea beti, eta ia doako produktuak eskaintzen dituzten dendetan ez erostea. Horregatik, funtsezkoa da jatorri ezezaguneko online dendetan edo kontsumitzaileari aldez aurretik mesfidantza sortzen dioten salmentetan erosketarik ez egitea. Gainera, garrantzi-tsua da sare sozialen bidez partekatzen diren eskaintza zalantzagarrietan ez erortzea.
“Sare sozialen bidez partekatzen diren zalantzazko eskaintzetan ez erori, eta produktuak edo zerbi-tzuak oso prezio murriztuan agin-tzen dituztenen bideragarritasuna baloratu. Markaren web-orri ofizialean egiaztatzea gomenda-tzen da”, aipatu zuten Ertzaintzatik. Halaber, gomendagarria da beste erosle batzuen iruzkinak irakurtzea produktu bat Internet bidez erosteko erabakia hartu aurretik. Izan ere, askotan lagun-tza handia ematen du, batez ere webgunea konfiantzazkoa den edo ez jakiteko eta, hartara, iruzurra saihesteko. Askotan, iruzkinetan irakur daiteke iruzurra izan dela salatzen duten bezero batzuen balorazio negatiboa, eta, produktuaren prezioa ordaindu ondoren, ez zitzaiela inoiz produktu hori etxera iritsi, adibidez.
Internet bidez erostean kontuan hartu beharreko beste alderdi garrantzitsu bat web-orriaren fidagarritasuna egiaztatzea eta kon-tsultatzea da, egingo den erosketa ordaindu aurretik. Nola egiten da hori? Oso sinplea, domeinua merkataritza errealarekin bat datorrela egiaztatuz, eta negozioaren helbide zehatza duela ikusiz, aldaketarik eta akats ortografikorik gabe.
“Ordaindu aurretik, web-orriaren fidagarritasuna kontsultatu. Egiaztatu domeinua saltoki errealari dagokiola eta negozioaren helbidea zuzena dela, aldaketarik eta akats ortografikorik gabekoa, baita URLa “https://” hasten dela ere”, gomendatu zutenez.
Bestalde, konfiantzazko wifi sarea edo norberaren datuak erabili behar dira. Erosketak online egitean, wifi sare partekatu bat ez erabiltzea gomendatzen da, horrela bankuko datuak sare publiko batean partekatzea saihestuko baita. Ildo horretatik, ahal den guztietan aurreordainketako txartel bat edo txartel birtual bat erabili behar da. “Aldian behin berrikusi txartelaren edo bankuko kontuaren gaineko karguak”, gaineratu zuen Ertzaintzak.
Azkenik, “ez ireki orotariko gaiei buruzko eskaintzak aipatzen dituzten jatorri ezezaguneko mezuetako estekak. Horren ordez, tekleatu joan nahi duzun orriaren helbidea”, ondorioztatu zuten bertako kideek.