Araba

Herritarrentzat % 50eko hobaria, garraio publikoko sistema guztietan

Foru-aldundiek eta toki-erakundeek bermatuta izango dute horrela laguntzaren zatirik handiena, eta gainerako % 10a beren gain hartuko dute
Arabako Foru Aldundiaren autobus batera doazen bidaiari batzuen artxiboko-irudia. | ARGAZKIA: DNA

Arabarrek % 50erainoko onura jaso ahal izango dute Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako garraio publiko guztietan. Eusko Jaurlaritzak, lurralde bakoitzeko foru-aldundiekin eta udalekin batera, garraio publiko guztietan gutxiago ordaintzen lagunduko die herritarrei. Horretarako, % 40a hartuko du bere gain, eta aldundiek eta udalek gainerako % 10a.

Hala iragarri dute berriki Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda sailetik. Sail honenatik azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzak bere baliabideekin osatuko du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan irailaren 1etik abenduaren 31ra bitartean egingo den garraio publikoko bonoetan aplikatuko den hobariaren %40raino. “Erabaki horrekin, gainerako euskal administrazioei laguntzeko konpromisoa betetzen du Eusko Jaurlaritzak eta, horrela, laguntzaren zatirik handiena bermatuta izango dute, Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren diru-laguntza jasotzen duten zenbatekoa edozein dela ere. Helburua da herritarrek Euskadiko garraio publiko guztietan % 50eko deskontua jaso ahal izatea. Hori lortzeko, aldundiek eta udalek gainerako % 10a beren gain hartu beharko dute”, azpimarratu zuten. Duela gutxi, uztailaren 7an, zehazki, euskal administrazioak Euskadiko Garraio Agintaritzaren Osoko Bilkuran bildu ziren. Bilera hartan, administrazio guztiek hobariaren % 50 onartzeko borondatea erakutsi zuten, eta baterako ahalegin batean oinarrituta aztertzea erabaki zuten; ahalegin hori Lakuak eta Euskal Autonomia Erkidegoko gainerako administrazio publikoek partekatu dute. Bilera horretan, Espainiako Gobernuak onartutako Errege Dekretua aztertu zen. Dekretu horrek, besteak beste, zuzeneko laguntzen sistema bat ezartzen du autonomia-erkidegoentzat eta toki-erakundeentzat, baldin eta konpromisoa hartzen badute garraio-abonuen eta bidaia anitzeko tituluen prezioa % 30 murrizteko irailaren 1etik abenduaren 31ra bitartean, baita deskontu horiek baliabide propioekin handitzeko aukera ere.

Laguntza hau jasotzeko, ordea, administrazio bakoitzak bere eskabidea aurkeztu behar izan du joan den hilabetea bukatu baino lehen. Eta deskontuak ez dira berdinak garraio publiko bakoitzean, eta aldatu egiten dira garraioa tranbia edo autobusa den, adibidez. “Laguntza horiek jasotzeko, administrazio bakoitzak berariazko eskaera bat aurkeztu behar du uztailaren 31 baino lehen. Ministerioak diru-laguntza banatzeko ezarritako irizpideek eta zenbatekoek ehuneko desberdinak ezartzen dituzte, garraio-modalitatearen arabera (hirikoa, metropolikoa edo hiriartekoa). Kontuan hartuta diru-laguntza horiek ez direla Ministerioak eskatutako % 30eko hobarira iritsiko, Eusko Jaurlaritzak erabaki du ministerio-laguntzaren diferentziala estaltzea eta haratago joatea, hobariaren % 40ra arte, hori eragozpen izan ez dadin gainerako administrazioentzat eta neurria euskal herritarren gehiengoarengana iris dadin. Autonomia Erkidegoko ogasunak bere funtsekin egingo duen ahalegin gehigarria 11 milioi eurokoa izango dela aurreikusten da”, azaldu eta gaineratu zuten Eusko Jaurlaritzatik: “Eusko Jaurlaritzaren laguntza hau jasotzeko, garraio operadore desberdinek hobariaren gainerako % 10a ordaintzeko konpromisoa hartu behar dute”.

Bestalde, garraio publikoko bonuen deskontuak automatikoak izango dira eta irailaren 1etik abenduaren 31ra bitartean jarriko dira martxan. Neurri sozial eta ekologiko bat da, eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolaren hitzetan, “herritar guztiei mesede egingo die, batez ere erdiko klaseei eta langileei, garraio publikoa suspertu eta sustatzera, garraio pribatuaren indarra ahultzera eta, horrekin batera, CO₂ emisioak murriztera bideratua”. “Gure interesa da –gaineratu du sailburuak– neurria modu koordinatuan eta hobari- ehuneko berarekin ezartzea Euskadiko operadore guztietan, onura orokorra izan dadin eta pertsona guztiei berdin eragin diezaien, erabiltzen duten garraio mota eta bizi diren Euskadiko lekua edozein izanik ere. Euskal Ogasunak ahalegin handia egingo du horretarako”. Euskotrenek, EGA egin ondoren Arriola sailburuak aurreratu zuen bezala, deskontuaren % 50 aplikatuko du Eusko Jaurlaritzaren mendeko sozietate publikoak erabiltzen dituen garraio modalitate guztietan.

03/08/2022