Araba

Hezkuntza komunitatearen parte hartzeari buruzko jardunaldia egingo dute EHIGEk eta HEIZEk Gasteizen ostiralean

Informazio horretatik kanpoko irudia. / DNA

EHIGE Euskal Herriko Ikasleen Gurasoen Konfederazioak eta HEIZE Euskal Eskola Publikoaren Zuzendaritza Elkarteen Federazioak hezkuntza komunitatearen parte hartzeari buruzko jardunaldia antolatu dute, KomunitateAGO. Euskal Eskola Publikoa elkarrekin izenburupean, eta Gasteizko Salburua auzo etxean egingo da, ostiralean, otsailaren 7an.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, topaketak jarraipena eman nahi dio pasa den abenduan aurkeztu zuten 'Eskola kontseiluak ebaluatzeko eta hobetzeko tresna' dokumentuari, eta, besteak beste, parte hartzea zailtzen duten faktoreak eta berauek gainditzeko proposamenak, hezkuntza komunitateko kide guztien parte hartzea sustatzeko klabeak eta espazio ez-formalen garrantzia izango ditu hizpide.

"Jardinaldiaren helburua da euskal eskola publiko parte hartzaileagoa eta, ondorioz, demokratikoagoa eraikitzen jarraitzea", azaldu dute.

Eskola gobernantzan aditua den Jordi Colletek egingo du inaugurazio ponentzia. Viceko Unibertsitateko Hezkuntzako Soziologiako irakasle titularrak gaiaren esparru kontzeptuala definitu eta ibilbide historikoa egingo ditu. Ondoren, 25 urteko ibilbidean zehar bildu dituen hezkuntza pista batzuk eskainiko ditu.

Ondoren, bi esperientzia praktiko ezagutzeko aukera izango da: alde batetik, Lezo herri eskolak azalduko du zuzendaritza eta guraso elkartearen arteko harreman estuak dituen abantailak, eta, bestetik, Zaldibiako Lardizabal eskolak azalduko du zer nolako ekimenak egiten dituzten familia guztien parte hartzea bermatzeko.

Jardunaldia amaitzeko, argitaratu berri duen Nola parte hartu eskola-kontseiluetan gida aurkeztuko du EHIGEk. Eztabaida taldeak egingo dira ondoren eta, bukatzeko, ikastetxeetan parte hartzea hobetzeko "erreminta kutxa" osatuko da.

07/02/2025