Buscar
Bizkaia

Hidrogenoz propultsatutako autobus batekin egin ditu probak Bizkaibusek

Miguel Ángel Gómez Viar, Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatua.
Miguel Ángel Gómez Viar, Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatua.

Joan den astean, Bizkaibusek proba egin du hidrogenoz propultsatutako autobus batekin. Proba hori bigarren zirkulazioko eta erregaia hartzeko proba izan zen, flotan gero eta ibilgailu garbiagoak eta jasangarriagoak sartzeko ideiarekin.

Ibilgailu horiek, batetik, Bizkaiko hiri-lineen zerbitzuaren kalitatea bermatuko dute, eta, horri esker, aurrera egin ahal izango da "zero emisio" kutsatzaileko mugikortasun-eredua sustatzeko bidean. Horregatik, azken urteotan ahalegin etengabea egiten ari da ingurumen-jasangarritasunaren arloan gero eta berritzaileagoak diren irtenbideak dakartzaten ibilgailuak probatzeko.

Oraingoan, Caetano Bus fabrikatzailearen H2.Cyty Gold modeloa erabiliko da Bizkaibusen lineetan. Modelo horren akziodun nagusia Toyota Motor Europe da. Ibilgailu horren motorra soil-soilik elektrikoa da, eta % 100 hidrogenoz elikatutako erregai-pila batek sortzen duen energia elektrikoaren bidez bultzatzen da. I. motako autobusa da, zoru baxukoa, 12 metroko luzera du eta 87 bidaiarirentzako edukiera. 180 kW-ko motorra eta 400 km-ko autonomia ditu % 100ean kargatzen bada, hau da, 350 bar-eko presio maximoarekin.

H2.Cyty Gold ibilgailuak erosotasun- eta irisgarritasun-maila altua eskaintzen dizkie erabiltzaileei. Sabaian kokatutako bateriek, hidrogeno-tangek eta erregai-pilak barruko espazioa optimizatzen dute, eta zabalago bihurtu.

Ekainean Solarisek lagatako Urbino 12 Hydrogen modeloarekin egindako probaren ondoren, Bizkaibusek hidrogenoz propultsatutako autobus batekin egiten duen zirkulazioko eta erregaia hartzeko bigarren proba erreala da hau.

Aurreko aldian bezala, ibilbide errealetan egingo dira probak, autobus titularrari jarraituz, Bizkaian hiri-trazadura gehien dituzten hiru eskualdeetan: zehazki, Ezkerraldea-Meatzaldean, Nerbioi-Arratia-Durangaldean eta Txorierri-Mungialdean.

Erregaia hartzeko probak Carburos Metálicos enpresak instalatutako hidrogenera eramangarri batekin egingo dira. Enpresa horrek hidrogeno berriztagarria ere hornituko du.

Miguel Ángel Gómez Viar Garraioak eta Mugikortasun Jasangarria Sustatzeko diputatuak azpimarratu du hidrogenoaren teknologia oso emaitza onak ematen ari dela pertsonen errepide bidezko garraioaren deskarbonizazio-prozesuan, eta, beraz, aukera ona dela ikusteko nola egokitzen den Bizkaibus zerbitzuaren ezaugarrietara, eta aurrera egiteko Bizkaiko errepide bidezko bidaiarien garraio publikoan emisio kutsatzailerik gabeko autobusak sartzeko prozesuan.

2022-09-06T15:17:02+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo