35 egunetan ikasi dezakegu hikaz egiten. Euskara erregistro hau, tradizioz, beti transmititu izan da gurasoengandik seme-alabengana baina, gaur egun, txikitu egin da eta pertsona gutxiagok egiten dute. Galera hori arintzeko, Badihardugu euskara elkarteak eta CodeSyntaxek aplikazio bat sortu dute.
Appa Hi! deitzen da aplikazioa eta modu didaktiko batean, oinarri teoriko pixkat eta jolas itxurako antolaketa batekin, 5 astetan hitanoaren oinarriak ikasteko gakoak eskaintzen ditu. Onda Vascako Gipuzkoako Kale Nagusia saioan hala adierazi digu Asier Sarasuak, Badihardugu elkarteko kideak eta CodeSyntax enpresako langileak. Sarasuak azaldu bezala, atal teorikoa jolasekin uztartzen da "hitanoaren alderdi teorikoa eta aditz-taulak aurkezten ditugu, baina ikasketa prozesuaren funtsa galdera-erantzun estiloko jokoa da eta edozein euskara-maila duen pertsonei bideratuta dago".
Egunero tartetxo bat eskaintzearekin nahikoa dela dio Sarasuak "egunero 10-15 minutu praktikatzen badituzu, 5. astean hikan solasean egingo duzu". Galdera guztiei zuzen erantzunez gero, hurrengo egunean beste pilula bat egiteko aukera izango duzu. Eta aste bukaeran errepaso bat egongo da, eta maila bat igotzeko aukera. Guztira bost maila dira gainditu beharrekoak, aste bakoitzeko bat. Nor berak bere erritmora egin dezake prozesua. Egunero pilula bat osatuz gero, azkarrenak 5 astean lortuko du atal guztiak osatzea eta hitanoaren oinarri guztiak lantzea.
Euskara batuko aditz eta galderekin batera, Appahi! aplikazioak herrietako hizkeretako hitanoko formak ere eskainiko ditu. Dagoeneko Oñatiko ikasgaiak daude eskura baina lanean ari dira datozen hilabeteetan herri gehiagotako adizkiak eta galderak sortu eta plazaratzeko.