Gipuzkoa

Hilabete osoan musikak eta kale-antzerkiak hartuko dute Andoain

Uztailaren 9an hasita, hainbat ekitaldi eskainiko ditu ‘Kale giroan’ egitarauak, guztiak doakoak
Udal ordezkariak egitarauaren aurkezpenean. | ARGAZKIA: N.G.

Uztail osoan zehar eskainiko diren doako emanaldiek osatuko dute aurten ere Kale giroan kultur egitaraua Andoainen. Musika eta kale-antzerkia izango dira protagonista, denetariko proposamenekin.

Uztailaren 9an hasiko da egitaraua. Hortzmuga taldearen Bidearen amaiera kale-antzerkia iragarri dute Goikoplazan (20.00etan) eta “kaleko komedia emozional” gisa aurkeztu dute egileek.

Uztailaren 14an Izaro abeslari ezagunak hartuko du lekukoa. Abeslariak emanaldi akustikoa egingo du oso leku berezian, Otietan (Leitzaran), Limones de oro diskoa aurkezteko. Lan horretakoekin batera, bere ibilbideko kantarik ezagunenak ere joko ditu. Sarrera doakoa bada ere, gonbidapena eskuratu behar da online (Kutxabank) edo Bastero Kulturguneko leihatilan. Iaz egin bezala, hiribus zerbitzu berezia eskainiko da.

Kale-antzerkiarekin bigarren zita uztailaren 16an izango da, Goikoplazan (20.00etan). Cía Barsanti & Mamacrea taldeak Akabo lana aurkeztuko du, proposamen ikusgarri bat duena, gainera. Altuera batera igo eta bere buruaz beste egitera doala dioen pertsonaia batekin hasten da saioa. Probokazio honekin, suizidioaren gaiaren inguruan dauden hamaika tabu hartu nahi dira hizpide.

Musikarekin jarraituz, bi izen beterano eta proposamen gazte eta berritzaile batek osatuko dute Kale giroan egitaraua. Urtz taldeak uztailaren 23an egingo du kontzertua Goiburuko plazan (22.00etan) eta uztailaren 25an Joseba Tapia trikitilari izaguna igoko da Goikoplazako oholtzara bere bederatzigarren lana, Egon edo ez egon aurkezteko.

Azkenik, aniztasunez jositako egitaraua borobiltzeko, musika elektronikoa ardatz duen proposamen hirukoitza izango da. Uztailaren 29an Merina Gris, J.Martina eta Zigor DZ-k jardungo dute Etxeberrieta plazan. Merina Gris pop elektronikoa egiten duen hirukotea da, Zerua orain lana argitaratu berri duena. Gaur egungo pop elektronikoarekin guztiz lerratutako proposamen musikala da hirukote honena. Ildo elektroniko bertsutik baina trap doinuetarago jota, J.Martina taldeak ere joko du uztailaren 29ko hitzorduan. Gaua ixteko Zigor DZ, Esnebeltzaren Dj ezagunak, dantzaraziko du publikoa.

02/07/2022