Araban (eta Euskadin) hildako pertsonen kopuruak gora egin du aurtengo lehen hiruhilekoan, iazko epe berarekin alderatuta. Eustat Euskal Estatistika Erakundeak egindako azken txostenaren arabera, aurtengo urtarrilean, otsailean eta martxoan Euskal Autonomia Erkidegoan guztira 6.431 hildako izan ziren. Datu horrek aurreko urteko epe berean baino %7,3 gehiago egin du gora. Lurraldeka, nabarmentzekoa da Araban hildakoen kopurua ia bederatzi puntu igo dela, ehunekotan.
Hala, eta ildo horretatik, Heriotzen Estatistikan zehazten denez, aurtengo lehen hiruhilekoan, Euskadiko Autonomia Erkidegoan 6.431 heriotza izan dira, aurreko urteko aldi berean baino %7,3 gehiago: “Datuak aurreko urtekoekin erkatzean ikusten dugu 2022ko lehen hiruhileko honetan heriotza kopurua 2021ean (5.994), 2019an (6.011)) eta 2010etik 2019ra bitarteko batezbestekoa (5.813) baino handiagoa izan dela, eta 2020koa (6.522) baino baxuagoa”. Hiru lurraldeetan, gora egin dute heriotza kopuruek, eta hazkuntzarik handiena Gipuzkoan izan da; bertan, %10,3koa izan da (2.156 pertsona). Araban, heriotza kopuruak %8,9 egin du gora (831 hildako), eta, Bizkaian, %5,1 (3.444 hildako). Sexuari dagokionez, 3.279 emakume eta 3.152 gizon hil dira; alegia, %10 egin du gora heriotzak emakumeetan eta %4,6, gizonetan. “Lehen hiruhileko honetan izan diren heriotzen artean, 11 (%0,2) urtebetetik beherakoak izan dira eta 112 (%1,7), ehun urtetik gorakoak”, azpimarratu dute.
Ildo horretatik, azpimarratzekoa da tumoreak eta zirkulazio-sistemako gaixotasunak izan zirela heriotzen arrazoi nagusiak. Bi gaixotasunek 1.569 heriotza (tumoreak) eta 1.509 heriotza ( zirkulazio-sistemako gaixotasunetan) eragin zituzten guztira. Beraz, bi gaixotasun horien artean heriotza guztien % 47,9 kokatzen da. Horien ondoren, covid-19a izan da euskal herritarren artean heriotza gehien eragin duena. “Heriotza-kausa nagusiak tumoreak eta zirkulazio-sistemako gaixotasunak izan dira; 1.569 eta 1.509 heriotza, hurrenez hurren. Alegia, bi horiek heriotzen % 47,9 izan dira. Heriotzaren hirugarren kausa covid-19a izan da, 761 kasurekin (% 11,8). Nerbio-sistemaren kausengatiko heriotzak laugarren heriotza-kausa izan dira, 409 heriotzarekin (% 6,4). Arnas sistemaren gaixotasunengatiko heriotzak 378 izan dira (% 5,9), eta digestio-sistemaren gaixotasunengatikoak, 272 (%4,2)”, gaineratu dute. Hala ere, emakumeen eta gizonen artean bada alde bat, gaixotasun batzuk ohikoagoak baitira emakumeetan eta beste batzuk gizonetan. Horregatik, txostenean zehazten dute heriotzen arrazoiak sexuaren arabera desberdinak izaten jarraitu zuela. Gizonen artean, tumoreek zirkulazio-sistemako gaixotasunak gainditu zituzten. Emakumeen artean, zirkulazio-sistemako gaixotasunak izan ziren kausa nagusia, eta tumoreek bigarren tokia hartu zuten. Zirkulazio-sistemako gaixotasunak asko dira. Hauek dira nagusiak: infartua, hipertentsioa, arritmiak edo bihotz-gutxiegitasuna. Bestalde, Euskadiko Autonomia Erkidegoko hazkunde begetatiboa negatiboa izan da 2022ko lehen hiruhilekoan, behera egin baitu (3.144 pertsona gutxiago). Hiru lurraldeetan, biztanleria galdu da: Bizkaian, 1.753 pertsona; Gipuzkoan, 1.103, eta, Araban, 288.
Heriotzak, lurraldeka
Covid-19arekin lotutako heriotza kausei jarraiki, lurraldeen arabera, zifrarik altuena Bizkaian izan da (390); ondoren, Gipuzkoan (266) eta, gero, Araban (105). Hiriburuei dagokienez, Bilbo nabarmendu behar da (131 heriotza covid-19ak eraginda), gero Gasteiz(83) eta, azkenik, Donostia (57). Getxo (29) eta Barakaldo (26 heriotza) ere nabarmendu beharreko udalerriak dira. Gizonen heriotza-kopuruak (427) emakumeena (334) gainditu du. Adinen arabera, eragin gehien jasan duten taldeak 80 urtetik gorakoena (522) eta 60-79 urte artekoena (214) izan dira. “Heriotza horiek, nagusiki, EAEko ospitaleetan gertatu dira (%79; %82,9 2021eko lehen hiruhilekoan), eta, ondoren, egoi-tza soziosanitarioetan (%10,6; %8,7 2021eko lehen hiruhilekoan), etxeetan (%10,1; %8 2021eko lehen hiruhilekoan) eta beste leku batzuetan (%0,3; %0,4 2021eko lehen hiruhilekoan)”, azpimarratu dute txostenean.
Bestalde, nabarmentzekoa da Eustatek egindako aurreko azken estatistiketan heriotzak jaitsi egin zirela. Izan ere, 2021ean 23.073 pertsona hil ziren Euskal Autonomia Erkidegoan, hau da, 2020an baino %4,8 gutxiago. Lurraldeka, jaitsierarik nabarmenena Araban izan zen (%9,1), ondoren Bizkaian (%5,7) eta azkenik Gipuzkoan (%1,6). Heriotzen %7,3 covid-19ak eragin zituen 2021ean, eta guztira 1.682 heriotza izan ziren, 2020an baino %45,7 gutxiago. “2021eko heriotzen guztizkoa kontuan hartuta, 11.565 gizon eta 11.508 emakume hil ziren, eta 2021ean hildako pertsonen batez besteko adina 81 urtekoa izan zen; hamar urte lehenago, 2011n, 78,2 urtekoa izan zen, hau da, batez besteko adinak 2,8 urte egin du gora azken hamarkadan”, zehaztu zuten orduan. Azkenik, gizonak batez beste 78 urterekin hil ziren eta emakumeak 84 urterekin 2021ean; 2011n, berriz, batez bestekoak 74,8 eta 81,8 urte izan ziren, hurrenez hurren. Ondorioz, “azkeneko 10 urteotan, gizonen batez besteko heriotza-adinak gora egin du 3,2 urte, eta emakumeenak 2,2 urte”.