Berotze globalak, Arabako lurraldeari edo Euskal Autonomia Erkidego osoari ez ezik, mundu osoan eta bereizketarik gabe eragiten du, eta, horregatik, garrantzitsua da ahal den neurrian kutsadura geldiaraztea eta planetari ahalik eta modu guztietan laguntzea. Ildo horretatik, azken azterlan batek adierazten du hiriek ez dutela behar adina aprobetxatzen naturak eskaintzen duen potentziala. Azterlana Basque Centre for Climate Change zentroak (BC3) egin du Almeriako Unibertsitatearekin batera, Marta Olazabal eta Unai Pascualen (Ikesbasqueko ikertzaileak) laguntzarekin.
Hala, txosten hori kritikoa da hiriek baliabide naturalak eta testuinguru guztietan duten ahalmena aprobetxatuz ingurumena zaintzeko duten moduari dagokionez. Hau da, naturan oinarritutako soluzioak (NoS) estrategia kritikotzat jo dira klima-aldaketa arindu eta horretara egokitzea xede duten asmo handiko helburu globalak lortzeko eta biodibertsitatearen galera gelditu eta buelta emateko. Soluzio hauen aldekoek beren-beregi nabarmetzen dute NoSek eremu horietako bakoitzean eragiteko duten gaitasuna, giza-ongizateari zein ekosistemaren osasunari dagozkien onurak turrustan sortuz. Klima-bioaniztasuna-gizartea delako loturaren ideia hori Klima Aldaketari buruzko Gobernuarteko Panelak eta Biodibertsitateari eta Ekosistemen Zerbitzuei buruzko Gobernuarteko Panelak argitaratu berri duten baterako txostenean jaso da. Ikerketa honetan zehaztutako lehen ondorioaren arabera, NoSak erabiltzen dituzten proiektuek arreta handiagoa eman behar diote testuinguru bakoitzean klima- bioaniztasuna-gizartea loturaren inguruko erronkei heltzeko baliatu den moduari. Izan ere, ikerketak argi utzi du aztertutako “NoSen % 2k baino ez dutela kontuan hartu klima- aldaketaren etorkizuneko inpaktuek NoSetan bertan izango duten eragina”, zehaztu dute ikertzaileek. BC3 zentroari atxikitako Marta Olazabal Ikerbasqueko ikertzaileak adierazi duenez, “prozesu naturaletan oinarritutako soluzioak izanik, NoSen inguruan erabilitako landare motak pertsonak bezain kalteberak dira klima-aldaketaren aurrean. Horregatik, etorkizunean onurak ekar ditzaten, NoSak klima-baldintza aldakorrekiko erresistentzia bermatuz diseinatu behar dira. Adibidez, espezieek tenperatura altuekiko erresistentzia izan behar dute zenbait lekutan, eta baldintza lehorragoekiko erresistentzia beste batzuetan”.
Testuinguru horretan bertan, txosten honetatik ekintzak presaz egitea gomendatzen dute: “Klima-aldaketarekiko kalteberatasuna modu osagarri askotan murriztu daiteke, eta murriztu behar da, NoSen bitartez”. Hala ere, ikerketa honetan, egileek egiaztatu dute egungo NoSak batez ere esposizioa murrizteko diseinatuta daudela eta “ez dutela funtzionatzen klima-kalteberatasunaren beste ikuspegi batzutatik erabilita”. Kasu gehienetan, NoSak klima-arriskuekiko esposizioa murrizten saiatzen dira, eurite handiak desbideratuz uholdeak saihesteko (uholde-parkeetara, adibidez).
“Etorkizunean, NOSek hirietako biztanleen beharrei heldu beharko diete, egokitze-estrategiak etxean eta hirian bertan garatzeko (adibidez, ura biltegiratzea eskasia dagoenerako) edota arriskuen inpaktua murrizten saiatzeko (adibidez, etxeak eta apartamendu-blokeak hozten laguntzea)”, azaldu dute.
Konponbidea
Azkenik, Naturan Oinarritutako Soluzioak hirietan epe luzeko egiazko aldaketa eraldatzailea sortzeko duen gaitasuna da ikerketa honetan aztertu den beste alderdi bat. “Horretarako, proiektuek sistema ekologikoan, gizartean zein hiriko azpiegituran duten eragina aztertu dute, eta proiektuen % 15ek baino gutxiagok esparru horietako edozeinetan gaitasun eraldatzailea dutela ondorioztatu dute. Egileen iritziz, joera horiek estu-estu lotuta daude gizarte-konpromisorik ezarekin (azaletik egindako kontsulta publikoetatik haratago), hiri-biodibertsitatearen baldintzak hobetzeko ikuspegi mailakatuarekin edota proiektuak hiri osoko hiri-plangintzarekin duen lotura mugatuarekin”, azpimarratzen dute txostenean. Aipatzekoa da joera horiek ez direla berdinak eskualde guztietan, eta Latinoamerikako eta Afrikako hirietako direla nagusi eraldaketa ekologiko eta sozialarerako bidean, ondorioztatzen dutenez.
Xehetasunez
Gomendioak. Naturak eskaintzen dituen baliabide naturalak aprobetxatzea funtsezkoa da berotze globalaren aurka egiteko. Horretarako, garrantzitsua da hiri guztiek modu eraginkorragoan aprobetxatzea naturak izan ditzakeen baliabideak. Azterketa baten arabera, hiriek ez dute behar adina aprobetxatzen naturaren potentziala. Halaber, txosten horrek hainbat irtenbide eta alternatiba eskaintzen ditu, hiri guztiek lehenbailehen erabil ditzaten. Gomendio desberdinen artean, magnitude honen azterketa sistematikoa egiteko erabil daitezkeen informazio-motekin lotuta dago. Analisi honetarako oinarritzat erabili den informazioa proiektuei buruzko informazioa duten mundu osoko hainbat datu- basetatik jaso da. Ikerketako buru izan den Sean Goodwin ikertzailearen hitzetan, “gure lanean, garrantzitsua zen mundu mailako hainbat ikuspuntutako informazioa sartzea, ez bakarrik Ipar Globalekoa. Horregatik datu-base horiek izan dira eskualde mailan ordura arte baino aniztasun handiagoko informazioa lortzeko izan dugun aukerarik onena”.
Europatik. Hala ere, azpimarratzekoa da datu-base horietako proiektuen % 63 Europatik datorrela, eta ikerketa honen egileek adierazi duten bezalaxe, garrantzitsua da hainbat ikuspuntu bilduko dituen mundu mailako informazioa sartzea. Horregatik, etorkizunera begira, laguntza handiagoa beharko da tokiko baldintza eta esperientzia anitzak erakusten dituen testuinguruko informazio kritikoa gal ez dadin.