Urrutira joan gabe, gure inguruek ere hainbat txoko ezagutzeko aukera ematen dute udan. Mendi inguruak izaten askotan ezezagunenak. Zizurkilen hiru ibibilbide prestatu dituzte hobeto ezagutu eta, bide batez, bertako nekazaritza, izaera, paisaia, kultura eta ondarea erakusteko. Zizurkilgo erreka eta mendiak, Eskeltzu gailurra eta Atxulondo inguruak ezagutzeko aukera dago.
Herritar zein bisitariek luzera eta zailtasun ezberdina duten hiru ibilaldi dituzte eskura, herriko eragileekin elkarlanean Zizurkil, baserri herria irudia eta leloa landu ondoren. Aipagarria dea bereziki Hernandorena Kultur Elkarteak egin duen ekarpena. “Turismo jasangarriaren aldeko apustua egiten dugu, txoko ezberdinak patxadaz eta modu lasaian bisitatzeko aukera eskaini nahi dugu”, azaldu du Iker Urruzola alkateak.
Zizurkilgo hiru ibilbide berriak dagoeneko Tolosaldeko mendi ibilaldi homologatuen gidan txertatuta daude. Ibilbideen homologazio eta matrikulazioak hilabeetako lana eskatu du eta ondoren, Gipuzkoako Mendi Federazioak berak hartu ditu bideak balizatu eta seinaleak jartzeko lanak.
Zizurkilgo txokoak erakusterako orduan, argi zuten Atxulondoko burdinola horietako bat zela. Zizurkildarrek ondo ezagutzen dute burdinolaren izena, baina askok ez dakite non dagoen. Bertara iristea ez da erraza eta ibilbidea markatzea eskatzen zuen.
Erakustea merezi duen beste gune bat da Eskeltzu. Zizurkilgo iparraldean dagoen mendia da, historikoki larre-gune gisa erabili dena eta ikumira ederra duena. Ibilbide zirkularra prestatu da bertan, familian egiteko modukoa.
Ibilbide luzeena berriz, herrigunetik atera eta zirkularra da, hamaika kilometro ingurukoa. Baserri pasaia da nagusi eta nahi izanez gero, beste bi ibilbideekin lotzen da. Oso ibilibide sare osatua da, maila ezberdinei egokitua dagoena. Modu honetan, paneletan aurki daiteke informazio osoa; zailtasuna, altimetria eta abar. Ibilbide bakoitzeko panel bana diseinatzeaz gainera, Ezkeltzun eta Atxulondon panel interpretatibo bana jarri du, ingurune esanguratsu horietako zehaztapenak emanez. Julen Larruskain arduratu da bost panelen diseinuaz.
Joxin Azkue Hernandorena taldeko kidearen iritiz, Zizurkil ondo ezagutu daiteke hiru ibilbide hauen bidez eta Atxulondo inguru “magikotzat” jotzen du. Ibilbide honetan Zarateko Benta trikuharria ikusi daiteke eta aurrera jarraituta iritsiko da ibiltaria Atxulondora. Ingurune natural ikaragarrian dago eta burdinolaren arrastoak daude. Hainbat erreka biltzen da bertan eta toki zoragarria da.
Bide luzeena, zirkularra da. Anda-tza eta Atxulondo inguruak zeharka-tzen dute, nekazal-ingurune oso polita. Errekari jarraituz hasten da bidea eta gora iritsitakoan, Pagamendi baserrira iristen da. Handik, Eskeltzu mendiaren magaletik Zarateko bentara iristen da, oso toki estrategikoa. Handik behera eginez, Irizibarko karobira iristen da ibilbidea. Karobi zaharra da, Irizibar baserriko kideek mimo handiz zaindua eta ikusteko oso polita. Baserriz baserri iristen da ibiltaria plazara, landa eremua oso ondo ezagutuz.
Azken ibilbidea, Eskeltzukoa da. “Familian egiteko moduko” ibilbidea prestatu dute. Zizurkilgo gailurra da Eskeltzu eta ikusmira zoragarria du, izan ere, itsasoa ere ikus daiteke. Bertako larreak, sarobe-harriak eta elurzuloa ere ikusteko aukera ematen du ibilbideak. Tontorrean zegoen elurzuloa eta Donostira eramateko izotza egiteko erabili zuten urtetan. Haren arrastoak oraindik bertan daude.
Ibilbideak
PR-Gi 117 Zizurkilgo erreka eta mendiak. Ibilbide zirkularra. 11,1 kilometro. lau orduko iraupena. 585 metroko desnibela. Zailtasun altua. Ibilbidea herriguneko Pello Mari Otaño plazan hasi eta amaitzean da. Baserri batzuk zeharkatu eta gero, ibilbidea Salobietaerrekaren ibarretik igarotzen da. Zizurkilgo ekialdeko muga lerroa errekak markatzen du. Bideak Eskeltzu mendiaren magalera eramaten du, eta bertatik beherako pista hartuta, Zarateko Benta pasoko lekura doa, distantzia laburrera Irizibarko karobia bisitatu daiteke.
SL-Gi 27 Atxulondo bira. 4,3 kilometro. Ordubete eta hamar minutuko iraupena. Zailtasun txikia. Urrutien dagoen herriko tokia da. Atxulondoko burdinolarako bidean Neolitiko garaiko trikuharri bat bisitatu daiteke.
SL-Gi 26 Ezkeltzuko larretan zehar. Ibilbide motza. 3,4 kilometro. 50 minutuko iraupena. 127 metroko desnibela. Zailtasun txikia. Peruazkarateko aparkalekutik abiatuta, ordubete inguruko buelta antolatu dute, “familia giroan egiteko”. Itsasoa ikus daiteke, Sarobe harri bat edota elur zuloa.