Gipuzkoa

Hitanoa ikasteko aplikazioa sortu dute Zumaian

Appstoren eta Playstoren jaitsi daiteke ‘Appa Hi!’ jolasa eta 35 eguneko ikaskuntza-prozesua da
‘Appa Hi!’ aplikazioaren aurkezpena udaletxeko pleno aretoan.
‘Appa Hi!’ aplikazioaren aurkezpena udaletxeko pleno aretoan. / Zumaiako Udala

Zumaiako Udalak eta Badihardugu kultur elkarteak Appa Hi! aplikazioa sortu dute. Zumaiako hitanoa modu erraz eta dinamikoan praktikatzeko aukera emango duen tresna berria da.

Aitor Manterolak, hezkuntza eta euskara zinegotzia, azaldu duenez, tresna honek euskara eta hitanoaren “biziberritzea sustatzeko aukera paregabea eskaintzen du, belaunaldi berriei formatu digitalean hika erabiltzeko aukera emanez”. Gauzak horrela, aplikazioak bost asteko ikaskuntza-prozesua proposatzen du, eguneroko pilula didaktikoen bidez, eta taldekako lehiaketak egiteko aukera eskaintzen du.

"Eskoletan erabiltzeko tresna aproposa"

Xabier Azkuek, euskara teknikaria, nabarmendu du “eskoletan erabiltzeko tresna aproposa” dela. Halaber, genero ikuspegitik ere baliagarria da aplikazioa: “mutilek hika gehiago erabiltzeko joera badute ere, forma okerrak erabili ohi dituzte edo aditz-formak asmatzen dituzte. Bestalde, emakumeei noka egitearen ohitura ia galduta” dagoela azpimarratu du. Horregatik, Emakumeen Etxea eta Euskaraldia bezalako ekimenekin batera, “nokaren erabilera sustatzeko lan egiten ari dira”.

Aplikazio berri hau belaunaldi guztientzat egokia hitanoa modu arinean eta errazean praktikatzeko aukera emanez. Horregatik, Manterolak zumaiarrak animatu nahi ditu Appa Hi! aplikazioa deskargatzera eta egunerokoan hitanoa erabiltzeko ohitura sustatzera.

Aplikazioaren bitartez, ikasitakoa praktikan jartzeko aukera izango da maiatzeko Euskaraldian. Zirhika taldearen ekimenez, herri askotan hika egiteko aukera emango zaie izena ematen dutenei, eta baietz esaten dutenek H letradun txapa bat jasoko dute. Euskaraldiaren egitarauan ere jarduera bereziak antolatuko dituzte.

Bost astean hitanoaren oinarrizko ezagutza eskuratu ahal izango da

Aplikazioa doan jaitsi daiteke Appstoren edo Playstoren bidez. Erabiltzaileek aukera izango dute toka edo noka modalitatea hautatzeko eta eguneroko pilula didaktikoak jasotzeko. Ikaskuntza-prozesua 35 egunekoa da, eta egunean pilula bat eskainiko du, azalpenak, marrazkiak eta bideoak barne. Horrez gain, galdera-erantzunen bidez ikasitakoa praktikan jartzeko aukera emango du. Mailaz maila aurrera egin ahala, bost astean hitanoaren oinarrizko ezagutza eskuratzea posible izango da.

Material osagarri moduan, irudiak, bideoak eta testuak eskaintzen ditu aplikazioa. Edukia prestatzerako garaian, Zumaiako Udalak duela 25 urte argitaratutako hitanoari buruzko liburua erabili dute oinarri gisa. Hala ere, hainbat erronka gainditu behar izan dituzte, hala nola forma desberdinak lehenestea eta hutsune linguistikoak betetzea. Gainera, emakumeen ahotsen falta ere antzeman dute. Hori berdintzeko, duela 15 urte Zer Diyon antzezlanean grabatutako Zumaiako emakume batzuen ahotsak baliatu dituzte.

Esan bezala, udalaren konpromisoa ez da berria, 1997an hasi zuen bidea, hitanoa aztertzeko beka batekin. Ordutik, Udalaren babesarekin hainbat ikerketa egin dira, herriko hizkera, toponimia eta euskararen historia sozialari buruz. Duela 25 urte Xabier Azkuek idatzi zuen hitanoari buruzko liburua. Duela 15 urte ikastetxeetan lantzeko unitate didaktikoak ere prestatu ziren. Informazio gehiago lor daiteke Zumaiako Udalaren webgunean.

2025-03-25T20:46:32+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo