Buscar
Gipuzkoa

Hitz egingo al dugu kuadrillan gehiago euskaraz?

Gazte talde bat EHUko kanpusean solasean
Gazte talde bat EHUko kanpusean solasean

Gazteenen artean, euskararen erabilera bultzatzeak konplizitatea eskatzen du. Udalak eta euskararen erabilera sustatzen diharduten beste eragile batzuek ekimen motibatzaileak aktibatzearen aldeko apustua egin dute.

Bagera elkartearen eskutik, 18 eta 25 urte bitarteko gazteak protagonista dituen Mintzakuadrillak egitasmoa bultzatu nahi du Donostiako Udalak.

Bageran hartu eman horretaz arduratzen den pertsona, lagunartean euskararen erabileraren maila dela-eta nolabaiteko kezka agertu duten kuadrillekin harremanetan jarriko da, astean behin gutxienez euskararen erabileraren aldeko apustu kontzientea egin eta solasean euskaraz egin dezaten.

"Kuadriletan hizkuntza-ohiturei buruzko gogoeta egitea da helburua. Sarritan gaztelaniaz hitz egiteko joera izaten baitute, edota bi hizkuntzak nahastekoa, ia konturatu gabe", azaldu du Alex Aisa Udaleko Euskara Zerbitzuko teknikariak. "Ea horrela, gai horri buelta bat eman eta ahalegina egiteko gauza izaten diren. Sentsibilizazio lana da".

Sareak ehuntzeaz arduratuko diren gazte batzuk egingo dituzte hartu-emanak, emaitzak oso gorabeheratsuak izan arren. "Kuadrilla batzuek amore eman dute, jakin badakigu, ordea, beste batzuek hizkuntza-ohiturak aldatzea lortu dutela. Ahalegin hori egitea borondatezkoa da, noski, eta ezinbestekoa da lagunarteko kide batzuek behintzat, kezka hori izatea". Joan den ikasturtean, 250 gazte inguru biltzen zituzten 20 bat kuadrillak parte hartu zuten egitasmoan.

Bada beste ekimen bat, Donostiaren kasuan behar bezala gauzatu ez dena. "Gazte batzuek jabetzen dira ingurune erdaldunean bizi direnaz, eta euskara gehiago erabili nahi izaten dute ez galtzearren. Mintzalaguna egitasmoa, nagusiki 50 urtetik gorakoen artean erabiltzen da, jatorrian ekimena gazteengan pentsatuta bultzatu arren, euskaraz hitz egin nahi zutenak elkartzeko asmoz. Egia esan ez du guk nahi bezala funtzionatu", aitortu du Aisak.

Euskara Zerbitzuak sustatzen duen beste ildo bat, aisialdiko eta kirol jardueretako begiraleak prestatzea izaten da, euskararen erabilera bultza dezaten.

Izan ere, Eusko Jaurlaritzak berak, kirolean euskararen erabilera bultzatuko duten ekimenak indartu nahi baititu.Udaleko Euskara Zerbitzuak aspaldi ekin zion helburu horri erantzuteko lanari. "Klubetara joan eta zuzendaritzarekin hitz egiten dugu, euskararen erabilera sustatzen lagunduko duten begirale euskaldunak izatearen garrantziaz jabetu daitezen". "Begirale euskaldun horiek euskara erabiltzearekin funtsezko urratsa ematen da, maila desberdinetan eredu direlako. Eta euskararen erabileran ere eredu izatea nahi dugu", azpimarratu du Aisak.

Behin entrenatzaileak prestatuta daudenean, Euskara Zerbitzuak "jarraipena" egin dezake, entrenatzen dituzten talde horiek euskararen erabilerari buruz zer nolako jarrera duten aztertzeko.

"16 urtez azpiko neska-mutil kirolari horiek ez dute jakiten jarraipen hori egiten ari garenik, benetako egoera aztertu nahi dugulako. Frogatuta dago, ordea, entrenatzaileak euskara erabiliz gero, horrek eragin zuzena duela kirolari gazteen artean", nabarmendu du udal teknikariak.

Gaur egun, 20 kirol-klubekin dabiltza lanean, guztira 163 talderekin, 2.000 haur ingururengana iritsiz; eta Udalaren asmoa programaren jarduera-eremu hori zabaltzea da.

"Ahalegin horretan talde gazteenetatik hastea eskatzen diegu klubei, ahalegin progesiboa izatea, alegia", esan zuen Aisak amaitzeko.

2022-03-20T10:22:06+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo