Buscar
Actualidad

‘Hitzak lege’, euskararen arrastoa zuzenbidean

Euskaltzaindiak eta euskararen lurraldeetako erakunde legegileek elkarlanean antolatutako erakusketa ibiltariak historian zehar euskarak testu juridikoetan izan duen presentzia aztertzen du.
Sagrario Aleman euskaltzaina, erakusketan azalpenak ematen.
Sagrario Aleman euskaltzaina, erakusketan azalpenak ematen.

“Jauna, zeren zuk ez baituzu frantses mintzairarik entelegatzen, eta nik ez baitakit izkiriatzen espainolez, hori dela-eta euskaraz izkiriatuko dut gutun hau, esperantzaz plazer hartuko duzula gure mintzaira naturalaz”. Pirinioetako larren erabilera negoziatzen ari ziren Frantziako erregeak Zuberoan zuen prokuradore Gabriel Etxart eta Erronkaribarko alkate Migel Ros. Solasaldi horretan, biena zen mintzaira baliatu zuten beren gutunak idazteko: euskara. Izan ere, eta gaztelera edo frantsesa baziren ere testu ofizialetan erabilitako hizkuntza nagusiak, euskara zen herritarrek, bai elkarren artean bai administrazio edo erakunde publikoekin zuten harremanetan, ulertzeko zuten mintzaira. Hizkuntza propioa, historiako une askotan hizkuntza bakarra ere izandakoa.

Goian, Bizenta Mogelek itzulitako testuetako bat. Behean, 1240ko Nafarroako foru Orokorraren testua.

Goian, Bizenta Mogelek itzulitako testuetako bat. Behean, 1240ko Nafarroako foru Orokorraren testua.

Mikel Iriarte, Parlamentuko artxiboko arduraduna, asteazkenean ospatu zen bisita gidatuan.

Mikel Iriarte, Parlamentuko artxiboko arduraduna, asteazkenean ospatu zen bisita gidatuan. 2 Testua Miren Mindegia f Argazkiak Iñaki Porto / Nafarroako Artxibo Nagusia

Artxibo ofizialetan gordetako dokumentu juridikoen arrastoa jarraituz, euskarak bai alor pribatuan bai alor publikoan duen presentzia nabarmena da, Euskaltzaindiak eta euskararen lurraldeetako erakunde legegileek, Eusko Legebiltzarrak, Nafarroako Parlamentuak, eta Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako batzar nagusiek elkarlanean antolatu duten Hitzak Lege erakusketa ibiltarian atzeman daitekeen bezala. Peio Monteanoren El iceberg navarro lanean iradokitzen den bezala, dokumentu horietan agertzen den euskararen presentzia apurrak, ikusten ez den edo frogatzerik ez dagoen guzti horren tamaina ematen du, herriaren hizkuntza betiere euskara izan dela erakutsiz. Antolatzaileek argitu moduan, “euskal hiztunek harreman juridikoetan euskara erabili dutela eta erabiltzen dutela azaltzen du argiro erakusketak: bai norbanakoen arteko harreman juridikoetan, bai norbanakoen eta administrazioen arteko harremanetan, bai administrazioek elkarrekin dituzten harremanetan; euskara eremu juridikoetan erabiltzen izan da, eta erabilera hori euskararen lurralde orotan eta askotariko mailetan gertatu izan da eta gertatzen ari da”.

Nafarroako Parlamentuan ikusgai egon ondoren, erakusketa Bizkaira helduko da laster, eta handik bere bidea egiten jarraituko du hurrengo hilabeteetan. Euskal Herriko lurralde guztietako dokumentuak biltzen dituen lagina hiru ataletan bereizten da: aldeen arteko harreman juridikoak, soilik dokumentu horietan parte hartu duten horiei eragiten dieten ondorio juridikoak dituztenak; eragin kolektiboko testu juridikoak, testuan agertzen dieren horiei zein hirugarrenei ere eragiten dietenak, tartean hitzarmenak, aktak eta ordenantzak; eta testu parajuridikoak edo jatorriz juridikoak ez direnak eta ondorio juridikorik ez dutenak, baina islatzen dituzten balioak arlo juridikoarekin lotura daukatenak.

Mikel Iriarte, Parlamentuko artxiboko arduraduna, asteazkenean ospatu zen bisita gidatuan.

Mikel Iriarte, Parlamentuko artxiboko arduraduna, asteazkenean ospatu zen bisita gidatuan.

Eremu pribatuan zein esparru publikoan ere aurkitu daitezke lekukotasunak: ohitura-zuzenbidean, foru-zuzenbidean, oinorde-tza-zuzenbidean, familia-zuzenbidean, administraziozuzenbidean, merkataritza-zuzenbidean eta zuzenbide konstituzionalean, erraterako.

Administrazio barruko testuen artean, adibideetako bat da XV. mende hasierako gutun sorta, Karlos III. erregearen agintaldiko bi goi funtzionarien arteko elkarrizketa hain zuzen ere. Mikel Iriarte Nafarroako Parlamentuko Argitalpen, Artxibo, Liburutegi eta Dokumentazio Zerbitzuko arduradunak argitu moduan “erromantzez hizketan hasten badira ere, euskara igaro-tzen dira ondoren, gai teknikoei buruz hitz egiteko. Ikusten da ohitura zutela erromantzez idazteko, baina baita euskaraz aritzeko, Nafarroako Erresumako funtzionarioak izanda ere”. Euskaltzain oso eta Nafarroako Euskaltzaindiako ordezkari Sagrario Alemanen aburuz, “erakusketa honek, beste gauza batzuek artean, hori azaldu nahi du ere: testu juridikoak betitik izan direla eta euskarak, beste hizkuntza guztiak bezalaxe, balio duela testu teknikoetarako ere”.

Ezinbesteko hizkuntza

Kontutan hartuta mende luzez Nafarroako biztanlerairen gehiengoa euskaldun elebakarra izan dela, euskara “ezinbesteko hizkuntza” izan dela argi uzten du erakusketa osatzen duen dokumentu sortak. Dokumentu ofizial hauek gazteleraz idazten baziren ere, iraganeko garai askotan euskararekiko erreferentziak edo azalpenak ezinbestekoak ziren. Historian atzera eginez, XIII. mendean kokatzen da erakusketa osatzen duen dokumentu zaharrenetako bat: Nafarroako Foru Orokorra. Nafar zuzenbide zibilaren testu nagusia den honetan, euskaraz agertzen dira zerga zehatz batzuen izenak, Iriartek argitu moduan: “Jendeak horrela ulertzen zituelako ager-tzen dira zergak euskaraz testuan”. Tartean, aipamen eta esamolde labur batzuk ere agertzen dira, “Onez berme, gaitzez berme” erraterako. “Oso aipamen laburrak izangatik, oso adierazgarriak dira”.

Euskararen beharrezkotasuna argien nabarmentzen duten dokumentuak, alta, aldeen arteko dokumentuak dira. Testu horien artean aurkitu daiteke, adibidez, Diego Zufiaren eta Mari-Migel Zufiaren eskon-hitza, Iruñeko eliza-auzitegian emakumeak gizonaren aurka salaketa jarri zuenekoa, 1552an, gizonak ezkontzeko hitza eman eta ondoren bete ez zuela eta. Diego Zufiak hitz emateko darabilen esaldian baldintza bat ezarri zuen: Maria Migelekin ezkonduko zen “valdui Yo baneça”, edo bestela erranda, harekin txortan egitekotan. Biak ala biak euskaldun elebakarrak ziren.

XVIII. mendeko testigantzak ere aurkitu daitezke, tartean langile publikoen artekoak. Horien adibide, Sarako eta Baztango alkateen arteko gutun bidezko elkarrizketa, fazerien kudeaketaren ingurukoa, mugetako larre-lurren erabileraz. 1769 urteko gutuna Sarako alkateak Baztangoari idatzi zion ganaduak Ezkurra zeritzon aurkintzako larre-lurretatik atera zitzan; lurrok hilda zeudela eta horiek erabiltzea debeku zela adierazi zion, eta elkarrekin beste akordio bat erdiesteko egun bat izendatu behar zela, ohitura zuten bezala.

Euskara aunitzentzat hizkuntza bakarra izanik, itzulpengintza ere beharrezkoa suertatu izan da arlo juridikoan, pribatuan zein publikoan. Martin Harriet lapurtar idazlea Larresoroko errege-eskribaua zen. 1741ean asmo bikoitzeko liburu bat jorratu zuen: bere langintzan gehien erabiltzen ziren hitzen bilduma, euskaraz bakarrik zekitenek frantsesa ikasi eta frantsesez bakarrik zekitenek euskara ikasteko helburuarekin.

Lehenengo emakumezko itzultzailetzat hartzen den Bizenta Mogelek ere jardun zuen horretan. Aitzindaria euskal literaturan, hitz lauan zein hitz neurtuan, itzulpenak ere egin zituen. Hitzak Lege erakusketan, Luis de Borbón kardenal eta Toledoko artzapezpikuaren 1820ko martxoaren 15eko artzain-idazkia aurkitu diateke. Mogelek, azkoitiarra izanik, bizkaieraz egiten zuen itzulpena, eta Bilbon inprimatu.

1839ko abuztuaren 31n Bergaran elkar besarkatu zuten Maroto jeneral karlistak eta Espartero jeneral liberalak. Irizar jauregian elkarri emandako Besarkadak I. Karlistaldia amaitu zuen, zazpi urte aurretik hasitakoa. Gipuzkoako herrian sinatutako hitzarmen hori gaztelaniaz eta euskaraz idatzi zen, guztiek jakin zezaten zertan zen, askoren-tzat ezezaguna den datua.

Alemanek azpimarratu bezala, “euskara oso beharrezkoa zela erakusten digu guzti honek, Nafarroako populazioaren zati handi bat euskaldun elebakarra zelako. Horrek, gure hizkuntza propioa zela argi erakusten du”.

Atsotitzak, justiziaren kontzeptuaren isla

Herritarrek testu juridikoetan euskara erabiltzea ezinbestekoa zutela iradokitzeaz gain, erakusketak euskaldunek justizia nola ulertzen zuten adierazten duten atsotitz eta erranairu zaharrak ere biltzen ditu, testu parajuridiko batzuen bidez. Erakusketaren antolatzaileek adierazi moduan, “hitzean oinarritutako zuzenbidearen oihartzuna dakarkigu erakusketak; eta hortik honen izena bera, ‘Hitzak lege’, horrela ulertu baitute mendeetan eta mendeetan euskal hiztunek. Zuzentasunak ez du oinarri idatzirik behar: hitza hitz. Hitz emanda, hitz emate horrek lotu egiten nau, hitzak behartu egiten nau. Horrela eta zuzentasun horren gainean eraiki izan ohi ziren euskararen lurraldeetako hiztunen ohitura juridikoak, urteetan eta urteetan”. Zuzentasunak neurri hertsagarriak behar dituela adierazten dute atsotitzok maiz: “Ez gaztigatzeak emaiten du okhasino, falta gehiago egiteko”, “Gaztigatzen ez den falta, beste askoren aita”, “Zigortzen ez den falta, beste askoren aita”, “Zigor gabeko legea, mingain gabeko txilina”, “Ikusi orduko zigorra, aitzen du gorrak”, “Zigor-tzen ezpaduk lapurra, ebakiko dik zintzurra”, “Zuzena ez doa urrutira makillarik gabe”.

Zuzenbidea, izan ere, zuzen-etik dator. “Bizitza honetan zuzen jokatu behar dela adierazi nahi da. Zuzena dena zuzen da, ekintzaren jasotzailea edonor izanik ere. Justizia edo zuzentzaren ikuspegi hori euskararen lurralde guztietako biztanleengan ageri zaigu”. Horrela, bada, “Nori berea, zuzenbidea”.

2023-01-16T09:39:05+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo