Cultura

“Hitzak motz gelditzen zaizkigunean, dantzak barruko gauzak adierazteko boterea dauka”

Pertsona orok duen alde “ilunari” erreparatuta ondu du Ertza konpainiak ‘Moor Krad’ ikuskizuna. Asier Zabaletak zuzendu du giza kontraesanei segika sortutako dantza pieza
Bost dantzari eta abeslari bat ari dira taula gainean.

Jolasarekin parekatzen du Asier Zabaletak (Ezkio, 1972) dantzaren prozesu sortzailea. “Zein da norberaren itzala?”, galderari erantzun propio bezain unibertsala emanez prestatu du Moor Krad pieza koreografoak. Bost dantzari: Valerio di Giovanni, Rafkevan Houplines, Pilar Andres, Denis Martinez eta Thiago Luiz Almeida eta abeslari liriko bat, Iosu Yeregi, ariko dira oholtzan piezari bizia ematen. Giza itzalen inguruko pieza da Moor Krad, erreprimituta eta ezkutuan gordetzen den alderdiaren inguruko hausnarketa.

Nola hasi zen ‘Moor Krad’ sortzeko ideia?

Zaila da esaten noiz eta nola. Ostrukaren Zuloa obran, beldurrari buruz hitz egiten ari ginenean, itzalaren gaiaren muturra agertzen hasi zen. Gero, jasan dugun pandemiaren ondorioz ere oso presente egon da. Zenbat jendek bizi behar izan du bere itzalarekin aurrez aurre aspaldiko partez? Bakardadean hilabeteak pasa behar izan dituzte askok. Pandemian gauza asko pentsatzeko denbora izan dugu eta askotan agertzen zitzaidan gai hau, itzalaren gaia. 

Zer da itzala?

Gure parte den baina ezkutuan mantentzen dugun gure izaera hori.

Hausnarketa hori mugimendu bilakatzea izan da hurrengo pausua?

Sortze prozesua hasi genuenean guk ere ez genekien nola gauzatuko zen hori. Lehenengo egunetan bakoitzaren esperientzia pertsonalak partekatu genituen besteekin eta hainbat liburutan irakurritakoa ere partekatu genuen taldean. Bakoitzaren itzala hobeto ezagutu genuen. Agertzen hasi ziren pertsonaia batzuk; eta, ez eszenak, baina bai irudiak. Hortik abiatuta gai batzuk hauteman genituen. Konturatu ginen gehienetan itzala aipatzen genuenean gai horiek azaltzen ziren pertsona gehienetan: sexua, biolentzia, amets sexual ezkutuak... Txiki-txikitatik esan digutenak: “hori ez dago ondo”, “hori ez duzu egin behar”, “muga hori ezin duzu gainditu”.

Asier Zabaleta koreografoaren 'Moor Krad' pieza. Gorka Bravo

Eta hortik, kontakizuna nola eraiki pentsatzera.

Pentsatu genuen pertsonaia zentral bat eta eremu bat non jendeak erakusten duen bere itzala inongo lotsarik gabe eta agertzen da besteen aurrean den bezala bere kontraesan guztiekin. Pertsonaia nagusi horrek - Iosu Yeregi abeslaria- biziko du ikuskizunean zehar guk guztiok bizitza osoan zehar bizitzen dugun prozesu osoa: Txikitatik taldean onartua izate aldera gauzak ezkutatzen joan, zure zorroa zamatzen joan, eta gero heldutasunean zorro zahar hori nola hustu asmatu ezinda aurrera egitea. 

Gainerakoek, bost dantzariek, ze rol jokatzen dute pertsonaia nagusi horrekiko oholtzan?

Pertsonaia horiek daude ezer ezkutatzen ez den eremu horretan eta bakoitzak dauka protagonismoa arlo batean; batek sentsualitatearen arloan, beste batek biolentziaren arloan… 

Esaten duzue itzalak amankomunak direla; bakoitzak berea, baina aldi berean patroi bati erantzunez…

Azkenean gizarte itzal bat ere badago. Erlijioak ere presentzia handia dauka: zer gauza egin daitezkeen eta zeintzuk ez, zer den bekatu eta zer ez… eta agian gaur egun ez gaude hainbeste horren menpe, baina horren presentzia oraindik zainetan daramagu. 

Errepresio horren aurrean aldarrikapenetik badu obrak?

Gaia oso iluna da, estetika oso iluna da, baina gero obrak ez du sentsazio hori ematen ikusterakoan. Jendeak enpatizatu egiten du pertsonaiarekin

Guk gure ikuskizunetan ez dugu erantzun edo soluziorik ematen normalean. Konformatzen gara ikusleak gurekin hausnarketa egiten badu eta hainbat galdera eramaten baditu bere etxera. Kasu honetan, nik esango nuke gu pozik geratzen garela norberak bere burua hobeto ezagutze aldera bere buruari hainbat galdera egiten badizkio eta pixka bat agerian geratzen bada gizartearekiko dugun hipokresia. Denok eraikitzen dugu geure irudi idiliko bat oso ondo konportatzen dena leku guztietan eta atzetik gutariko bakoitzak beste oinarri oso sakon bat du. Onartzen badugu hori ere bagarela, ba ez da gutxi. 

Eszenak eraikitzean dantza teknikei ere erreparatu diozue…

Adibidez badago eszena bat biolentziaz hitz egiten duguna eta hor erabili dugu orain gazteen artean oso zabaldua dagoen teknika berri bat, Krump teknika. Teknikak berak badu nahiko indar eta biolentzia berez. 

Dantza pieza den arren, musika ere mimoz landu duzue.

Musika aldetik erabaki genuen musikari barrokoak aukeratzea eta batez ere John Dowland eta Henry Prucelll baliatu ditugu. Konposatzaile hauen hainbat kantu aukeratu ditugu eta musika elektronikora ekarri. Orduan Marc Canou musikariak beraien kantuak guztiz musika elektronikora ekarri ditu eta Iosu Yeregi abeslariak zuzenean kantatzen ditu.

Letraren aldetik ikusi genuen kantu originalak bat zetozela guztiz guk esan nahi genuenarekin edo gutxienez obraren estetikarekin. Denak oso ilunak dira eta pertsonaren alde ilun hori askotan aipatzen dute nahiz eta musikari barrokoak izan. Erabaki genuen dauden bezala uztea, Iosuk ingelesez kantatzen ditu, eta melodiak ez ditugu batere aldatu baina bai atzeko gorputz guztia.

Zergatik aldaketa hori?

Gaurkotzera egin nahi genuen. Musika klasikoak berez badauzka bere konnotazioak, eta guk musika elektronikoaren bitartez oraindik ere gehiago azpimarratu nahi izan dugu alde ilun hori. 

Obra bera oso iluna da?

Bitxia izan da hori. Gaia oso iluna da, estetika oso iluna da, baina gero obrak ez du sentsazio hori ematen ikusterakoan. Jendeak segituan enpatizatzen du Iosuren pertsonaiarekin eta nola bukaera ere ez daukan hain iluna jendea ateratzen da beste sentsazio batekin, askoz ere arinagoa gaiak eman dezakeena baino.

Nahita egindakoa da arintzea?

Bukaeran beste buelta bat eman nahi niola argi neukan, ez nuen utzi nahi hor gauza oso ilun baten. Erritmoak ere arintzen dueta musika eta dantza aldetik erabiltzen ditugun teknikek ere eragina dute. Badago eszena bat, adibidez, house musikara ekarri duguna, diskoteka bat egin dugu. Diskoteka batean kokatzen dugun momentuan ikuspuntua beste bat da, zama arintzen zaio gaiari. 

Iluna, baina ez ilunegia. Zaila izan da oreka puntu hori topatzea? 

Kasu batzuetan bai. Obrak egiterakoan hasten naiz eszenak lantzen eta eszena bakoitzak bere nortasun berezia dauka, eta ez dakit nola joango diren gero azkenengo puzzlean, zein izango den lehena eta zein izango den azkena. Lantzen noan heinean dantzariek beraiek ere eskatzen didate bi eszena elkartzeko; horrek, ondorioz, trantsizio bat sortzea dakar. Gero, trantsizio hori ere bihur liteke beste eszena berri bat. Da prozesu bat momentu batetik aurrera berak eramaten zaituena zuk bera eraman bainoago. Hasieran gauza asko egon zitezkeen nahita egindakoak, baina une batetik aurrera bizitza hartzen du obrak eta berak agintzen du.

Oso polita izan behar du horrek.

Guretzat joko bat da. Zu sartzen zara jolasten eta ez dakizu nola bukatuko duzun eta zein itxura hartuko duen horrek.

Obrak badu Ertza konpainiarena dela antzemateko zigilurik?

Zigilu bat izan daiteke gaiaren aukeraketa. Nik beti aukeratzen ditut gizakiaren psikologiarekin edo gizakiaren kontraesanekin zerikusia daukaten gaiak. Itxura batean oso sakonak diren gaiak. Iruditzen zait dantza hizkuntza iristen ez den lekuetara iristeko gai dela. Hitzak motz gelditzen zaizkigunean, dantzak barruko gauzak adierazteko boterea dauka.

Prozesu sortzaile aldetik, obra honetan bereziki nahi izan duzu zerbaitekin esperimentatu?

Abeslari liriko bat sartzea taldean eta gainera dantzan jartzea erronka bat izan da. Abeslari lirikoek ezin dute kantatu edozein posturatan, eta nik nahi nuen gainera dantza egitea. Biontzako ikasketa izan da.

Plastizkozko poltsak metafora gisa erabili dituzte ikuskizunean. Gorka Bravo

Eszenografia aldetik ere itzala lantzeko hustu eta betetzen diren poltsak ikusiko dira oholtzan.

Badago metafora bat; erreprimitzen ditugun ezaugarri horiekin betetzen dugun zakua. Obraren hasieran plastikozko poltsa txiki bat hasten da puzten Iosu, hiperbentilatzen ariko balitz bezala, poltsa hori haziz doa obran eta eszenografia hortik abiatu dugu. Poltsa erraldoiak dira eszena betetzen dutenak. 

Itzalak nagusi diren obran, nolakoa da argiztapena?

Asko aipatzen da itzala, baina pertsonarena bakarrik ez, argirik iristen ez den eremu hori ere bada itzala. Hori asko landu nahi izan dugu. Badaude momentu asko non dantzariek eurek manipulatzen dituzten argiak eta horrek lortzen du beste ikuspuntu batetik edo itzal bat baino gehiago sortzea, edo itzalak dantzariarekin nahastea. Dena lausotzen da eta irrealtasun batean edo laino antzeko batean difuminatzen dira figurak eta askotan zail egiten zaigu jakitea zer den ikusi duguna.

Izenburuak ere badu bere jolas propioa…

Ingelesez moor da eremu nahiko iluna. Are gehiago alderantziz irakurtzen badugu izenburua gela iluna daukagu: Dark Room. Jolasten sortu zen ere izenburu hau. Azken finean gure lana jolasaren oso parekoa da. Hasieran guk jolasten dugu mundu berri bat sortzen eta ahalik eta muga gutxien jartzen dizkiogu gure buruari. Pertsonaia bat hartu eta hori antzeztu, adibidez, txikitan bezala. Heldutasunean jolasteko aukera izaten jarraitzea zoragarria da. Nahigabe ateratzen dira gauza izugarriak eta gehienetan onenak, bilatuak baino askoz interesgarriagoak. 

Bilboko Arriaga Antzokian taularatu zenuten estreinakoz abenduan. Nola joan zen?

Zoragarri joan zen. Jende mordoxka gerturatu zen eta feedback positiboak eman zizkiguten. Jende askok esaten zuen pieza oso borobila dela, ez duela uzten deskonektatzen. 

08/02/2023