Buscar
Gipuzkoa

Hizkuntza eskubideak bermatzeko 'Astindu Eibar' ataria abiatu dute

Astindu egitasmoaren aurkezpeneko parte-hartzaileak. Argazkia: Eta Kitto!
Astindu egitasmoaren aurkezpeneko parte-hartzaileak. Argazkia: Eta Kitto!

Eibar – Eibarko Hiria Euskararen Plan Estrategikoa 2016-2025 gara-tzeko asmoz 2017an sortu zen Akebai herritar plataformak Udalaren, ...Eta kitto! euskara elkartearen, Eibar kirol elkartearen, Dendarien elkartearen eta San Andres ostalaritza elkartearen babesa jaso duen eta herritarren hizkuntza-eskubideak bermatzea helburu duen Astindu Eibarren egitasmoa aurkeztu du aste honetan.

Akebai plataformatik jakinarazi dutenez, Astindu Eibarren "herritarrek eta Eibarko zerbitzuetako erabiltzaileek hizkuntza-eskubideen inguruan izan ditzaketen zalantzak, kezkak edota galderak jasotzeko eta argitzeko gertuko kanal bat" izateko jaio da.

Hori dela eta, "herritarrek jasotako hizkuntza-eskubideen urraketak edo ustezko urraketak adierazteko eta partekatzeko kontaktua izango da, eta ahalik eta modu egokienean bideratzeko gomendioak eman eta bitartekaritza eskainiko dugu".

Zerbitzu berri hau erabili nahi dutenek Portalea kultur etxeko bigarren solairuko bulegoetara gerturatu, 943 708 426 telefono zenbakira dei egin edo eibarrenakebai@gmail.com helbide elektronikora idatz dezakete.

Ekimenarekin bat egin duten eragileen ustetan, "elkarlanean, modu baikor eta eraikitzailean lortuko dugu Eibarren euskararen presentzia handitzea". Horretarako "ezinbestekoa da euskal hiztunok ahalduntzea eta hizkuntza eskubideak ezagutzea eta horregatik sortu dugu Astindu Eibar, hizkuntza-eskubideen berri eman eta horiek bermatzeko".

2021-06-11T08:24:04+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo