“Herritarren borondatea eta bultzada ezinbestekoa da euskararen normalizazio eta biziberrtzeak aurrera egingo badu”. Hala ere, “ez da nahikoa”. Horregatik hain zuzen ere, hizkuntza politika publikoetan eta euskararen erabileran “jauzi bat” egitea eskatu zuten euskalgintzaren eragileek atzo Baionan egindako agerraldi jendetsu batean.
“Hizkuntzaren auzia politikoa da, eta urgentziazkoa”, azpimarratu zuten, Garazi Arrulak 23. Korrikaren bukaeran irakurri zuen mezuari erreferentzia eginez. “Hizkuntzaren dimentsio guztiak izan ditzan hiztunak, gizartearen arlo oro busti beharko du. Euskarak hegemonia hartzeaz ari gara”, adierazi zuen Arrulak, euskalgintzako eragileek agerraldiaren abiapuntutzat hartu zuten mezua.
Baionan bildu ziren, Korrika bukatu zen leku berean, eta 2025eko Euskaraldia hasteko zehazki urtebete eskas falta denean. Idurre Eskisabel Euskalgintzaren Kontseiluko idazkari nagusiak, Ane Elordi Korrikako koordinatzaileak eta Irati Iciar Euskaltzaleen Topaguneko lehendakariak irakurri zuten adierazpen bateratua, euskalgintzako eragiletako ordezkariek babestuta.
Eskisabelek herritarrek euskara biziberritzeko prozesuan duten garrantziari egin zion erreferentzia. Hala, “herritarren bultzada ezinbestekoa da euskararen normalizazio eta biziberritzeak aurrera egingo badu” esan zuen, baina hori ez dela aski.
Izan ere, euskalgintzaren kontseiluko ordezkariak euskararen normalizazioan aurrera egiteko hizkuntza-politiketan jauzi bat egitea ezinbestekoa dela aldarrikatu zuen eta “euskararen aldeko politika publiko sendoagoak indarrean jartzea”.
Ane Elordik Korrikari erreferentzia eginez jarraitu zuen, horren leloari jarraituz: “Euskal hiztun izan edo ez izan, harro zabaldu dugu lau haizetara ekosistema bat eraiki behar dugula euskararen bueltan: euskal komunitatea, euskara ardatz duen komunitatea. Euskararentzat etorkizun hobea eraikitzeko adostasun zabala dugu”.
Euskaltzaleen Topagunearen lehendakari Irati Iciarrek bere aldetik, gizartearen aktibazioari egin zion men: “Euskal Herri luze zabalean euskaraz hitz egiteko eta bizitzeko aukerak eta baldintzak biderkatzeko, gizarte aktibazioa eta herritarron indarra ezinbestekoak dira”.
Unesco-k Ipar Euskal Herrian euskarak bizi duen egoeraz larrialdi alarma piztu duela ere gogora ekarri zuten: “Hizkuntzen erreprodukziorako ezarritako hiztun proportziotik behera direla. Hori zuzendu eta bideratzea da hizkuntz politiketan eman beharreko jauziaren oinarrietako bat”.
Horregatik guztiagatik, euskalgintzak dei irmoa egin zieten Euskal Herriko erakundeei, “herritarren bultzada aintzat har dezaten”, eta “euskararen normalizazio eta biziberritzearen alde eman ditzatela urrats sendoak, eta, horrenbestez, hizkuntz berdintasunaren, justizia sozialaren, gizarte kohesioaren eta bizikidetzaren alde”.
Euskaraldia
Urtebete eskaz falta da Euskaraldiaren laugarren edizioa hasteko, maiatzaren 15etik 25era izango baita, eta “harro hartuko du Korrikaren lekukoa”. Hala, erakundeei ez ezik, gizartearen sektore guztien erantzukizuna aipatu zuten Baionan. Izan ere, “edizio are eraginkorragoa izan dadin nahi dugu, jendeak euskaraz hitz egiteko leku eroso gehiago izan ditzan, kalean euskara gehiago entzun dadin”. Horretarako “hiztun komunitateak euskararen alde egin dezakeen ekintzarik erradikalena euskaraz aritzea da; inertzien eta erresistentzien aurrean, korrontearen kontra, euskaraz aritzea”, adierazi zuen Iciarrek. “Euskararen aldeko politikei bultzada sendoena, inoren zain egon gabe, ahal bezainbeste euskaraz bizitzea da. Euskaraldian, milaka ahobizi eta belarriprestek gure hizkuntza ohiturak aldatuko ditugu, nork bere inertziak apurtuz, eta konfort eremuetatik mugituz”.