Gipuzkoa

Hondakinak murrizteko hainbat ekintza izango dira Tolosan

Ekimenak kontsumo jasangarria eta ekonomia zirkularra bultzatzeko asmoz egingo dira
Loreak banatuko dira Triangulo plazan

Hondakinak Prebenitzeko Europako Astea ospatzen ari den honetan, Tolosako Udalak hainbat ekimen antolatu ditu kontsumo jasangarria eta ekonomia zirkularra bultzatzeko asmoz. Aurten, hondakin kopurua gutxitzearen beharra ikusaraztea eta gizarteratzea du ardatz antolatu den egitarauak, hondakinen produkzioa murriztuz eta berrerabilera indartuz.

Aipatu beharra dago 2021. urtean Tolosako biztanle bakoitzak batez beste 357,58 kg hondakin sortu zituela. Kopuru hori murrizteko, Tolosako Udalak uste du ezinbestekoa da gaiaren inguruan hausnarketa eragin eta herritarrak kon-tzientziatzea.

Antolatu den ekintzetako bat da azoka solidarioa. Berreskuratutako eta zaharberritutako liburu eta diskoen postu solidarioa izango da ostegun eta ostiralean Triangulo plazan egun osoan zehar, 9.00etatik 20.00etara, Kaleko Elkartasun eta Kultur Elkartearen eskutik. Elkarte honek kulturaren bidez bazterkeria ekonomikoa jasaten duten pertsonei ematen die laguntza eta salmentan jartzen dituzten produktuak erakunde publikoetatik edo pribatuengandik eta partikularrengandik jasotzen dituzten dohaintzak izaten dira.

Era berean, larunbatean konposta gunea eta tailerrak izango dira. Trianguloan konpostaren inguruko informazio puntua izango da, 11.00etatik 13.00etara, tolosarrei herrian dauden konpost guneak ezagutzera emateko eta erabiltzera animatzeko. Horrez gain loreak ere oparituko dira, konposta erabiliz landatzeko. Auzo konposta egitera animatzen diren herritarrek auzokonposta@tolosa.eus helbidera ida-tzi dezakete izena emateko.

Horrekin batera, ipuin eta eskulanen tailerra eta kosmetika tailerra ere egingo dira larunbatean, guztiak Triangulo plazan, aipatutako ordu berean. Lehen tailerrean, dadoen bitartez hondakinei buruzko ipuinak asmatuko dituzte partaideek eta ondoren, zakar poltsan bukatzen duen hondakin bat erabilita eskulan tailerra egingo dute, guztia Intujai taldearen gidaritzapean. Tailer honetan parte-hartzeko partaideek plastikozko botila bat eraman beharko dute, ahal den heinean 1,5 litrokoa. Kosmetika tailerrean, aldiz, partaideek hortzetako pasta egingo dute eta bien bitartean material desberdinak ezagutuko dituzte eta etxean sortzen diren ontzi desberdinei irtenbidea emateko aukera izango dute. Tailerra Bidatz Sasiain tolosarraren eskutik eskainiko da. Kasu honetan, partaide bakoitzak jogurt pote huts eta garbi bat eta kristalezko ontzi txiki bat (taparekin) eraman beharko dute.

Era berean, Tolosako ikastetxeetan DBH 1 eta 2ko ikasleek Zure platerean hasten da mundua ekintza lantzen ari dira aste honetan. Ordubete inguruko saioetan ekoizpen zein kontsumo ereduen inguruko hausnarketa bultzatuko duen arazo-egoeraren lanketa egiten dute.

24/11/2022