Cultura

‘Hondamendia’, zaborra errealitatearen metaforan bilakatzen denean

Artedramak eta Axut!-ek Zaldibarko luizia eta pandemia testuingurutzat dituen obra aurkeztuko dute gaur, Gayarren
‘Hondamendia’ antzezlaneko aktoreak, obraren une batean.

Greziar tragedia baten kutsua dauka gaur, 20:00etan, Gayarre antzokian Artedrama eta Axut! konpainiek aurkeztuko duten Hondamendia obrak. Oso hurbil daukagun errealitatetik abiatzen den obra, Harkaitz Canok idatzi eta Ximun Fuchsek zuzendutakoa. Izan ere, ikusleak aski ezagun dituen bi gertakari ditu hizpide eta testuinguru antzezlanak: Zaldibarren gertatutako luizia, bi langileren heriotza eragin zuena; eta Covid-19aren osasun krisia.

Zuzendariak aditzera eman bezala, “gainera etorri zitzaizkigun bi mundu” hauek dira gizakiaren argi-itzalak azaleratzeko baliatutako testuingurua. Eta eroritako mundu horien erdian, pertsonak, pertsona arruntak, euren mundu-ikuskera azaltzen, edo horretan saiatzen behintzat. “Enfasirik gabe, edonork egin lezakeen bezala: aita edo ama batek, seme, senide edo lagun batek, eskua luzatu eta haria tiratuko du egia baten bila. Norberak bere lekutik, jokoan dagoena haiek baino askoz handiagoa izan arren”.

Denetara, 23 pertsonaia hezurmamituko dituzte Ximun Fuchs, Maite Larburu, Ander Lipus, Manex Fuchs, Ane Sagues, Ruth Guimerá, Jon Ander Urresti, Maialen Belaustegi, eta Eneko Gil aktoreek. Badira erizainak, kazetariak, enpresariak, dantzariak, politikariak, senideak... Denek dute beraien ikuspuntu propioa, eta denen bitartez luzatzen dituzte sortzaileek gertakarien inguruko galderak.

Antzezlan honetan, zaborraren inguruko metafora egiten da. Galdera baten inguruan arituko dira pertsonaiak: Zer adierazi dezake ustel-usaina duen metafora batek? Horrela, zenbait aurrekari aipatuko dituzte, hala nola, 2020ko otsailean eraitsi zen eta bi langile lurperatuta utzi zituen Zaldibarko zabortegiaren istripua. “Batzuentzat ezbeharra izan zen, beste batzuen-tzat, berriz, zorigaiztoko istripua”.

Horren ostean, Covida heldu zen 2020ko martxoan. Sortzaileek argitu moduan, “antzezlanean, irrati-esatari bat Zaldibarko istripuak eragindako samina adierazten saiatuko da, baina zaila eginen zaio, pandemiak guztiz eten duelako mundua eta arreta guztia horretan dagoelako. Bitartean, lurperatuta dauden bi gizonen seme-alabak eta bikoteak erreskate-zerbitzuen zain daude, noiz aurkituko dituzten zain”.

Diziplina anitzeko obra

Dantza, ikus-entzunezkoak, musika, arte plastikoak eta antzerkia uztartuz sortutako diziplina-anitzeko obra da Hondamendia. Canoren testutik abiatuta, bi urtez eraiki den an-tzezlana izan da, Fuchsek gogoratu bezala. Hain zuzen ere Basaurin Zaldi Urdina antzeztetik etxera bidean zioazela hartu zituen Artedrama konpainiako kideak Zaldibarko luiziak, 2020ko otsailean. “Bete-betean aurkitu genuen zabor mendia autopistan. Egia da sentitu genuela munduaren lehen amaiera hori. Ez genuen ezer ulertzen, surrealista eta sinesgaitza zen”. Ordurako, Covid-aren krisia eztanda punttuan zegoen, hain zuzen hilabete eskas besterik ez zenean falta konfinamendurako.

Errealitate horretatik abiatu arren, fikziotik edaten du “modu nahiko enpirikoan” sortu den antzezlanak. Zuzendariak azaldu moduan, “talde guztiaren artean eraikitako obra izan da, bakoitzak bere diziplinatik jo arren istorioa ahalik eta molde zehatzenean kontatzen saiatu da. Nire lana, zuzendari bezala, hori dena orkestratzea izan da, bakoi-tzak bere lekua ukan dezan”.

Azken batean, “norbera baino handiagoa den istorio bat konta-tzea” izan da helburua. Optimismorako tartea ere badago, “pandemian ere optimismorako eta gauza posiboetarako egon den bezala”, baita umorearentzat ere, “azken finean, umorea eta drama anaia bikiak baitira”.

Bideo langintza Maialen Belaustegirena da, koreografia Philippe Ducourena, musika Maite Larbururen eta Asier Ituarteren eskutik doa, Fran Dussourdena da eszenografia, jantziak Xabier Mujikarenak, David Bernuések egin du argiztapen diseinua eta soinuarena Phipippe Barandiaranen ardurapean egon da.

Ez da lehenengo elkarlana, bestalde, Artedramaren eta Axut! konpainien artean egiten dena. Aurretik, izan ere, Errautsak, Hamlet, Francoren Bilobari Gutuna eta Zaldi Urdina bezalako antzezlanak oholtzaratu dituzte.

Etiquetas
02/02/2023