Arma Plaza Kultura eta Turismo Informazio Bulegoan Sabino Arana Fundazioaren Euskal Abertzaletasunaren Museoak antolatutako EAB 100 urte. Emakumeak Aberria eginez erakusketa zabaldu zen atzo. Mireia Zarate fundazioko presidentearen hitzetan, honen helburua “orain dela 100 urte lanean eta borrokan hasi ziren emakumeen lana ezagutzera ematea eta lan hori, zein haien ausardia eskertu eta aitortzea” da.
Hogeita lau panelek osatzen dute erakusketa. Gaikako sei multzo handitan banatuta, elkartearen ibilbide osoko lana eta pentsamoldea jasotzen dira. Alde batetik, EABren sorrera 1922an. Urte horretako apirilean lehen urratsak eman ziren, Cumann na mBan irlandar emakume abertzaleen elkartea eredutzat hartuz, eta maia-tzaren 7an ehun emakume inguru bildu ziren eta elkartea eratu zuten.
Bigarren multzoan, elkartearen aldirik emankorrenaren berri ematen da, 1931 eta 1936 urteen artean. Garai horretan Euskal Herriko herri gehienetan EABko taldeak sortu ziren. Bestalde, elkartearen pentsamoldea Sabino Aranaren Jaun-Goikua Eta Lagi-Zarra leloan funtsatu zen eta erakusketan horri buruzko informazioa biltzen duten hainbat panel daude.
EAB eta hezkuntza da laugarren multzoaren izenburua eta bosgarrena gizarte-laguntzari dagokio. Izan ere, EABk gizarte laguntzari buruzko biltzarra antolatu zuen, gizarte laguntzarako eskola sortzeko helburuarekin, eta 1932tik aurrera erizainak prestatzeko ikastaroak ere eskaini zituen.
Azkenik, gerra garaian emakumeek egindako jardueren inguruko panelak aurkitu daitezke.
Erakusketaren nondik norakoak azaldu ondoren, Begoña Bilbao EHU-ko historia ikertzaileak emakume hauen ekimena “oso garran-tzitsua” izan zela nabarmendu zuen atzo, baita “ekarpen handia” egin zutela ere. “Baina gerrak dena apurtu zuen”, gaineratu zuen.
Bestalde, Txomin Sagarzazu alkateak erakusketa Hondarribiak duen kultur eskaintza zabalean txertatzen dela esan zuen. “Pasa den astean Paradorean Kandido Sasetari buruzko hitzaldi interesgarria izan genuen, eta erakusketa honen bitartez Emakume Abertzale Batzak izan zuen lan eskerga eta garrantzia azpimarratu nahi dugu”.
EAB 100 urte. Emakumeak Aberria eginez martxoaren 16ra arte bisitatu ahalko da, astelehenetik larunbatera, 10.00etatik a 18.00etara, eta igandeetan 10.00etatik 14.00etara.