Gipuzkoa

Hondarribia: gizarte zerbitzuek 1.800 eskaera tramitatu zituzten iaz

2022an, sail honen helburu nagusia pertsona eta familiei arreta ematea izan zen
Gotzone Larrarte, Gizarte Zerbitzuetako zinegotzia. | ARGAZKIA: N.G.

Gotzone Larrarte, Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak, sailak 2022an burutu zuen jardueraren errepasoa egin zuen atzo. “Izan ere, sail horrek aktiboki lan egiten du, iaz bezala, 1.800 eskaera baino gehiagori erantzun ahal izateko”, azaldu zuen.

Balantzea egiteko, Larrartek lau bloke nabarmendu zituen. Alde batetik, etxez etxe ematen den laguntza zerbitzua. “Udal Gobernu Taldeak oso apustu garrantzitsua egin du zerbi-tzu honetan. Astelehenetik igandera eskaintzen da, bere intentsitatea handitu egin da eta diru-sarreren arabera gehienez ere 15 euroko prezioan eskaintzen da”, esan zuen.

Etxeko lanetarako zein erabilera pertsonaleko zerbitzua da, erreferen-tziazko gizarte langileak balioetsia. 2022. urtean 115 etxeetan eman da zerbitzua eta 720.636 euro inbertitu ditu Udalak.

Bestalde, iaz abian jarri zen Bidez Bide zerbitzuaz hitz egin zuen Larrartek. Eskariaren araberako garraio zerbitzu bat da, landa eremuetan eta udalerritik urrunen dauden auzoetan bizi diren mugikortasun arazoak dituzten pertsonentzat, baita adinekoentzat ere. Garraio horrek 1.000 zerbitzu inguru egin ditu dagoeneko.

Hirugarren blokea gizarte larrialdietarako laguntzei dagokio. Aldizkakoak ez diren prestazio ekonomikoak eta dirulaguntzak dira, gizarte bazterkeriako egoerak prebenitu, saihestu edo arintzeko. Iaz 131 laguntza tramitatu ziren eta 199.660 euro banatu zituen Udalak.

Bukatzeko, 2022an jaso ziren 1.800 eskaeren artean denetarik zegoela azaldu zuen Larrartek: mendekotasun eta desgaitasun balorazioak, arreta goiztiarra, egoitzako plazak, eguneko zentroak, eta abar.

Gainera, zinegotziak 2022an Gobernuz Kanpoko Erakundeen dirulagun-tzen deialdia ez zela egin baina aurten apirilerako atera nahi dela iragarri zuen.

10/02/2023