Gaur hasten den sasoian "erantzukizun kolektiboa" izatera deitu du Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak
Gipuzkoako hondartzek gaur emango diote hasiera aurtengo denboraldiari ofizialki. "Beti esaten dugu ofiziala dela zeren, zorionez, natura berak bere erritmoak ditu eta zentzu horretan ez dago inoiz asmatzerik benetako giroa noiz hasten den hondartzara etortzeko", zioen atzo Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak, azken asteburu honetan hiriak eta hondar-tzak izan dituzten bisitari kopuru nabarmenari erreparatuz.
Izan ere, alkateak jakitera eman zuenez, pasa diren larunbata eta igandean 33.000 ibilgailu baino gehiago igaro ziren Amuteko zubitik, 15.000 lehenengo egunean eta 18.000 bigarrenean. "Hori asko da", adierazi zuen Sagarzazuk, bisitarien joan-etorriak zirkulazio arazo nabarmenak sortu zituela azpimarratuz. Azken egunotan gertatutakoa "ez dela ohikoa" gehitu zuen agintariak.
Ildo horretan, turisten eta bertako hiritarren askatasuna ez mugatzearen alde agertu zen alkateak, bi aldeetako interesen arteko bategararritasuna bilatzeko "erantzukizun kolektibora" deituz. "Beste herrietatik etor-tzen diren pertsonak oso ongi etorriak dira, baina haiek ere, beraien aldetik, kontuan hartu behar lukete badirela tresnak hondartzaren edukiera neur-tzeko, esaterako Hondartzak app-a, eta horren arabera erabakiak har-tzeko", jarraitu zuen Sagarzazuk.
Bestalde, sasoiaren hasiera aprobetxatuz, aurten pandemiaren harira hondartzan indarrean dauden arauen errepaso bat egin izan nahi zuen Gonzalo Carrion Zerbitzuetako zinegotziak. "Aurreko urtetikan urrats bat eman dugu eta gauza gehiago ireki ditugu", jakinarazi zuen Carrionek. Hala, kirol elkarteek piraguak, taulak eta halakoak alokatzeko lau postu izango dituzte eta hondartzako aldagelak ere irekiko dira. Beste nobedadeen artean, zakarrontziak hondarretik atera eta hondartzako sarbideetara mugitu dira. Gainera, beste dutxa bat berreskuratuko da; lauetatik bi egongo dira martxan.
Aparkalekuei dagokionez, ikusita aurreko urtean jende asko bizikletaz eta motoz iristen zela hondartzara, ibilgailu hauetarako plaza kopurua handitu egin da. "Horretarako autoentzako 50 plaza kendu dira, motoak espaloian aparkatu ez dezaten", amaitu zuen Carrionek.