Buscar
Gipuzkoa

Hondarribia: Jostaldik ikuskizun berezia hartuko du larunbatean

‘Bidaia’ izeneko emanaldian Euskal Herri osoko 200 artistek baino gehiagok parte hartuko dute
Jostaldin egin zen atzo emanaldiaren aurkezpena. | ARGAZKIA: N.G.
Jostaldin egin zen atzo emanaldiaren aurkezpena. | ARGAZKIA: N.G.

Larunbatean, 19.30tik aurrera Jostaldi Pilotalekuan, René Zugarramurdik abesbatza eta orkestrentzat pentsatutako ikuskizuna eskainiko da. Bidaia du izena eta Euskal Herri osoko 200 artista baino gehiagok parte hartuko dute, gure lurraldeko memoriak berraurkitu nahian.

Emanaldia bost zatitan banatuta dago. Horien bitartez, euskal lurraldearekin lotutako aldi historiko garrantzitsuenak erakusten dira, historiaurretik gaur egunera arteko gertaerak barne hartuz. Baina Bidaia kontakizun historiko bat baino zerbait gehiago da. Musika, kantuak, efektu bisualak eta argazkigintza nahasten dituen bidaia bat da.

Talde artistikoa Hendaiako orkestrak, ehun kantari baino gehiago dituzten lau abesbatzek, haur koru batek, gitarra jotzaile batek eta bakarlari gisa aritzen den mezzo-soprano batek osatzen dute. Bestalde, Lesakako Giltzarri, Irungo IGA eta Hondarribiko Eskifaia abesbatzek bat egingo dute Kanboko Arraga eta Angeluko Argileak abesba-tzekin. Gainera, ekitaldi honetarako bakarrik, Hendaia, Hondarribia eta Baionako haurrek osatutako abesbatza sortu da.

Atzoko prentsaurrekoan, Juan Luis Silanes zinegotziak hitza hartu zuen: “Aspaldian buruan darabilgun ikuskizuna da. Pandemia aurretik elkarlanean ari ginen, bertan behera geratu zen dena, eta urtarrilean aurkezteko asmoa genuenean euriteek Jostaldin arazoak sortu zituzten. Eskerrak eman nahi dizkiet ikuskizun hau Hondarribian egiteko hainbesteko lan egin duten guztiei. Jakitun gara zer nolako lana egin behar den, eta zorionak eman nahi dizkiet denei”.

Doako ikuskizun honek ordu eta erdi inguruko iraupena du eta azken gonbidapenak gaur banatuko dira Arma Plazan, 10.00etatik aurrera.

2023-03-09T03:28:42+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo