Iñigo Urkullu lehendakariak eta Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburu eta Jaurlaritzako bozeramaileak San Telmo Gaztelua bisitatu zuten atzo goizean. Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak egin zien harrera, eta ekitaldian Udaleko zenbait zinegotzi ere izan ziren.
Bisitaldian, gazteluko gune ezberdinak ezagutu ahal izan zituzten, hala nola, ofizialarentzako goardia, dorrea, plaza txikia, putzua, mazmorrak edo troparentzako kuartela eta sukaldea.
Udalak gaztelua erosi zuen joan den uztailean. Abenduan bisita gidatuak eskaintzen hasi zen Arma Plaza Fundazioarekin lankidetzan, herritarrei San Telmoko ateak ireki-tzeko asmoarekin, baita eraikinaren etorkizunari buruzko erabakiak hartzen lagunduko duen kontsulta-prozesu bat egiteko ere. Alkateak atzo nabarmendu zuenez, “hilabete eskasean 875 pertsonek bisitatu dute gaztelua, %75 hondarribiarrak. Denok dakigu, bertako nahiz kanpokoek, Hondarribiaren ondarea oso aberatsa dela dela eta denok jakitun gara buruz argi eta lankidetzaren bidez landu beharrezkoa dela”.
Bestalde, lehendakariak “herri batek, udal batek bere kultura-ondarearen alde egindako apustu irmoa” balioan jarri nahi izan zuen. “Garrantzitsua da azpimarratzea eta txalotzea San Telmo espazio publikoan sartzeko erabakia aho batez hartu dutela Hondarribiko Udaleko talde guztiek. Akordioa da gure iraganari eta etorkizunari aurre egiteko biderik onena”.
Urkulluk ondare kulturala kontserbatzeko modurik onena partekatzea dela eta “guztion artean zaintzea, mirestea eta gozatzea”, gaineratu zuen.