Gipuzkoa

Hondarribia: Markel Olanok eta Mari Jose Telleriak San Telmo gaztelua bisitatu dute

Diputatu nagusiarekin eta Kulturako diputatuarekin batera alkatea eta zenbait zinegotzi izan ziren
Olano, Sagarzazu eta Telleria hainbat zinegotzirekin. | ARGAZKIA: N.G.

Markel Olano, Gipuzkoako diputatu nagusiak, eta Mari Jose Telleria, Aldundiko Kultura diputatuak,San Telmo gaztelua bisitatu dute aste honetan, Hondarribiko Udalak egindako gonbiteari erantzunez. Txomin Sagarzazu Hondarribiko alkateak egin zien harrera, eta ekitaldian udaleko hainbat zinegotzi izan ziren ere.

Bisitaldian, bertaratutakoek gazteluko gune ezberdinak ezagutu ahal izan zituzten. Alkateak azaldu zuenez, “berriki, gazteluaren ateak zabaldu ditugu, eta bi hilabetetan 1.316 pertsonek bisitatu dute, horietatik 931 hondarribiarrak”.

Halaber, Sagarzazuk hurrengo urratsa herritarrei gazteluaren etorkizuneko erabilerari buruzko galdeketa bat egiteko kanpaina bat martxan jartzea dela adierazi zuen.

Bere aldetik, Markel Olanok alkateak luzatutako gonbitea zinez eskertu zuen, bai eta San Telmo gaztelua hondarribiar zein kanpokoentzat zabaltzeko egindako “lan eskerga”. Azaldu zuenez, “benetan garrantzitsuak dira halako urratsak, gure lurraldean badirelako oraindik ezagutzeke edo zabaltzeke dauden altxor historikoak”, baina San Telmoko gaztelua jada ez dago zerrenda horretan alkateak eta bere taldeak egindako lanari esker. Hori esanda, gipuzkoar guztiei Hondarribira hurbiltzeko eta gaztelua bisitatzeko gonbitea luzatu zien.

24/02/2023