Buscar
Gipuzkoa

Hondarribiak 24,3 milioiko aurrekontua eztabaidatuko du

Juan Mari Altuna eta Txomin Sagarzazu, atzo, 2022ko aurrekontua aurkezten, udaletxean.
Juan Mari Altuna eta Txomin Sagarzazu, atzo, 2022ko aurrekontua aurkezten, udaletxean.

Hondarribia Hondarribiko udal Gobernuak 24,3 milioiko 2022 urterako aurrekontu proposamena eramango du bihar goizean, 9.30ean burutuko den Ezhoiko Osoko Bilkurara. Txomin Sagarzazu alkateak atzo jakitera eman zuenez, diktamena pasa den ostegunean onartu zen Ogasun Batzordean eta, beraz, dagoeneko 180.000 euro gehitzen duten zenbait proposamen onartu zaizkie oposizioko taldeei.

Hala ere, biharko saioa aurrekontuak onartzeko prozedura arrunta jarraituko du. Lehenengo gauza Abotsanitz udal taldeak aurkeztu duen osoko zuzenketa eztabaidatzea eta bozkatzea izango da. Aurrera ateratzen ez bada, ondoren oposizioko taldeek aurkeztu dituzten 150 inguru emendakinak aztertuko eta bozkatuko dira. Udal taldeek adostu dutenez, proposamenak multzoka kudeatuko dira.

Sagarzazu alkateak nabarmendu zuenez, 2022 urterako Gobernuak landu duen proposamena Hondarribia Indarberritzen leloa darama eta "covidak ezarri dituen ziurgabetasunaren eta erronken aurrean, suspertzeko eta etorkizunerako" aurrekontu bat da. Planteamendua lau ardatz estrategiko aurreikusten ditu: pertsonak eta familiak (3,5 milioi euro), tokiko ekonomia suspertzea (1,1 milioi), garapen iraunkorra (7,8 milioi) eta herritarrantzako zerbitzuak hobetzea (4,7 milioi).

Ogasun zinegotzia den Juan Mari Altunak xehetasun gehiago eman zituen aurrekontuaren inguruan, Hondarribiko Udalak izan dituen hirugarren aurrekontu handienak izango direla aipatuz. Inbertsioen kapituluan, Altunak proiektu berriak gauzatzeko 2,4 milioi euro bideratuko direla zehaztu zuen. Proiektu nagusia hiriko hamabi kaletan hobekun-tzak egiteko berrirtartze plan bat izango da, baina beste ekimen batzuk aurreikusten dira ere; esaterako, San Nikolas zubiaren zaharberritzea.

Bestalde, Sagarzazuk aurreratu zienez, Hondarribiko Udalak aurrekontuak osatzeko prozesu partehartzaile bat eramango du aurrera lehendabiziz datozen hilabeteetan. Nahiz eta aurrekontuen onarpenerako prest ez egon, hondarribiarrek prozesuan erabakiko dutena udal kontuetara 2022ko lehenengo hiruhilekoan sartuko da, aurtengo likidazioaren ondorengo kreditu aldaketan.

2021-12-02T09:44:02+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo