Gipuzkoa

Hondarribiak badu bere Euskaraldirako herri batzordea

Udalerriko hogeitik gora eragilek parte hartu zuten pasa den astean egindako taldea sortzeko saio irekian
Euskaraldiko herri batzordea sortzeko egin zen bilera irekian parte hartu zuten pertsonak.
Euskaraldiko herri batzordea sortzeko egin zen bilera irekian parte hartu zuten pertsonak. / A.M.S.

Hondarribiko Udalaren deiari erantzunda, hogei bat entitatetako ordezkari eta norbanako bildu ziren joan den astean Euskaraldiaren herri batzordea osatzeko. Udaletik azaldu dutenez, “saio emankorra” izan zen, eta bertaratuek aurtengo edizioaren xehetasunak aztertzeaz gain, besteak beste, herri-mailako egitasmoak zirriborratzen hasteko aukera izan zuten.

Bilera burutu ondoren, Hondarribiak ofizialki martxan jarri du aurtengo Euskaraldia. Sortu den batzordeak izango du udalerriko biztanleei ekimen honen helburuen berri eman eta jarduerak antolatzeko ardura.

Lelo baten bila

Euskaraldia herri-mailan ondo errotzeko lehen erabakia hartu duela batzordeak, hau da, lelo bat hautatzea. Horretarako, herritar guztiei egin die deia haien ekarpenak euskaraldia@hondarribia.eus helbidera bidal ditzaten. Proposamen guztien artean, lantaldearen hurrengo saio irekian herriaren bereizgarri izango den esaldia aukeratuko dute.

Bestalde, Euskaraldia eta euskararen erabilera zabaltzeko herriko auzo guztietan ekimen informatibo eta ludikoak bultzatuko dira. Horretarako, batzordeak lantalde bereziak osatuko ditu. eta horien helburu nagusia norbanakoak eta entitateak proiektu honetan parte hartzera gonbidatzea izango da.

Zentzu honetan, gogoratu behar da entitateentzat izena emateko epea apirilera arte egongo dela zabalik; norbanakoentzat, berriz, martxoaren 15ean hasi eta maiatzean itxiko da. Parte hartzea doakoa da, eta egin beharreko ariketa garrantzitsuena, kalean, lanean, lagunen artean, bezeroekin, bizilagunekin eta edonon euskaraz aritzea da.

Bukatzeko, Euskaraldiaren batzordearen hurrengo bilera irekia otsailaren 18an, asteartea, egingo da arratsaldeko 18.30ean Udaletxeko Areto Nagusian.

2025-02-12T15:15:05+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo