Hondarribiko Udalak dolu laguntza emateko programa pilotu bat abiarazi du, herritarrek horrelako prozesu batean behar duten sostengua jaso dezaten. Ekimen honen bidez, doluan sakontzea eta pertsonak laguntzea du helburu Udalak, gizarte laguntza eskainiz une gogorretan.
Programa hau baliagarria izango da dolua igarotzen ari diren hondarribiarren osasun emozionala eta ongizatea hobetzeko. Josu Peña Gizarte Kohesiorako zinegotziak adierazi duenez, “askotan beldurrarekin hitz egiten da heriotzaz, eta barneko minak askatzea kostatzen zaigu. Hori dela eta, zerbitzu honekin, doluan sakondu nahi da eta pertsonen bidelagun izan. Udaletik herritarrengandik gertu egon nahi dugu, batez ere halako egoera batean daudenean. Horregatik, dolu prozesu batean dagoen hondarribiar orok, laguntza psikologikoa jasotzeko aukera izango du hura pasatzeko”.
Laguntza psikologikoa bai banakako saioen bidez, bai taldekoen bidez eskainiko da, pertsona bakoitzaren egoeraren arabera. Gainera, zerbitzua doakoa izango da.
Zerbitzuaren xehetasunak
Dolu laguntza zerbitzua asteazkenero eskainiko da, 13:00etatik 17:30etara, Kasino Zaharreko lehen solairuan. Bertan parte hartu nahi dutenek Hondarribiko Udalaren webgunearen bidez egin beharko dute eskaera, bai eta Gizarte Zerbitzuetara deituz 943 111 291 telefono zenbakian. Behin eskaera eginda, psikologoa interesdunarekin harremanetan jarriko da, bere egoera baloratu eta egokiena den saioa zehazteko.
Herritarren beharretara egokitutako zerbitzua
Oihane Garamendi izango da zerbitzuaren psikologoa. Gaur goizean, Garamendik ekimen hau eskertu du eta bere garrantzia azpimarratu du: “Hondarribiko Udalak emandako urratsa eskertzekoa da. Dolu prozesu batean dagoenak laguntza behar du eta erakundeak horretarako prest egotea azpimarratzeko modukoa da”.
Psikologoak azaldu duenez, lehen saioa funtsezkoa da pertsonaren egoera ebaluatzeko eta jarraipen egokia egiteko: “Banakako zein taldeko saioak eskainiko dira. Bi eskuhartze mota hauek konbinatzea oso interesgarria da, baina prozesu guztia pertsona bakoitzaren beharretara egokituko da. Zentzu honetan, lehen saioa oso garrantzitsua da balorazio bat egiteko, eta hortik aurrera lanean jarraitzeko”.
Era berean, Garamendik nabarmendu du bera laguntzeko dagoela, baina argi utzi du zerbitzua “bastoi bat bezalakoa” dela egoera txar horretan dagoen pertsonarentzat, baina berak ere urratsak eman behar dituela denborarekin bastoi hori poliki-poliki erretiratzen joateko.
Lagungarri izan dakiekeela jakinda, dolua pasatzen ari diren hondarribiarrak beldurrik gabe programan parte hartzera animatu ditu Peña zinegotziak. Gainera, ekimen hau Hondarribiko Udalaren Gizarte Zerbitzuen barruan kokatzen dela gogoratu du, eta hurrengo hilabeteetan pilotu gisa martxan egongo dela, harrera ona izanez gero etorkizunean sendotzeko asmoarekin.