Gipuzkoa

Hondarribiko aristek 6.000 euroko bi beka eskuratu ahalko dituzte

'Hondarribia sormen hiria' deialdiaren oinarriak datorren astean argitaratuko dira, eta hilabeteko epea irekiko da eskariak aurkezteko
Goio Uriarte, Maddi Karton eta Ortzi Alonso martxoan irekiko den Madalen 5 kultur espazio berrian. / N.G.

Datorren astean argitaratuko dira herriko artistei zuzendutakoHondarribia Sormen Hiria’ bekaren oinarriak. Hortik aurrera hilabeteko epea irekiko da artistek 6.000 euroko bi dirulaguntza jasotzeko eskaerak aurkezteko.

“Kultura txikitik handira eta behetik gora saretu nahi dugu” esan zuen Ortzi Alonso Kultura zinegotziak. “Pasa den astean herriko ia 30 artista eta sortzaileekin Kultur Etxean antolatutako bilera egin genuen, oso positiboa izan zena, artisten arteko harremanak, elkar ezagutza eta elkarlana bultzatzeko, besteak beste”, gaineratu zuen.

Edozein disziplina artistikoa

Zinegotziak azaldu zuenez, beka berri hau lehen eskaintzen ziren kultur sormenerako dirulaguntzen deialdi eguneratua da. ‘Hondarribia Sormen Hiria’ lelopean 6.000 euroko bi beka eskainiko dira.

“Oinarriak datorren astean argitaratuko badira, aurreratu daiteke herrian hamar urtez erroldatuak egon diren sortzaileei zuzenduta dagoela, eta sormen artistikoko diziplina anitz kontuan hartuko dituztela: margoa, eskultura, obra grafikoa, argazkigintza, ikus-entzunezkoa eta zinemagintza, komikigintza, arte eszenikoak, musika eta konposizio digitala” gehitu zuen Maddi Carton Kultura teknikariak.

Kultur espazio berri bat

Bestalde, bekari esker garatzen diren proiektuak jendaurrean aurkezteko aukera izango dute, martxoaren hasieran zabalduko den Madalen 5 kultur espazio berrian, eskailera mekanikoen lehen zatian dagoen lokalean. “Lokal eder hau erakusketa gune bat izatea nahi genuke, baina batez ere artista eta sortzaileentzako tailer izateko bokazioa edukiko duena”, esan zuen Alonsok. 

Era berean, “herrian dagoen artistentzako espazio gabeziari erantzuteko”, Udalak aspaldi itxita dagoen Alde Zaharreko Polborina udaberrian ere ireki nahi duela aurreratu zuen zinegotziak. “Ez dakit lortuko dugun, baina auzoko merkatari, ostalari eta bizilagunekin sinergiak bilatu nahi ditugu”.

Bukatzeko, Goio Uriarte Kultura teknikariak azaldu zuenez, Udalak herriko sortzaileen bidelagun izan nahi du. “Egoera zein den testatu, arte giharra ote dagoen eta norainoko beharrak dituzten identifikatu nahi ditugu, baina udalak tutorizatu gabe, elkarlana sustatu nahi dugu harreman horietatik sinergia berriak sor daitezkeelako”.

15/02/2025