Hondarribiak pasa den astean ospatu zituen jaien oso balorazio positiboa egin du Udalak egun hauetan. Guztira 96 jardunaldiz osatutako programak izan duen parte-hartze handia eta eguraldi bikaina nabarmendu dute tokiko administraziotik. “Poza sentitzen dut, alkate naizen aldetik, programatutako jarduera guztiak normaltasunez eta jende askorekin egin ahal izan direlako”, adierazi du Txomin Sagarzazu alkateak.
Zorionez, azken bi urteetan Hondarribiko jaiak ospatu ezin izan diren arren, aurtengoan ez da nabarmendu beharreko gorabeherarik izan, jaiek sortzen dituzten ohiko eragozpenez gain. Hala iragarri dute Udaltzaingotik, lapurreten eta ebasketen salaketa kopurua nabarmen jaitsi direla gehituz.
Irailaren 8ari, Alardearen egunari, dagokionez, “eguna amaitzean sentsazio orokorra pozik egoteko modukoa izan zela” azpimarratu du Sagarzazuk. Izan ere, herritarrek errespetuz jokatu zutela gogorarazi du alkateak: “Inork ez du konponbidearen giltza, baina herritar guztiek izan duten errespetuari eta bizikide-tzari esker, oso balorazio positiboa egin dezakegu”. Udala osatzen duten talde politikoek adostutako elkarrizketaren kulturan sakontzeko akordioa Hondarribia “indartzen” duela uste du alkateak.
Beste egun garrantzitsu bat hilaren 10a izan zen, larunbata. “Jendetza hurbildu zen Hondarribiara egun osoan zehar”, aipatu du Sagarzazuk. Izan ere, programazio kulturala indartsua zegoen, ETSren kontzertua ekitaldi nagusia zelarik.
Gau horretan, emakumeei egindako balizko 4 ziztada kasu posible ezagutu ziren, eta egoera horietarako adostutako protokoloa aktibatu ondoren, baztertuta geratu ziren. Izan ere, Udalak segurtasun dispositibo potente bat jarri zuen abian jai egunetarako Udaltzaingoarekin, Ertzaintzarekin eta Larrialdi Zerbitzuekin koordinatuta, eta horiek aktiboki lan egin dute egun eta gau guztietan.
Momentuz, jai egunetan ez dira eraso sexistarik salatu. “Hori oso positiboa da, eta pena da aipatu behar izatea, logikoa eta normala izan beharko lukeenean”, amaitu du Sagarzazuk.