Actualizado hace 8 minutos
Maiatzaren 15etik 25era egingo da aurten Euskaraldia. Motorrak berotzeko, Hondarribiko Udaleko Euskara sailak programa oparo bat prestatu du beste sail batzuekin, zein herriko norbanako, talde, eragile eta elkarte ezberdinekin elkarlanean.
“Otsailean Euskaraldiko Herri Batzordea osatu ondoren, eta bertan herriko leloa adostu ondoren, azken aste hauetako lanketa nagusia euskaraldiko egitaraua prestatzea izan da”, azaldu zuen Igor Enparan Hondarribiko alkateak.
Alde batetik, Euskaraldiaren aurretiko jardueren programazioa aurkeztu zuen alkateak eta, bestetik, maiatzaren 15etik 25era egingo diren eta herritik eta herriarentzako sortutako egitasmoak. Enparanek denak helburu bera dutela esan zuen: “Hondarribiarrok euskaraz hitz egin dezagun gehiagotan eta gehiagorekin”.
Euskararen erabilera
Zentzu honetan, alkateak hondarribiarron %72ak euskaraz badakiela gogoratu zuen, baina kale erabilera %16,3koa dela bakarrik. “Hori dela eta, 2025eko Euskaraldia herri mailan euskararen erabileraren aktibazioan benetako mugarri izatea nahi dugu. Hondarribiarrak aktibatzeko, esnatzeko, egoeraz jabetzeko garaia dela iruditzen zaigu eta egoera horren aurrean euskararen erabilera kontziente baten aldeko apustua egiteko momentua dela 2025 urte hau”.
Izan ere, Euskaraldiko leloak, ‘Euskarari ximiko’, aktibazio hori bilatzen du ere.
Ekitaldiak bi multzo nagusitan
Euskaraldia baino lehenago egingo diren jarduerei dagokionez, herritar ororentzat eta herrian zehar toki ezberdinetan egingo dira. Hala nola, Euskaraldiaren inguruko aurkezpenak auzoetan; liburu aurkezpenak; Hitanoko formakuntza saioa; tailerrak liburutegian, gaztelekuan eta ikastetxeetan; euskarazko liburu errazen irakurketa saioak; mahai inguruak; txapen entregaren ekitaldia dantza eskolekin; musika, etabar.
Euskaraldiko programari dagokionez, bi data nagusi aipatu daitezke. Alde batetik, maiatzaren 15ean, Euskaraldiko ariketa sozialaren hasiera egunean, txapa jartzeko ekitaldi kolektiboa egingo da, eta, jarraian, mintzodromo ibiltaria. Bestalde, 24ean, larunbata, Euskaraoke Herrikoia izango da Hondarribian. “Lehen aldiz egingo dugu mintzodromo ibiltaria eta ilusioz gaude nola funtzionatzen duen ikusteko. Hamar egun horietan ere liburu aurkezpenak, parketarren saioa eta bestelakoak ere izango ditugu”, esan zuen Garoa Lekuona Euskara zinegotziak.
“Gure herrian euskararen erabilera datuak oso kaxkarrak dira eta ondorioz erdera nagusi duen herri euskalduna gara. Hori iraultzeko, aldetzeko asmoz, ekitaldiko kolektibo bat antolatu nahi genuen, esnatzeko, aktibatzeko eta herri osoa euskararen alde modu aktibo batean lerrotzeko konpromezua adierazten zuena. Eta azkenean Euskaraoke Herrikoiaren itxura hartu du nahi horrek. Lehen aldiz ere, horrelako erronka bati helduko diogu herri bezala, erronka haundia da, baina bai hasieran Euskara Mahaiko partaideen artean, eta orain ere Euskaraldiko Herri Batzordearen baitan, erronkari heltzeko gogoa adierazi da”, gehitu zuen Lekuonak.
Zenbait hitzordu gehiago
Igor Arrieta Euskaraldiaren dinamizatzailearen hitzetan, “Euskaraoke Herrikoiari dagokionez, 8 ordutako ekitaldia aurreikusi da, arratsaldeko lauetatik gauerdira bitarte. Lehenagotik, bazkaria izango da eta gure kalkuluen arabera 80 partaide lortu nahiko genituzke. Datorren asteetan jarriko dugu apuntatzeko formularioa udaleko web orrian martxan”.