Gipuzkoa

Hondarribiko Udalak HAPOren hasierako dokumentuari egindako alegazioei erantzungo die

159 alegazio jaso dira eta erantzunen txostena web orrian zintzilikatuko da nahi duenak kontsultatu ahal izateko
Lorea Zangitu, Estitxu Urtizberea eta Olatz Mercader. / N.G.

Hondarribiko Udalak HAPOren hasierako dokumentuari egindako alegazioen ondorioz sortu diren aldaketak aurkeztu berri ditu. Hasteko, Estitxu Urtizberea zinegotziak hasierako dokumentu hura 2023ko maiatzeko udalbatzan onartu zela gogoratu zuen, orduan gobernuan zegoen EAJren aldeko bozka bakarrarekin. “Aste berean izan ziren hauteskundeen emaitzen ondorioz, gobernu aldaketa bat izan zen, HAPOren hasierako onespen dokumentuaren jendaurreko epea bete-betean harrapatu zuena. Hori dela eta, espazio hori berrikuspen kritiko bat egiteko erabiltzea erabaki zen, informazioa kontrastatzeko asmoz”, adierazi zuen Urtizbereak.

Horrela, alde batetik, aurreikusita zeuden bi hitzaldiak tailer formatuan egitea erabaki zen; pasa den abuztuan egin ziren eta 127 pertsonak hartu zuten parte. Bestetik, aurretik prestatuta zegoen erakusketaz gain, kontsultarako eta herritarrekin elkartzeko tokiko bulego bat irekitzea erabaki zen, non 67 kontsulta egin ziren.

“Azkenik alegazioak aurkezteko epea hilabete batez luzatu zen, izan ere alegazio horiek dira idazketan parte hartzeko unerik garrantzitsuenetako bat”, gehitu zuen zinegotziak.

Parte-hartze saioak

Parte-hartze saioetan etxebizitza-ereduari buruz sortu zen eztabaida ia esklusiboki, eraikitako etxebizitzek babes ofizialekoak izan beharko luketela, bertako biztanleei lehentasuna emateko.

Transferentzien mekanismoa ere eztabaidaren muinean egon zen, eta alegazioetan ere joera berdina islatu da hirigintza orokorrari buruzkoak ziren helegiteetan. “Ondorioztatu zen bizitoki-larrialdi baten aurrean geundela eta beraz etxebizitza publikoak ahalik eta azkarren lortzeko ahaleginak egin behar genituela. Beraz, hartutako bidea izan da hasierako onespenari aldaketak egitea, ez-funtsezkoak, gauden fasetik aurrera egin ahal izateko”, gaineratu zuen Urtizbereak.

Era berean, zinegotziak alegazio asko jaso direla adierazi zuen, 159 guztira, eta guztiei erantzungo zaiela. “Oraingo honetan helegitea jarri duen pertsona edo elkarte bakoitzak jasoko du dagokion erantzuna ohiko postaz edo elektronikoki. Gainera, erantzunen txostena web orrian zintzilikatuko da nahi duenak kontsultatu ahal izateko. Alegazioak erantzun izanak ez du esan nahi behin-behineko dokumentua bukatuta dagoenik, oraindik idazketan gaude, beraz behin betiko nola geldituko den eta planoak eta abarren zehaztapena aste batzuk atzeratuko da oraindik”.

Bukatzeko, zinegotziak behin behineko dokumentua oraindik egina ez dagoela esan zuen eta herritarrei “pazientzia pixka bat” eskatu zien, “oraindik aste batzuetako lana izango delako”.

HAPOan aldaketak

Lorea Zangitu Udal arkitektuak azaldu zuen HAPOan aldaketa batzuk eman direla, baina oinarrizko gaiak ez direla aldatu. Erabaki nabermenetako bat transferentziak mugatu edo murriztea izan da. “Montañenea eta Cubo de la Madalena eremutan besterik ez dira mantentzen, 2017ko planak gauzatze maila oso altua zuelako eta bizilagun askok etxebitzitza erosia zutelako”, esan zuen.

Bestalde, Basakoko eremuari dagokionez, bertan aurreikusten ziren 250 etxebizitzak ez dira eraikiko, eta bsete eremuetan banatuko dira. Erabaki hau Basakok dauzkan balditnza fisikoengatik, babes ofizialeko etxebizitzak egiteko urbanizazio kostuari aurre egitea zaila delako eta mugikortasunari dagokionez, herri gunetik nahiko urrun dagoelako hartu da.

Bukatzeko, Tudelenea Botika lehen zegoen bezala jarraituko du, eta Etxanikeneako antolamendu xehatua Plan Orokorrean sartuko da. “Horrela lehen fase batean hiri lurretan dauden etxebizitzak eraikiko dira, horiek Plana onartu eta oso gutxira lizentzia lortu ahalko dutelako”, gehitu zuen Zangituk.

Zentzu honetan, Olatz Mercader udal aholkulari juridikoak azaldu zuen babestutako etxebizitzak ahalik eta epe laburrenean herritarren eskura jarri ahal izatea errazu nahi izan dela. Gainera, prozesu parte-hartzaile honetan mugikortasunari eta espazio publikoen kalitateari berebiziko garrantzia eman zaiola adierazi zuen. “Horregatik behin behineko dokumentuak auzo bihotzak aurreikusko ditu, hau da, espazio publikoak non merkatal jarduerak eta zerbitzu publikoak egongo diren, auzoei bizitza itzultzeko”.

10/03/2025