Gipuzkoa

Hondarribiko Zuhaitz Egunak 30 urte bete ditu

Larunbatean egingo da aurtengo topaketa eta, urteurrena dela eta, Udalak azken hiru hamarkadetako lana digitalizatu du
Garoa Lekuona Hondarribiko Udaleko Ingurumen zinegotzia.
Garoa Lekuona Hondarribiko Udaleko Ingurumen zinegotzia. / N.G.

Actualizado hace 2 minutos

Datorren larunbatean, San Telmo inguruan, Hondarribiko Zuhaitz Eguna egingo da, aurten bere 30. urteurrena betetzen duen ekimena. Hiru hamarkadaz, egitasmo honi esker ehunka zuhaitz landatu dira.

Udalak 2024an jaiotako 93 haur eta haien familiak gonbidatu ditu larunbateko Zuhaitz Egunaren ospakizunera. Goizeko 11.00etan, familiek ametzak landatuko dituzte, lehen pinudi bat zegoen tokian. Ekintza honen bidez, baso autoktonoak berreskuratzen jarraituko da, naturarekin harreman zuzena izateko aukera eskainiz haur eta gurasoei.

Makilak 2018an jaiotakoentzat

Ordu bat beranduago, eguerdiko 12.00etan, 2018an jaiotako haurrek bere opariak jasotzeko aukera izango dute. Udalak makil bat banatuko die, baita ‘Xendak’ liburua, euskal abestiekin osatutako liburuxka bat eta USB bat ere. Ekimen honek belaunaldien arteko lotura sendotu nahi du, baita haurrak naturarekin duten harremana sustatu ere.

Garoa Lekuona Ingurumen zinegotziak azaldu zuenez, Zuhaitz Egunaren filosofia ez da soilik haur bakoitzak bere zuhaitza izatea, baizik eta denek elkarrekin baso bat sortzea. “Nahiz eta oso modu indibidualean barneratu den bakoitzaren zuhaitza, azken finean horietako bakoitzarekin lortzen dugu basoak sortzea. Eta ez edozein baso, baizik eta bertakoak. Zuhaitzik ez zegoen tokietan, landatu dira eta hortikan basoak sortu ditugu. Edo pinudiak edo kanpoko zuhaitzak zauden tokietan, haiek kendu eta bertako zuhaitzak landatu ditugu", esan zuen.

Gainera, basoak landatzeko modua ere aldatu dela azaldu zuen. Hasieran, Guadalupe inguruan eta Artzurako bidean, kale moduan ilaratan egiten zen landaketa. Baina denborarekin, zuhaitzak modu naturalago batean landatzen hasi ziren, baso egituratuak sortuz. Azken urteetan, San Telmon egindako lanak izan dira nagusi, eta bertako espezieekin ordezkatzen jarraituko dira pinudi zaharrak.

30. urteurrena

Aurten hogeita hamar urte bete dira Zuhaitz Eguna ospatzen dela, eta zenbaki borobil hau baliatuta, Hondarribiko Udalak azken hiru hamarkadetako lana digitalizatu du. Webgunean mapa interaktibo bat prestatu du, non urtez urte berreskuratu diren baso eremuak ikus daitezkeen. Koloreztatutako eremuen bidez, zein tokitan eta zenbat zuhaitz landatu diren ikusi daiteke, baita haur jaioberrien datuak ere. Landatutako espezieak ere zehaztuta daude, besteak beste, ametzak, lizarrak, gereziondoak eta intxaurrondoak.

Larunbateko topaketa

Larunbatean egingo den ekitaldira joateko, bi bide daude erabilgarri. Batetik, San Telmoko tiro zelaitik igo daiteke, eta bestetik, Higer ingurutik ere irits daiteke. Bi kasuetan, azken zatia oinez egin beharko da.

Eguraldia lagun izango den esperantzaz, Hondarribiko Udalak herritarrak animatu nahi ditu ekitaldian parte hartzera, urteurren berezi honen testuinguruan Zuhaitz Eguna elkarrekin ospatzeko.

2025-03-18T21:01:26+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo