Buscar
Cultura

Iaiaia: irrintziaren inguruko ikerketa sormen artistikotik

Aiaraldeko irrintzi taldea da Iaiaia. Ikerketa artistiko eta antropologikoa egiten dute irrintziari begirada berri bat eman eta jendartean zabaltzeko. Antzinako oihu honek egun duen sinbologia eta garrantzia aztertzeko formatu ezberdinetako esperientziak
2023an egindako sormen laborategian hasi ziren taldearen lehen haziak ereiten.
2023an egindako sormen laborategian hasi ziren taldearen lehen haziak ereiten. / Jose Mari Martinez Bubu

Aiaraldeko hamaika irrintzilarik osatzen dute Iaiaia. Aiaraldea Ekintzen Faktoriak sustatutako sormen laborategi baten ondotik osatu zuten taldea. 2023ko udazkenean izan zen hori, munduko irrintziak eta oihuak lantzen dituen Bruselako YouYou Group ahots taldeko kideekin batera. Aurretik, 2022an Flandriara egindako bisita kultural batean ezagutu zuen proiektua Faktoriako kultur kudeatzaile eta egungo taldekide Nerea Iglesiasek, eta geroztik harreman estua izan dute bi taldeek.

2023ko sormen laborategi horretan oihuen inguruan hainbat esperimentazio ariketa egin zituzten eta sorkuntza artistikorako lehen harriak jarri. Ostean erabaki zuten taldea trinkotu eta proiektua garatu nahi zutenen artean ikerketa eta sormena lantzeko elkarte bat sor-tzea. Egun, hamaika kidek osatzen dute Iaiaia, eta leku askotako talde eta sortzaileekin lankidetzan ari dira irrintziari perspektiba garaikidea eman asmoz.

Aiaraldeko hamaika irrintzilarik osatzen dute Iaiaia tadea.

Aiaraldeko hamaika irrintzilarik osatzen dute Iaiaia tadea. Jose Mari Martinez Bubu

Gogo handiz hasi dute bidea, an-tzinako oihu honen inguruan ida-tzita dagoen apurra jasoz, norbere esperientziak partekatuz eta ahal beste ikertuz. Bidaia pertsonaletan ere ikerketa lanetan aritzen dira, munduko irrintzien inguruko ezagutzak bildu nahian. Gainera, kanpotik proposatzen dieten guztiari heltzen ahalegintzen dira. Irrintziak izan ditzakeen alde eta ertz guztiak interesatzen zaizkie, denetik ikasten baitute. Gauza berriak sortzea dute helburu eta dena zaie aberasgarri.

Hala, lankidetzak, ikastaroak eta performanceak egiten dituzte. Ikuskizunak eman dituzte Orozkon, Laudion, Artziniegan, Donostian, Bilbon, Bruselan eta Anberesen, eta Santanderren ahotsaren inguruko nazioarteko Pevoc kongresuan aritu ziren Irrin-tzia, emozioaren oihua mahai-inguruan solasean. Horrez gain, udan Laudioko irrintzi lehiaketa antolatu zuten eta Orozkoko Abesbatzarekin batera herriko txikien txapelketa prestatu zuten elkarlanean.

2025era begira beste hainbat proiektu dituzte eskuartean. Urte hasieran YouYou Group-ekin elkartzeko Bruselara bueltatzeaz gain, zenbait lankidetza ari dira prestatzen Virginia Imaz, Tim Harrison & Kris Kelly eta Elizabeth Macklinekin. Epe laburrean, urtarrilaren 19an eta otsailaren 28an egongo da Iaiaia taldearen performanceaz gozatzeko aukera, Bilboko Kampai Espazioan eta Amurrioko Antzokian, hurrenez hurren. Azken horretan, gainera, zineforuma ere prestatu dute: Ekain Martinezen Erraiak film laburra ikusteko eta ostean zuzendariarekin eta Iaiaia-ko kideekin solasean aritzeko aukera egongo da.

Oihu emozionala

Beren performancean ikus-entzuleak alegiazko beste mundu batera garraiatzen dituen atmosfera sortzen dute ia ahots-hutsez egindako hainbat soinuren esperimentazioarekin. Sorginen mundu magikoa iradokitzen duen soinu paisaian murgilarazten dute publikoa, Laboaren kantu batean nola, kasik meditazio fase batera igaroaraziz.

Ikuskizuna hainbat zatitan banatuta dago, ahotsarekin egindako soinuak espazioarekin nahastu eta sentsazio ezberdinak transmiti-tzeko soinu-uhinen bidez. Zenbaitetan bakarka, bestetan talde-elkarrizketan, denek aldi berean… adarra ere erabiltzen dute behinolako komunikazio-tresna izandakoen birdefinizio kulturala egiteko.

Hunkituta, harri egina, liluratuta, ateratzen da jendea Iaiaia-ren performanceetatik. Taldekideentzat bezain zirraragarria da publikoarentzat antzinako oihuaz gozatzeko aukera berritzaile hau. Irrintzi tradizionaletik atera eta ikuspuntu garaikide eta berritzailetik lantzen dute mendez mende euskal kulturaren ikur izan den oihua. Mimo handiz eta elkarlanean sortutako piezaren bidez, publikoak oihu emozional honek transmititzen dituen emozioekin konektatzea lortzen dute.

2024-12-18T17:02:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo