Bizkaia

Ibilaldiak euskaraz 'kalakalata' utzi du Sopela 1.800 partaiderekin

Ondo gosaldu duenaren grina erakutsi zuen Xare txikiak goizeko hamarretan Eneko Bilbao Dangiliske taldeko dantzariak eman zituen argibideak jarraitzeko. Ander Deuna Ikastolako bost urteko haurrarentzat bere lehen Ibilaldia izan zen atzokoa. Eta ez zen edonolakoa izan, aurtengoan ez baita jende multzo handirik elkartu, ez da ibilaldirik, ez janari eta edari zerbitzurik, ez kontzertu erraldorik egon. Hala ere, Ander Deuna Ikastolak eta Betiko Ikastolak elkarlanean antolatu duten edizio honetan tinko eutsi zioten konpromisoari eta, aurtengo leloak dioen bezala, euskarak Sopela kalakalata uztea lortu zuten. Guztira, 1.800 bat pertsonek parte hartu zuten goizean zehar bi txanda eta lau gune ezberdinetan ospatu ziren ekitaldietan.

"Gogo handiarekin etorri da", adierazi zuen Jone Alcaldek, Xareren amak, harmailetatik alabaren pausoak jarraitzen zituen bitartean. Beste hamarnaka ikaslerekin batera ikastolako futbol-zelaian ospatu zen dantza ikastaroan parte hartu zuen. "Denok batera, hasieratik, astiro-astiro", azaldu zien zeremonia-maisuak parte-hartzeko izena aurretik eman zuten Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleei. Batez ere familiei zuzendutako tailer hauetara sartzeko osasun neurri guztiak errespetatu ziren: gel hidroalkoholikoa botatzeko betebeharra, sarrera eta irteerak toki ezberdinetatik eta distantziak mantentzeko derrigortasuna.

Pandemiaren ondorioz bete behar diren neurriak kontuan izanik, lau gune adostu ziren; horietako bi Barinatxe hondartzako goiko aparkalekuan kokatutakoak. Bertaratutako haurrek Mendebaldeko Saharako kultura oso gertutik ezagutzeko aukera izan zuten. Itsasoari begira antolatu ziren henna, turbante eta idazketa tailerrak edota te dastaketa. "Noiz etorri zinen Saharatik?", galdetu zion zazpi urteko haur batek Aicheturi, errefuxiatuen kanpamentu baten jaiotako sahararrari. "Badakizue zergatik aldatzen duen tea edalontzi batetik bestera?", itaundu zien monitoreak ikasleei. Euretako batek asmatu zuen: bitsa egiteko. Bitartean, Betiko Ikastolako Carlak eta Ibaik bere izena sahararrarek idatziko luketen bezala idazten ikasi zuten: "Pixka bat zaila da", ondorioztatu zuten.
Goizez, 10.00etatik 12.00etara eta 12.30etatik 14.30etara, ospatu zen jaialdia bukatutakoan, aurreikuspen guztiak bete zirela azaldu zuen antolakuntzak: guztira, 1.800 lagunek parte hartu zutela agertu zuten, 200 pertsonako taldeetan banatuta. Bestetik, gune guztietan errespetua nagusi izan zela azpimarratu zuten, aldez aurretik egindako lan guztia agerian utziz. Halaber, parte-hartze librea zuen azokan jende mordoa batu zela argitu zuten. "Esperientzia oso aberatsa izan da bi ikastolen artean Ibilaldia antolatu izana. Ezinezkoa izango zen aurrera ateratzea bi komunitateen arteako elkarlana, gogoa eta ilusoa eman ez balira", gaineratu zuten.

Hasiera ekitaldia

Ibilaldiari hasiera emateko ekitaldi xume bat ere ospatu zen goizean goiz. Bertan , Jokin Bildarratzek, Hezkuntza sailburuak, Hezkuntza Legea aipatu zuen. Bere esanetan, ikasleak eta ikastetxeen ahalduntzea izango ditu ardatz. Pandemian zehar prestatutako Ibilaldia izanik, antolakuntzak ikastolek hainbat urtez aplikatu dutena erakutsi zutela iritzi zuen, hau da, aurrera egiteko eta egokitzeko ahalmena. Bestetik, Frantziako Konstituzio Kontseiluak murgiltze ereduaren kontrako ebazpenaren inguruan ere mintzo zen: "Elkarlana ezinbestekoa izango da aurrerantzean ere euskararen alde lan egiten jarraitzeko, Iparraldean zein Hegoaldean". Zentzu horretan, Koldo Tellitu Betiko ikastolako zuzendari eta Ikastolen Elkarteko lehendakariak ere egin zituen adierazpenak: "Euskal Herriko Ikastolen komunitateko kideok kosta ahala kosta defendituko ditugu gure ikastolak".
Ekitaldi berean presente egon ziren, besteak beste, Miren Dobaran, Hizkuntza Politikarako sailburuordea; Lorea Bilbao, Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara eta Kultura diputatua; Paul Bilbao, Kontseiluko idazkaria; Josu Landaluze, Sopelako alkatea; Iban Rodriguez, Leioako alkatea; Xabier Ugalde, Ander Deuna ikastolako zuzendaria; eta Josune Bañales, Ibilaldia Elkarteko lehendakaria. Euskararen berreskurapen lanak oraindik trabak dituela onartu eta elkarlanerako deia luzatu zuten.
31/05/2021