Gasteizko Udalak ibilgailu elektrikoak kargatzeko zortzi gune berri jarri ditu autobus geltokiko aparkalekuan, hiri mugikortasunaren deskarbonizazioa bultzatzeko eta ibilgailu jasangarrien erabilera sustatzeko helburuaren baitan.
Kargagailu berriak dagoeneko erabil daitezke eta karga erdi-bizkorrekoak dira. Mugikortasun Planaren ildo estrategikoen parte dira, emisioen murrizketarekin konprometituta dagoen eta jasangarriagoa den hirirantz aurrera egiteko.
Beatriz Artolazabal Gasteizko alkateorde eta Espazio Publikoaren eta Auzoen zinegotziak azaldu duenez, "karga elektrikoko gune berri horiek instalatzeak mugikortasun garbiago eta eraginkorragoaren alde egiten dugun apustua indartuko du".
"Gasteizek jasangarritasunean erreferente izaten jarraitzea nahi dugu eta, horretarako, funtsezkoa da herritarrei ibilgailu elektrikoen erabilera erraztea, irisgarria den eta ondo banatuta dagoen birkargatzeko sarearen bidez. Zenbat eta kargatzeko aukera gehiago jarri herritarren eskura, orduan eta errazagoa izango da ingurumena errespetatzen duen garraio eredu garbirako trantsizioa egitea", esan du.
Zortzi kargagailu berriak geltokiko aparkalekuan daude, eta horrela, azpiegituraren erabiltzaileek karga zerbitzua izango dute erabilgarri beste kudeaketa batzuk egiten dituzten edo bidaiariak noiz iritsiko zain dauden bitartean.
Karga gune berriak martxan jartzeaz gain, Gasteizko Udalak gogorarazi du autobus geltokiko aparkalekuak tarifaren %100eko hobaria duela 15 minutu edo gutxiagoko aparkatzeetarako. Neurri horren helburua da bidaiariei laguntzea eta geltokiaren erabilera erosoagoa eta irisgarriagoa egitea.
"Bidaiatzeko edo beste pertsona batzuei laguntzeko autobus geltokia erabiltzen dutenen bizitza erraztu nahi dugu. Hobari horrekin, iritsierak eta agurrak arinagoak eta erosoagoak izatea eta errotazio handia egotea lortu nahi dugu", adierazi du Artolazabalek.