Idiazabalgo San Blas jaietako desfilean batukada taldeak izandako harrera beroa ikusita, urrian hasitako batukada ikastaroa luzatzea erabaki du Udalak. “Batukada ikastaroak jarraipena izango du datozen hilabeteetan eta egungo taldearekin bat egiteko aukera egongo da”, azaldu du Idiazabalgo Udalak.
Ikastaroa otsailaren 14an, ostiralean, hasiko da. Saioa eskolako patioan egingo da, 18.30etatik aurrera. Hurrengo saioa hilaren 28an izango da. Dena den, ikastaroak ez du ordutegi finkorik izango; ikasleen eta irakaslearen artean adostuko dira hilabete bakoitzeko datak eta orduak.
Idiazabalgo batukada ikastaroa doan da eta ekainera arte iraungo du. Parte hartzeko interesa duten pertsonek udaletxean edo online eman dezakete izena.