Buscar
Gipuzkoa

Idizabaldarrek basoei eskaintzen diete martxoa

‘Basoa ondare’ jardunaldiak antolatu dira haur eta helduentzat
Idiazabalgo herria mendiz eta basoz inguratuta. | ARGAZKIA: N.G.
Idiazabalgo herria mendiz eta basoz inguratuta. | ARGAZKIA: N.G.

Martxoan zehar, Basoa ondare jardunaldiak izango dira Idiazabalen. Idiazabal Kirol Elkartearen Mendi Sailaren eta Aita Iparragirre eskolaren arteko lankidetzaren emaitza da programa. Aurrera eramango diren saioetan basoak gurean duen garrantzia aztertuko da.

“Lehen aldiari begiratuko zaio aurrena, basogintza tradizionalaren moldea hobeto ezagutu eta zer nolako aztarna utzi duen ikusteko helburuz”, azaldu dute antolatzaileek. “Landa inguruneak azken mendean izan duen eraldaketa prozesuak, ordea, basogintza ere bete-betean harrapatu du eta ez dago oso garbi gizartearen beharrizan eta eskaera berriei modu egokian nola erantzutea komeni den; irtenbideak zein diren zalantza dago. Horien aurrean, eskaintzen ari den alternatiba bat edo beste plazaratzea ere bada jardunaldi hauen helburua”, gehitu dute. “Herritarrei gai horien inguruan dauden aztergai eta aukeren ezaupidea ematetik harago, nolanahi ere, neurri batean behintzat, horietan murgildu eta bertatik bertara aritzeko modua ere eskainiko zaie. Helburua, beti ere, guztiok gai honen inguruan kezkatua eta arduratsuago jokatzeko oinarria sendotzea izango da”, adierazi dute jarraian.

Ostegunean lehen saioa aurkeztuko da, Valentin Mugarza basogintza teknikariaren eskutik. Izan ere, Joxe Ramon Agirre mendizalearekin eta Alvaro Aragon Euskal Herriko Unibertsitateko irakaslearekin batera sortutako ikus-entzunezkoa aurkeztuko du. Zuhaitz motzei buruzko informazioa azaltzen da bertan. Proiekzioa Udaletxeko areto nagusian izango da, arratsaldeko 19.00etan.

Igandean, aldiz, Mugerza gidari, ibilaldia egingo da Etzegarateko mendira. Hain zuzen ere, mendiaren zati handi bat Idiazabalgo herriari dagokio. Txangoaren helburua, Idiazabalgo mendietan lehenagoko basogintzak utzitako aztarna antzeman eta ezagutzea izango da. Goiezko 9.00etan, plazatik abiuatuko da mendizale taldea.

Hilaren 20etaik 25era bitartean, Joxe Bikuña Agirre ataundarraren zuhaitz eta zuhaixken erabilpenaren inguruko erakusketa ikusgarri izango da Udaletxeko areto nagusian. Astelehenean, Bikuña bertan izango da bertaratutakoei erakusketaren inguruko zalantzak eta bitxikeriak azaltzeko.

Martxoaren 21ean, berriz, Udala eta basogintza: zer egin? hitzaldia eskainiko dute Iñaki Aizpuruk eta Mikel Etxeberriak. Saioa Udaletxeko Areto Nagusian izango da, 18.00etan. Azkenik, hilaren 22an, idiazabaldar gazteenek zuhaitzak landatuko dituzte, goizeko 9.00etatik aurrea.

2023-03-15T05:04:07+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo