Buscar
Cultura

Igande honetan jokatuko da Bertsolari Txapelketa Nagusiko finala

Zortzi finalistak prest daude Nafarroa Arenan jokatu den lehiarako: Maialen Lujanbio, Aitor Mendiluze, Alaia Martin, Amets Arzallus, Beñat Gaztelumendi, Joanes Illarregi, Nerea Ibarzabal eta Sustrai Colina
Zportzi finalistak, Nafarroa Arenan egindako aurkezpenean
Zportzi finalistak, Nafarroa Arenan egindako aurkezpenean

Iristear da unea. Irailaren 24ean abiatu zen Bertsolari Txapelketa Nagusiak bere azken agertokia izango du Iruñeko Nafarroa Arena igande honetan, artean 14 oholtzatik igaro ondoren. 11:00etan hasiko da lehia, eta arratsaldeko azken orduan jakingo da nor den txapelduna. Lanerako prest daude antolatzaileak, gozatzeko prest sarrera eskuratu duten 13.000 zaleak, gozatzeko eta euren onena emateko gogoz txapelketako edizio honetako zortzi finalistak: Aitor Mendiluze Gonzalez, Alaia Martin Etxebeste, Amets Arzallus Antia, Beñat Gaztelumendi Arandia, Joanes Illarregi Marzol, Maialen Lujanbio Zugasti, Nerea Ibarzabal Salegi eta Sustrai Colina Acordarrementeria.

Bakoitzak bere bidea egin du helmugara iristeko, gazitik zein gozotik dastatuz, norberak bere moduan eta norbere abiapuntutik. Izan ere, batzuei urrun gelditu zaie txapelketa den lasterketa luzearen hasiera: Martinek, Illarregik eta Ibarzabalek lehenengo fasetik ekin zioten bertso-lehiari, eta hiru saio josi ondoren iritsi dira azken oholtzara. Aurreko edizioan finalista izandako Mendiluzek, Arzallusek, Gaztelumendik eta Colinak erdibidean heldu zioten leihari, finalaurrekoen fasean; eta bakar batek, egungo txapeldun Maialen Lujanbiok, azken saioa izango du lehena. Nafarroa Arenan egindako agerpenean nabarmendu bezala, aldiz, finalari dagokionez daukaten sentipena komuna da: ilusioa.

Dudarik gabe, zaleekin konpartitzen duten ilusio bera. Izan ere, Gontzal Agote Bertsozale Elkarteko ordezkariak aditzera eman bezala, azpimarragarria izan da publikoaren jarraipena Bertsolari Txapelketa Nagusiari dagokionez, saio guztietako aretoak betetzeraino: “Ekainean txapelketa aurkeztu genuenean intuizio bat partekatu genuen: bertsozaleengan gogo berezia zela txapelketarako, plazak berriro hartzeko, esperientziak berriro partekatzeko; eta zorionez, hala izan da”. Finalerako sarrerak, elkarteko ordezkari Oier Iurramendik adierazi bezala, irailean agortu ziren, gogo bizi horren erakusgarri.

“Bertso plazarekin ere kezka genuen”, erran zuen Agotek, “baina horrek ere onerako bidea egin da”. Alde horretatik, Txapelketa bertso plazan dagoen errealitatearen isla izan dela azpimarratu zuen, “bai bertsokeran, baita gaien heldulekuetan, ertzak bilatzeko moduetan, bide berriak urratzean, ekarpenak egiteko ahaleginean, gaitegian eta begiradan”.

Final esanguratsua, arrazoi anitzengatik

Igandeko finala plazetan eta, orokorrean, bertsogintzan azken urteotan jorratutako bidearen isla ere izango da. Lujanbiok zein Colinak prentsaurrean egindako agerpenean adierazi moduan, aurtengo finalak “esangura politiko handia” izango du, kontutan hartuta lehen aldia izango dela oholtzan hiru emakume arituko direla, belaunaldi artekotasuna bermatuta dagoela eta lehenengoz nafar hiriburua izanen dela txapelketako finalaren agertokia. “Bere esangura guzti horiekin, saiatuko gara testuinguru horretan era egokiz, balio artistikoz eta bertsoz janzten igandeko besta”, azpimarratu zuen egungo txapeldunak. “Argazki hau ez da orain dela bost urtekoa”, gehitu zuen Colinak, “uste dut esanahi politiko eta emozional asko islatzen direla argazki honetan. Igandekoari begira, ez daukat dudarik eztanda emozional bat izango dela”.

Halaber, lehen aldia izango da finalisten artean nafar bat arituko dela. Illarregirentzat, Nafarroan jorratutako bidearen emaitza da hau: “Niretzako poz eta ohore bat da Nafarroan ospatuko den lehendabiziko final honetan kantatzea. Ni izan naiz kasu honetan, baina ez nintzen hor zegoen bakarra. Nafarroan azken urteotan eman diren aldaketen erakusgarri dela uste dut”.

Goiz eta arratsaldeko jarduna: busak, bazkaria...

Goizeko 11:00etan ekingo zaio finalari, Iruñeko Nafarroa Arenan. Hala ere, antolatzaileek gogoratu moduan, bi ordu lehenago irekiko dira aretoko ateak, jende pilaketa ekiditeko. Modu berean, antolakuntzak jarritako autobusak edo garraio publikoa erabiltza eskatu du Bertsozale Elkarteak, eguneko martxa ez eragozteko. Iruñeko autobus zerbitzu pubikoko 1, 6, 9, 11 eta 16 lineek konektatzen dute Nafarroa Arena hiriko erdigunearekin zein beste auzoekin.

14:30ean amaituko da goizeko saioa, betiere bertsolarien jardunaren arabera, eta bertaratzen direnek aukera desberdinak izango dituzte bazkaltzeko. Hala, aldamenean dagoen Nafarroako Unibertsitate Publikoko kirol instalazioetan, Zubillaga Catering enpresaren eskutik menua eskainiko da. Aukera hau baliatu nahi izanez gero txartela eskuratu beharko da aldez aurretik, www.bertsosarrerak.eus atarian. Sadar estadioan, etxetik eramandakoak estalpean jan ahal izateko aukera izango da, eta bertako taberna eta komunak ere erabilgarri izango dira.

Arratsaldeko 17:00etan abiatuko da berriz bertso-saioa, zortzi finalisten azken ariketak eta puntu gehien bilduko dituzten bi bertsolarien arteko buruz-burukoarekin.

Iñaki Murua, txapel-emaile

Aurrez iragarri bezala, aurten Iñaki Murua Jauregik jantziko dio txapela irabazleari. Bertsolaria ez ezik, bertsolaritza mugimenduko eragile handia izan da Iñaki, Gabiria bere herrian zein Euskal Herri osoan. 2005etik 2018ra Euskal Herriko Bertsozale Elkarteko lehendakaria izan zen. Muruarekin batera, gainera, sari emaile gehiago ere izango dira finalean bertsolaritza, kulturgintza, euskalgintza eta nazioarteko sarea ordezkatuz. Bakoitzak euskal artista banaren artelanak banatuko dizkie finalistei.

Etiquetas
2022-12-14T15:16:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo