Buscar
Vida y estilo

“Ikasi dut ziurtasunik ezari pisu handirik ez ematen, eta trabak traba disfrutatzen”

Kepa Errastik gizonezko antzezle onenaren saria irabazi du Besarkada sarietan ‘Postdatarik gabeko gutunak’ antzezlanarengatik. Sariez, aktoreen ikusgaitasunaz eta bestez mintzatu da
Kepa Errasti, saria jaso zuen egunean.
Kepa Errasti, saria jaso zuen egunean. / Ainhoa Resano

Taula gainean, kanpoan eta pantailan aritzen da Kepa Errasti aktorea eta gidoilaria (Aretxabaleta, Gipuzkoa, 1981). EAB Euskal Aktoreen Batasunak Besarkada sariak banatu zituen urriaren 2an, eta Errastik gizonezko antzezle onenaren saria irabazi du Postdatarik gabeko gutunak antzezlanean egindako lanagatik. Hala nola, sariez, galaz, aktoreen ikusgaitasunaz eta bakardadeaz mintzatu da: “Zein bidegabea da horrelako galetan beti ikusgarritasun handiena daukaten aurpegiak izaten direla ikusgarri jartzen direna”.

Zer moduz zaude saria jaso berritan?

Pozik. Egia esan saria baino gehiago galak izan zuen erantzunarengatik eta jendeak galarekiko izan zuen jarrerarengatik da. Sariak ere poztasuna ematen du, baina sariek badute horrelako zerbait arraroa, zergatik ni eta ez beste norbait. Gainera, balorerik kendu gabe, gure artean ematen ditugu.

Nolakoak izan ohi dira galak? Tramite modukoak edo elkartzeko leku politak?

Egia da galak tramite modukoak diren heinean, sari batzuk “banatu” behar direlako eta eskaleta nahiko markatua delako, horrek egiten duela batzuetan zuzenegiak izatea edo nire gusturako behintzat gatzik gabeak. Gainera, orokorrean aspergarriak izateko joera izaten dute. Gala bat zuzentzen nuen lehenengo aldia zen, eta pozik nago uste dudalako buelta ematen jakin genuela.

Hodei Arrastoarekin zuzendu zenuen gala. Ikusgaitasunean jarri zenuten arreta.

EABEn 300dik gora afiliatu daude, eta horien portzentaia handi bat guretzat ezezaguna bada, zer esanik ez publiko orokorrarentzat. Zein bidegabea den horrelako galetan beti ikusgarritasun handiena daukaten aurpegiak izaten direla ikusgarri jartzen direnak. Horrez gain, lan mota ugari ere daude aktoreon artean, eta askotan ikusezinak dira.

Horregatik, egin zenion Nerea Ariznabarretak egindako lanari aitortza, sariagatik eskerrak eman zenituenean?

Sari asko bezala, gure artean ematen direnez, uste dut gure arteko harremanek ere pisua daukatela erabakitzeko nor jarri hautagai edo saritu eta nor ez. Herriz herri joaten garenean, jendeak esaten du: “Hara! Ze ona beste neska”. Noski! Ni beste, baina kontua da jendeak ez duela horrenbeste ezagutzen. Gainera Nereak egiten duena oso zaila da. Saria jasotzen banuen banekien zerbait esan behar duela. Alde batetik, Nereak oso ongi egiten duelako, eta pertsonaia mutua denez “errazagoa” dirudien arren, niretzako zailagoa delako. Bestetik, hortxe zeuden askok ez zekitelako nor den Nerea.

Gizon eta emakume kategorien artean bereizi ohi dira sariak. Zer-leku daukate bestelako genero identitateek horrelako sari banaketetan?

Aitortzen badizut, elkarrizketa batean gaia atera arte gure artean ez genuen horretaz berba egin. Ez dizkiot buelta asko eman, baina eztabaidatu dugu zenbateraino egiten duen alde edo kontra. Alde batetik, ikusita zenbat genero identitate dauden. Bestetik, ikuspegi binario batetik, aztertzen badugu emakumeek eta gizonek zenbat lan egiten duten, portzentaje horiek kontuan hartuta ez badaude bi kategoria zeintzuk aterako diren irabazten modu praktiko batean. Beste batek proposatu zuen ideia bat izan zen sari kopurua berdina izatea, generoa alde batera uztea eta kategoriak guztiz aldatzea; adibidez, bigarren mailako aktore onena edo ipuin kontalaririk onena. Uste dut eztabaida polita edo interesgarria dagoela.

‘Postdatarik gabeko gutunak’ antzezlanean egindako lanagatik jaso duzu saria. Bakardadea da nagusi. Nondik heldu diozue?

Igual ideia erronka berekoi pertsonal batetik sortu zen, bakarrizketa bateri aurre egin nahi niolako. Iruditu zitzaigun giltzapean edo preso zegoen pertsona batek bakardadeari buruz bakarrizketa batean hitz egitea oso polita izan zitekeela. Hortik hasi, eta moldatzen joan ginen. Ostean, bizitasuna emateko musika zuzenean izatea polita litzatekeela pentsatu nuen. Orduan, okurritu zitzaidan alegiazko lagun bat izatea pertsona horrek. Lagun horri forma nola eman gero etorri zen, eta pentsatu genuen Charlotez jantzita egotea zinema mutuko ikono garbienetako bat delako. Gutxika sortzen joan ginen eta beste gai batzuk ere nahastuz joan ziren. 

Inola gorpuzten da bakardadea bakardadean erori gabe?

Bigarren pertsona bat sortu genuenez, banuen nori zuzendu. Gainera, obran kontatzen da nola bost urte preso egon ostean, Mikelek erabaki-tzen du azken ordua hilabete askotan jaso dituen gutunen igorleari eskaintzea. Bazeudenez puntu jakin batzuk jakiteko nori zuzendu horrek laguntzen du.

Bakardadeaz bai, baina ez bakarrik. Nola sentitu zarete elkarrekin oholtzan?

Oso ondo. Zailena izan da bakardaderi aurre egitea. Lehenengo entseguetan testuarekin itsutzen eta testuan murgiltzen nintzenez, nire bakardade horretan ahaztu egiten zitzaidan beste pertsona bat edo aktore bat nuela alboan. Ez nion begiratzen pertsona horri, baina aldi berean ondoan neukan estimulu pila bat ematen. Oso polita izan da ikustea bi pertsona gaudela eta bion artean sortzen dugula pertsona bakarraren unibertsoa. 

Zure aldakortasuna eta presentzia eszenikoa nabarmendu zituzten. Urteekin ikasi egiten da?

Ni igual ez naiz oso kontziente horretaz, baina jabetzen naiz besteek esaten didatenean edo gazteagoek esaten didatenean asko ikasten dutela nirekin. Niri horrek izugarrizko inpresioa eragiten dit. Ez dakit den segurtasun kontua edo adinarekin gehiago disfrutatzen ikasi dudala. Barruan izan ditzaketen mamuak beti egongo dira, laurogei urterekin baita. Antzezten hasi nintzenean asko harritu ninduen gauza bat izan zen lan asko egindako aktore batek zenbat segurtasun gabezia zuen. Uste dut ziurtasunik eza ez dela inoiz desagertzen, eta desagertuko balitz akabo. Ikasi dut ziurtasunik ezari pisu handik ez ematen, eta trabak traba disfrutatzen eta ongi pasatzen. Uste dut horrek ematen duela egoteko beste leku bat.

Antzerkian, zineman, oholtzan zein oholtzatik kanpo ibiltzen zara. Zeinetan sentitzen zara erosoen?

Ez pentsa, azkeneko hiru lau urteetan egin dut lan gehien zineman. Oholtzak badu zerbait ikus-entzunezkoek ez dutena su txikian egiten delako. Denboran gehiago luzatzen da, denbora gehiago eskaintzen diozu lanari, entseatu aurreko irakurketa prozesua dago, entseguak luzeagoak dira, emanalditik emanaldira gauzak aldatzen doaz eta segurtasuna hartzen zoaz, publikoaren bertakotasuna, egunero desberdina izatearen hori… Badu zerbait beste batzuek ez dutena. Antzerkian gainera, aktore taldearen esku dago oholtzaren gainean gertatzen dena eta istripuetako arrisku handiago dago. Inprobisaziorako ere, eta horrek adrenalina puntu bat dauka. Oso bizirik sentiarazten nau. Zineman aldiz, akatsak badaude mozten da.

Antzerkitik zinemara egindako aldaketaz hitz egiten denean, batzuetan badirudi handira egindako jauzi bat dela. Nola bizi duzu zuk hori?

Agian da zinemarekiko idealizazio moduko bat dagoelako. Praktikotasunari begiratuta, zineman gutxiago lan egiten da eta hobeto kobra-tzen da kar-kar-kar. Horretaz gain, glamourraren mobida dago, mobida diot, oso hutsala iruditzen zaidalako. Berarekin dakarren gauza bat da eta sartzen zarenean egiten duzu eta listo. Agian, zineman lan egiteko aukera gutxiago dagoenez, esklusibotasun horrek idealizazioari leku handiagoa ematen dio. 

Nola ikusten duzu euskararen presentzia zineman?

Beti egin daiteke gehiago, baina uste dut datorren urtea oparoa izanen dela gutxienez hiru edo lau pelikula egonen direlako. Hori gurea bezalako herri txiki batentzat asko da. Hala ere, uste dut erreferenteak falta direla ez soilik zineman, orokorrean, fikzioan. Gaztelaniaz istorio eta erreferente pila bat ditugu, baina euskaraz hanka motz geratzen gara arrotza egiten zaigulako. Bide luzea geratzen da oraindik. 

Aurrera begira zer daukazu esku artean?

Ez dakit gauzak zenbatera esan ditzakedan. Gauzatxo txiki batzuk ditut ikus-entzunezkoetan, Postdadarik gabeko gutunak obrarekin martxan jarraituko dugu, zuzendaritza parketatua egingo dut obra batekin, Euskadiko Orkestra Gaztearekin badaukat ere proiektu txiki bat. Hemendik Gabonetara bitarte badaude proiektuak, baina beti horrela ibiltzen gara. Epe motzera ibiltzen gara. Gabonetatik aurrera, jakizu. Donostiako antzerki eskolan irakasle naizenez, eta aurten ordu gehiagorekin, zen-tzu horretan, urritik maiatza bitartean astero badut egin behar bat. Horrek nolabaiteko lasaitasuna ematen du. Egia da aurrerago egiteko ideiak baditudala. Zenbatetan entzun diet aktoreei iraupen lasterketa bat dela lanbidea oso aldakorra delako. Egun batean lan pila bat duzu eta beste batean ez. Lanbide honetan ezin duzu inoiz egiatzat edo emantzat ezer eman. Nik uste lan asko egitearen arrazoia dela nik neuk sor-tzen dudala. 

Ideiak kozinatzen ari zara. Noiz edo nola etor-tzen zaizu inspirazioa?

Jendeak askotan esaten du idaztearekin etortzen zaiola, baina niri ez. Bat-batean etortzen zait ideia bat, igual aparkatzen dut, denbora batean etortzen zait; ez dakit, oso zatika. Asko gustatzen zait mendira joatea, eta askotan, ibiltzen etortzen zaizkit ideiak. Egia da ideia horiek eseri ezean desintegratzen direla. Ordenagailu aurrean erantzunik edo emaitzarik jaso gabe pentsatzen egoteak oso urduri jartzen nau.

2024-10-23T16:05:11+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo