Dagoeneko 50 urte baino gehiago izan dira gure ikastolak Nafarroako erdialde honetan sustraiak ipini zituenetik. Ehundaka ikasle eta familia izan dira gure alboan euskal kultura Tafalla herrian sustatzen eta zabaltzen. Ikastolak herriarekin duen konpromisoa jakina da aurrera eramaten dituen ekintza arrakastatsuak ikusirik: gabonetako eta inauterietako kalejirak, Plano mendiko Oinez basoaren landatzea, herriko eta inguruko denda txikiekiko konpromisoa, besteak beste, eta oraingoan artikulu honen bidez jakinarazi nahiko genukeen Santa Ageda egunaren ospakizuna.
Otsailaren 4an, Santa Ageda bezpera ospatzeko ohitura dago Euskal Herriko hainbat herritan. Tafallan lurra kalez kalez esnatzen joatearen ohitura aspaldikoa da ere eta gure ikastolak hasieratik bat ekin zion Tafallan zehar ilunabarrean zabaldutako ohiturari. Ikastolako hasierako garaietan festa eguna izaten zen ikastolan, gaur egun San Sebastian Tafallako patroi egunean izaten den bezala. Ikastolako ikasleek gogotsu bat ekiten zioten makilekin lurra esnatzeko ohiturari herri mailan antolatzen zen Santa Agedako koplen emanaldian parte hartuz.
Oraingoan ikasturte honetan ikastolan otsaileko lehenengo astean aurrera eraman genituen ekintza ezberdinen berri eman nahiko genizueke.
Lh-3, SANTA AGEDAREN ERDIGUNE
Lehen Hekuntzako 3. maila dugu Santa Ageda eguneko erdigune. Haiek dira urtero gure ikastolan koplen erritmoa beraien makilekin markatzen dutenak gainontzeko ikasleen ahotsen laguntzarekin. Santa Ageda bezpera egunean baserritarrez jantzita etor-tzen dira eta makilaz lagundurik hainbat ekintza burutzen dituzte.
Lehenik eta behin, antzerkia eskain-tzen da: ikasleek Santa Agedako kondaira desberdinetatik kondaira bat aukeratu zuten eta antzerkia prestatu zuten. Ahozkotasuna eta irakurketa lantzeko aukera bikaina izan zen. Bi astez lanean ibili ondoren eskusoinuaren laguntzarekin Haur Hezkun-tzako ikasleei antzeztu zieten.
Eguerdian, haien makilekin lagunduta patiora ateratzen dira eta zirkulu bat eginez Santa Agedako koplak abesten dituzte gainontzeko Haur eta Lehen Hezkuntzako ikasleak inguruan dituztelarik.
Ikastolan abestu eta gero Lehen Hezkuntzako ikasle guztiek baserritar zapia eta txapela jartzen dute eta Lehen Hezkuntzako 3.mailako ikasleekin batera herritik joaten dira koplak abestera. Eskusoinuarekin lagundurik herria alaitzen dute, tafallarrak gure ikasleengana hurbiltzen dira musikaz gozatu eta euskal kultura herrian zehar zabalduz. Familiak gonbidatu egiten ditugu ikastolak herriarekiko duen konpromezu eta lotura denon artean zabalduz.
LH-5, KIDETZA ETA SANTA AGEDA
Kidetza gure Ikastolan egiten den ekintza berezia da ikasle handiak eta txikia harremanetan jartzen dituena elkarrekin jarduerak aurrera eramateko. Modu honetan haien arteko harremanak sustatzen dira eta urtez urte ikasle handiak ikasle txiki berdinaren bikote izaten dira urteak pasa ahala haien arteko harremana sendotuz. Euskara bultzatzeko aukera bikaina izaten da ikasle helduak txikiaren eredu bihurtzen baitira. Kidetza abiapuntutzat hartuz, Lehen Hezkuntzako 5.mailako ikasleak haien kidetza diren Haur Hezkuntzako 3.mailakoekin lan berezia prestatu zuten Santa Ageda astean. Hiru taldetan antolatuta ikasle handiek diapositibak prestatu zituzten Santa Agedako honako kondaira azaltzeko:
SANTA AGEDAREN KONDAIRA
Aintzinako kondaira batek dio behin, udaberria iritsi eta lurra ez omen zela esnatu. Zuhaitzek ez zuten fruiturik eman eta baratzetan ez zen barazkirik atera. Herritarrak oso kezkatuta zeuden, zer egin jakin ez eta Ageda izeneko emakume jakintsu bati galdetu zioten. Agedak, makilekin kalera ateratzeko esan zien eta kantatzen zuten bitartean, makilekin lurra kolpatu behar zuten esnatzeko. Horrela egin zuten eta hurrengo egunean, Agedak esan bezala, lurra esnatu zen. Zuhaitzak fruituz josi ziren eta bara-tzak barazkiz bete. Geroztik, urtero urtero, neguaren erdialdean, hurrengo urtaroko lurra prestatzen den garaian, Euskal Herriko herri askotan makilekin atera eta Santa Agedako koplak abestera ateratzen gara lurra kolpatuz. Lurra, udaberrirako prest egon eta esnatzeko.