Buscar
Actualidad

Ikastolek “adorea” eskatu dute eskola propioa lortzeko bidean

Ikastolen Elkarteak “etsipena” adierazi du Hezkuntzako Euskal Legearen aurreproiektuarekin
Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Koldo Tellitu, ikasturtearen hasieran. | ARGAZKIA: ARNAITZ RUBIO
Ikastolen Elkarteko lehendakaria, Koldo Tellitu, ikasturtearen hasieran. | ARGAZKIA: ARNAITZ RUBIO

Donostia – Ikastolek “ausardia eta kemena” eskatu zieten atzo Eusko Jaurlaritzari eta alderdi politikoei “euskal hezkuntza sistema propioaren alde urrats sendo bat emateko”. Hezkuntzaren Euskal Legearen zirriborroa kritikatzeaz gain, “ekarpen, zuzenketa, negoziazio eta adostasun berriak” espero dituzte. Bergarako Seminarixoa aretoan egin zen atzo ikastolen 2022-2023 ikasturteari hasiera emateko ekitaldia, eta bertan izan zen Jokin Bildarratz Eusko Jaurlari-tzako Hezkuntza sailburua.

Hitzorduaren gai nagusia Hezkun-tza Legearen lehen zirriborroa izan zen. Koldo Tellitu Ikastolen Elkarteko lehendakariak adierazi zuenez, ikastolak “atsekabetuta” daude testu horrekin, eta “ekarpenak, zuzenketak, negoziazioak eta adostasunak eginez, benetan behar dugun Hezkuntza Legea egiteko” itxaropena adierazi zuen.

Zirriborroak “alderdi positiboak” badituela onartu zuen Tellituk, esate baterako “Hezkuntzako Euskal Zerbitzu Publikoaren sorrera, doakotasunaren printzipioa eta helburuak, edota Derrigorrezko Hezkuntza amai-tzean ikasleek eskuratu beharreko hizkuntza-gaitasunak”. “Atsekabea” sortu duten gaien artean honakoak aipatu zituen: “Hezkuntzako Euskal Zerbitzu Publikoan sartzen diren ikastetxeek ez dituztela izango eskubide eta betebehar berberak”, eta horrek, bere ustez, “betikotu egiten du dikotomia publiko-pribatua”.

“Gainera, ikastolak ez gara identifikatuta sentitzen itunpeko ikastetxe pribatu izenburupean definituta”, azaldu zuen, ez dutelako islatzen “ez izaera komunitarioa, ez kooperatiboa, ezta ikastetxe horiek antolatzeko modua ere. Ikastolak sare propioa gara, bestelako izaera publikoa duguna, eta Euskal Herri osoan hedatuta dagoen sarea”, esan zuen. Kritikatu egin zuen, baita ere, zirriborroak derrigorrezko ikasketen amaieran ikasleek lortu behar duten euskararen ezagutza-maila ezarri arren, “ez duela aipatzen Hezkuntza Itunean agertzen zen murgiltze-eredua edo ikaskuntza-eredu orokor inklusiboa”. Horren aurrean, “hezkuntza euskalduna, euskara eta euskal kultura protagonista nagusi eta hezkuntza proiektuaren lehentasunezko elementutzat dituena” aldarrikatu zuen. “Euskarak ezin du hizkun-tza soil baten tratamendua izan. Gure herriaren, kulturaren eta izaeraren oinarria delako” azpimarratu zuen. “Euskal curriculuma ez aipatzea” ere gaitzetsi zuen, “euskal kulturaren belaunaldiz belaunaldiko transmisioa ziurtatzeko ezinbesteko elementua delako”. Haren iritziz, Legearen zirriborroak “ahaztu egin du Euskal Herria”, eta ez omen du azaltzen “nola gauzatuko duen, berez aurrerapena den ikasle eta familia guztiei hezkun-tzarako eskubidea bermatzeko doakotasun helburua”.

Bestalde, Jokin Bildarratz Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak argi adierazi zuen ez dituela ulertzen Ikastolen Elkarteak Hezkuntzaren Euskal Legearen zirriborroari egindako kritikak, eta ikastolei eskainitako “ahalegin” eta laguntza guztiak balioan jarri zituen, “desengainu” hori ez duela ulertzen nabarmenduz.

Ikastolen Elkarteko lehendakariaren kritikak entzun ondoren, behin finan-tzaketaren edo legearen oinarrien inguruan egindako topaketak eta gero ikastolek “atsekabea” adieraztea ez duela ulertzen esan zuen Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza arduradunak. Inolaz ere, lanean jarraituko dutela aurreratu zuen, Hezkuntza Legea etorkizunerako “erabakigarria” delako.

“Ikastolei diru gehiago emateko akordioa onartu dugu, datozen urteetarako finantzaketa bermatu dugu, eta legearen oinarriak mahai gainean jarri ditugu, besteak beste. Guzti horretan elkarrekin lanean jardun ondoren, desengainu hitza entzun behar izan dugu, eta ulergaitza egiten zait”, adierazi zuen. – M. Tolosa

Etiquetas
2022-09-26T06:44:03+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo