Ikastolen sorreran gizartearen babesa “orokorra” izan zen. Azken bi hamarkadatan berriz, “konplexuagoa” izan da egoera jendartean. Hala dio Ikastolen elkarteko lehendakari izandako Koldo Tellituk. Kargua utzi zuenetik urtebete betetzen denean, bere bizipenetatik abiatuta Ni ikastola, XXI. mendeko ikastolen historia sozial bat liburua argitaratu du. Bertan, anekdotak, elkarteko dokumentuak edota urteotan izandako momenturik azpimarragarrienak bildu ditu Elkarteko lehendakari ohiak.
XXI. mendean jartzen du fokua liburuak, zure esanetan “ikastolen onarpen sozialerako konplexuagoa izan den garaia”.
-Bai. Ikastolen inguruan egindako liburu gehienetan garai epikoak lantzen dira; sorrera, ikuspegi politiko batetik izan zuen esanahi guztiarekin, hau da, euskara eta euskal kulturari emandako bultzadak gizarte osoaren errekonozimendua izan zuena. Baina XXI.mendea garai konplexuagoa dela esaten dudanean da 1993an publifikazioa egon zelako tartean, eta publiko-pribatuaren dikotomia mahai gainean egon delako. Jende asko saitatu da ikastola pribatuen talde horretan sartzen… Garai konplexuak izan dira gizartearen errekonozimendua jasotzeko. Sorreran ia unanimidadea egon zen ikastolen ekarpena baloratzeko, baina mende hau konplikatuagoa izan da. Bereziki publifikazioaren ondoren dikotomia mahai gainean egon delako etengabe, eta esango nuke gehienetan ikastoletan zentratuta egon dela, ez hainbeste Kristau eskoletan. Ez da hain erraza izan ikastolentzat errekonozimendu hori jasotzea.
Ikastolen babesak behera egin du publikoaren mesedetan?
-Ez, eta datuek hala esaten dute. Azken hamarkadan datuek antzeko jarraitzen dute, %2 igo dira matrikulazioak, eta publikoan mantendu dira. Egoera establean gaude, emaitzak mantentzen dira, ez da egon eboluzioa baten mesederako edo bestearen kalterako.
Zer balantze egingo zenuke ikastolen lehendakari izan zaren 14 urteei buruz?
-Oso positiboa, noski. Hainbeste denbora egon banaiz nahi dudalako izan da. Helburuak lortu dira, barnera begira behintzat. Eta kanpora begira ez badugu lortu da ez delako gure eskutan egon, politikarien eskuetan baizik. Garai horretan egin genuen lana garrantzitsua izan zen. Eta gizarteak badaki ikastolen eredua zer den; hori da pozgarriena. Eta era berean Iparralden izandako gorakada izugarria Ikastolen Elkartea lortutako emaitza pozgarria da. Atzera begiratzerakoan pozik nago, eta baita harro egindakoarekin. Horregatik jaso dut liburua batean, nire ikuspegitik tarte luze horretan egindakoa jasotzeko hain zuzen ere.
Alde soziala landu duzula diozu, hezkuntzaz haratago.
-Arlo sozialari tarte zabala ematen diot, bai, ikastolak herritik jaio zirelako eta herriaren mesederako daudelako. Eta oso zaila da ulertzea Euskal Herrian izan diren gertakari asko ikastolen presentziarik gabe. Hezkuntzaz haratago zen izan den ikastolen mugimendua XXI.mendean, hori da azpimarratu nahi izan dudana. Nire bizipenetatik idatzita. Badaude pasarte batzuk jendeari atentzioa deituko diotenak.
Adibidez?
-Celaarekin Seaskarentzako dirua negoziatu genuenean. Komentatzen dut nolakoa izan zen, lortu genuen partida potentea, 450.000 euro urtero. Nire ibilbidean izan dudan gauzarik bitxiena izan da.
Zeintzuk dira izandako erronkak?
-Bi motatakoak izan dira mende honetan. Barne mailan erakunde berria, 2009an sortu genuen erakunde berri hori, Euskal Herriko ikastolak. Ezaugarri nagusia izan zen ikastola guztiak bazkidetuta egon zirela zuzenean, genuen egitura guzti hori sinplifikatu genuen eta kanpora begira ere ahots bakar bat izatea ere lortu genuen. Lehenengo 23 urtetan lortu genuen, eta kanpora begira apurtzea dikotomia faltsu horrekin, publiko-pribatua. Espero genuen Hezkuntza legearekin aurrera pauso bat ematea bide horretan eta aukera bat galdu da. Ilusio handiarekin parte hartu genuen, baina amaieran PSEren eraginez ez zen lortu. Bide erdia eginda geratu da arlo horretan. Suposatzen dut ikastolen elkarteko arduradun berriek horretan arituko direla jo ta ke. Oso importantea zen kanpora begira argi geratzea ikastola eredua errekonozimendua legal bat lortu behar zuela eta horretan ibili gara.
Nola egingo dio aurre ikastolen elkarteak doakutasun printzipioari?
-Ez naiz lehendakaria, arduradun berriak daude eta ez dut gauza handirik esan nahi. Legea nola garatuko den ez dakigu, zabaltzen da aukera bat hori aurrera eramateko, baina ez dakigu nola joango den. Noiz eta nola garatuko den ez dakigu. Inkognita izugarria da. Guztien borondatea beharko dugu doakotasunaren printzipioz hori aurrera eramateko, eta ez da gauzatuko epe laburrean, teknikoki oso konplikatua delako.
Nola uztartu daiteke ikastolen filosofia den kooperatibismoarekin?
-Doakotasunarekin bat egin du Ikastolen elkarteak, ez dakiguna da nola gauzatuko den, ezta noiz ere. Eta nolakoa izango den sistema. Estruktura bat beharrezkoa da.
Zer iritzi duzu euskarak izango duen lekuari buruz?
-Euskararen arloan guztiok espero genuena ez da bete, eta erreglamenduaren bitartez posible bada sortu den horri buelta ematea hori izan behar da erronka, euskarazko ikaskuntza nahi dugunontzat behintzat.
Etorkizunari begira, zer erronka daude?
-Arduradun berriek finkatuko dituzte lerroak, baina espero dut orain arte bezala lehenengo lerroan egotea ikastolen mugimendua, gure nortasuna hor egotea, kooperatismoa, euskara, pedagogia progresistak… hurrengo hamarkadan izango diren erronkak ikusiko ditugu.