Buscar
Gipuzkoa

Ikastoletan hazi, hezi eta bizi

Kilometroak 2021

Eguraldia lagun izan ez arren, Ikastolen aldarria ez da falta izan Ordiziako Jakintza Ikastolako frontoian. Bertan ospatu zen atzo goizez aurtengo Kilometroak jaiaren ekitaldi instituzionala. Beasaingo, Lazkaoko eta Ordiziako ikastolek elkarrekin antolatutako festa honetan, auzolana izan da protagonista nagusia.

Ordizian ez dute hutsik egin euskal politikaren eta hezkuntza-sistemaren ordezkariek. Agertokira igo direnak hauek izan dira: Beasaingo Andramendi, Lazkaoko San Benito eta Ordiziako Jakintza Ikastoletako lehendakariak, Ainhoa Garin, Iker Estensoro eta Leire Luengo; hiru herrietako alkateak, Leire Artola, Kepa Zubiarrain eta Adur Ezenarro; Gipuzkoako Foru Aldundiko Gobernantza Diputatu eta bozeramaile Eider Mendoza, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburu Jokin Bildarratz, eta Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakaria, Nekane Artola.

Antolatzaile ziren hiru ikastoletako ikasleek girotu dute ekitaldia. Jakintzakoek bertsoak abestu dituzte, San Benitokoek aldiz, aurtengo Kilometroetako abestiaren doinuaz koreografia prestatu dute, eta Andramendikoek berriz, goiza koloreztatu dute. Izaro Iraetak eta bere alabak gidatu dute saioa.

Lekukoa eskualdatuz amaitu da jardunaldia. Hain zuzen ere, goizeko 9etan hasita Goierriko hiru ikastoletan barrena ibili den lekukoa; Lazkaon abiatuta, Beasaindik pasa, eta Ordiziara iritsi da ikasleak, gurasoak eta musika lagun zituela, Ibarrako Uzturpe ikastolara lekualdatzeko. 2022an Ibarrak antolatuko ditu Kilometroak. "Ohore handia da Ibarra bezalako herri txiki batentzat Ikastolen jaia antolatzeko aukera izatea", adierazi dute Uzturpeko ordezkariek. "Ardura, emozioa eta erronka ere bada", gehitu dute.

Kilometroak Kultur Elkartetik hauxe esan diete: "zortea, adorea eta elkarlanerako grina opa diegu Ibarrako Uzturpe ikastolako komunitateko kide guztiei".

Hausnarketarako garaia Atrilaren aurrean hitz egin duten ordezkariak bat etorri dira guraso eta irakasleek urteetan zehar egin duten lanaren garrantzia azpimarratzerakoan, euskara eta gure kultura bultzatzen dituen hezkuntza propioan sinetsi baitute beti. Hala ere, autokritikarik ere izan da. Bildarratzek indarguneei eta, era berean, ahuleziei ere arreta jartzeko beharra aipatu du.

Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak, berariaz aipatu gabe, hezkuntza itun berriaren inguruan sortutako eztabaida eta Euskal Hezkuntza lege berri baten premia adierazi ditu. "Azken urteak eta pandemiak erakutsi digute erronkak askoz errazago gauzatzen direla elkarrekin jardunez gero", nabarmendu du Bildarratzek, eta etorkizuneko "erronka garrantzitsuen" aurrean, "eztabaida antzuetan" ez sartzeko gomendioa luzatu die hezkuntza eragileei.

"Une honetan lan egitea dagokigu, eta, batez ere, hezkuntza-eragileei, teknikariei eta hezkuntzaz dakizuenei dagokizue. Badakigu non dauden arazoak, ezagutzen ditugu. Orain irtenbide posibleak bilatu behar ditugu ", azpimarratu du."Ziur nago, ikusten ari naizenez, alderdi politikoak lagun izango dituzuela, erakusten dituzuen kezkak aurrera eramateko", gaineratu du.

Sailburuorde batek idatzitako bertsoarekin amaitu du hizketaldia, "hezkuntza futurista" eraikitzeko deia eginez.

Nekane Artolak euskal hezkuntza eredu bakarra aldarrikatu du "haur guztiak euskaraz eta euskal kulturaz hornitu daitezen". Halaber, Ikastolak integraziorako tresna ere izan behar duela aipatu du. Bere hitzetan, tamalez, Covid-19aren pandemiak "atzerapausoa suposatu du euskal hezkuntzarentzat", eta horren aurrean indarrak batzea ezinbestekoa dela gaineratu du.

"Euskara denon artean indartu eta irauli behar dugu", adierazi du Eider Mendozak, euskal hizkuntza bidegurutzean dagoela azalduz. "Ikastolen beharra dugu euskara eta kultura sustatzeko" erantsi du, aurrean lan handia dagoela azpimarratuz. "Izango gara, baldin eta denon artean egiten badugu".

Erantzun ezin hobea 2021eko Kilometroak amaitu dira, beste behin ere Goierrin. Antolatzaileek balorazio positiboa egin dute, nahiz eta eguraldi txarrak eta edukiera mugek eguna baldintzatu.

"Pozik gaude egunak eman duenarekin, pozik jendearen erantzunarekin", esan dute Kilometroak Kultur Elkartetik. "Ahal izan den neurrian, jende askok parte hartu baitu".

'Goazen!' ikuskizuna ere bertan behera utzi behar izan dute. Inolaz ere, beste egunen batean berreskuratzeko modua aztertzen dabiltzala adierazi dute antolatzaileek.

Azken hilabetean zehar hainbat ekitaldi antolatu dituzte, bertsolaritza, musika eta dantza uztartuz; Kilometroak jaiaren formatu berriaren emaitza izan da. "Gure jaiak euskarari eta euskal kulturari eskainitako bozgorailu eta plaza izaten jarrai dezan beste modu bat ireki dugu, eta gustura gaude emaitzarekin", jakinarazi dute.

Hamabost egun barru, Lizarran izango du Ikastolen jaiak hurrengo hitzordua. Bertan izango da Nafarroa Oinez urriaren 16 eta 17ko asteburuan.

2021-10-04T15:43:02+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo