Buscar
Cultura

Ikusten ez den indarkeria

Indarkeria matxista du gaitzat Boga Boga produkzioak taldearen lan berriak: 'Behi jasa'. Iñigo Aranbarri, Adriana Salvo eta Laura Penagos aktoreek antzeztu dute Carlos Bek idatzi eta genero indarkeriaren aurkako zigilua eskuratu duen obra
Aranbarri eta Salvo jarri dira Fernando eta Margarita senar-emazte protagonisten azalean.
Aranbarri eta Salvo jarri dira Fernando eta Margarita senar-emazte protagonisten azalean.

'Behi jasa' lan berria estreinatu berri du Boga Boga konpainiak. Azaroaren 3an gaztelaniazko bertsioa aurkeztu zuten, eta 19an, aldiz, euskarazkoa. Genero indarkeria eguneroko ogia den etxe batean kokatzen da istorioa, eta Iñigo Aranbarri, Adriana Salvo eta Laura Penagos aritu dira aktore lanetan. Fernando eta Margarita dira lan honen protagonistak. Elkarrekin bizi diren senar-emazteak dira eta haien arteko harremanean sumatzen den "sentimendu ilun" horri maitasuna deitzen omen dio bikoteak. Eta jendartean harreman mota hori arrotzat, urrunekotzat eta ezezaguntzat ez hartzea da konpainiak azpimarratu nahi izan duena. Izan ere, emazteari "maite zaitut" esatetik gauzarik "ankerrenak" esatera igarotzen da etxeko gizona. Guztiz menperatuta bizi da Margarita, erasokorra den senarrak esaten duen guztiari men eginez.

GENERO BERDINTASUNA ARDATZ

Carlos Bek idatzi zuen antzezlanaren gidoia, eta Espainiako Gobernuko Berdintasun Ministerioaren genero indarkeriaren aurkako zigilua eskuratu zuen 2017an. Urte berean aurkeztu zuten Malagako Zinemaldian testuaren egokitzapen zinematografikoa. Boga Boga konpainiako partaideek adierazi dutenez, 2021eko urrian ezagutu zuten tratu txarren gaia "poesiaren bidez" eta "antzerki absurdoaren ukituarekin" lantzen duen testua, beste asko irakurtzen ari zirela. Dena den, azaldu dutenez, testuak berak aurkitu zuen Boga Boga: "Konpainia jaio zenetik genero berdintasuna izan da gure proiektuetako askoren ardatza, eta hala hartu genuen erronka".

Arte eszenikoetatik genero-desberdintasunak ikusarazten eta sentsibilizatzen laguntzearen aldeko apustua egin du konpainiak. Hortaz, indarkeria matxistaren gaian murgildu eta begirada "sakon" batetik lan egitea izan dute helburutzat, "gaiaren gaineko mito eta estereotipoetatik urrunduz". Izan ere, genero indarkeriak forma sotilak ere hartzen dituela azaldu dute, "emakumeok egunerokotasunean jasaten ditugunak". Sarri ikusezinak diren tratu txar horiek dira, hain zuzen ere, antzezlanean kontatzen duten istorioaren bitartez islatzen saiatu direnak.

Indarkeria matxista du ardatz Boga Boga produkzioak taldearen 'Behi jasa' lanak.

Indarkeria matxista du ardatz Boga Boga produkzioak taldearen 'Behi jasa' lanak. Hodei Unzueta

INDAKERIA PSIKOLOGIKOA

Ikusezina den heinean, jendarteak gehien normalizatu duen indarkeria mota da psikologikoa: "Fisikoa edo sexuala detektatzea baino zailagoa egiten zaigu, baina ikerketek diotenez, emakumeon %54ak jasan izan dugu indarkeria psikologikoa gure bizitzaren momenturen batean". Horren barruan sartu dituzte, esaterako, gutxiespena, iraindua izatea, mespretxua... Dena den, esan dute elkar asko maite duen bikotea ikus dezakeela publikoak oholtza gainean, 90 minutuko iraupena duen antzezlan honetan indarkeri espliziturik ez adierazten saiatu baitira. Indarkeriaz jabetzeko, bestalde, "maitasun erromantikoak barneratu dituen ideia eta iruditeriez" baliatu da konpainia.

Aipatutako ideia, iritzi, errealitate eta sentimenduak adierazi ahal izateko, hainbat baliabide erabili ditu Boga Bogak antzezlanean zehar. Carlos Bek sortutako testuak berak "harridura kuriosoa" sortzen du jendearengan, esan bezala, antzerki absurdoaren ukituak baititu. Baina eszenografia aldetik ere bada zer azpimarratu.

Oholtza gainean edertasuna irudikatzea bilatu dutela azaldu dute, baina ez egiazkoa: "Manufakturatua eta faltsua den edertasun bat irudikatzen saiatu gara, maitasun erromantikoaren adierazgarri". Horrez gain, espazioari dagokionez, sortu dituzten irudiek, hitzek kontatzen dutena bezainbeste konta dezatela ere bilatu du taldeak: "Askotan, pertsonaiek diotena baino gehiago kontatu dezake irudi batek, baita espazioan pertsonaia batek egiten duen mugimendu-ibilbideak ere".

Boga Bogak ez du ezer zehatza transmititzea bilatu antzezlan honen bitartez, baina aitortu dute gustatuko litzaiekeela antzerkira bertaratzen den publikoari indarkeria matxistaren aurkako espazio bat partekatzea: "Antzerkiak duen elkartze horrek eman diezagula zer pentsatu, zer sentitu eta piztu dezala zerbait aldatzeko nahia".

Lan talde anitza dago 'Behi jasa' obraren atzean; Marina Suárez Ortiz de Zaraterek zuzendu du antzezlana, aholkularitza eszenografikoan, aldiz, Goizeder Izko aritu da, eta Aiora Ganuza jantzietan. Argiztapena eta soinuaren ardura David Bernuések (Acrónica Producciones) hartu du, Olatz Gorrotxategik aholkularitza artistikoarena eta, amaitzeko, Sandra Vallejok irudi grafikoarena.

Estreinalditik gaur arte Nafarroako hainbat aretoran izan da 'Behi jasa' eta Erriberriko Antzerki Jaialdiko egoitza artistikorako hautatua dute. Boga Bogakoak beste hainbat lekutan ere izango dira euren lan berriarekin, publikoari zer pentsa emanez.

2022-12-09T18:29:03+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo