Bizkaia

“Ilusioa berreskuratzeko” Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak

80 ekintzatik gorako festen programa aurkeztu dute Bermeon, “normaltasunerako buelta egiteko”
Arrantzale egunean zehar izugarrizko giroa izaten da Bermeoko kaleetan. | ARGAZKIA. : I. F.

Bermeo

– Egutegia aurrera doan ahala, eta abuztuari agur esateko ordua heltzear denean, oraindik jaietaz gozatzeko aukera nahikoak badira Busturialdean. Bermeok, adibidez, irailaren 7tik 16ra biziko ditu bere Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak, “ilusioa berreskuratzeko” baliagarri izango direnak. Udaleko ordezkariak, Aritz Abaroa alkatea buru zutelarik, eta Jai Batzordeko kideek atzo aurkeztu zuten “ehun ekintzatik gora” izango duen egitaraua. Ohiko festa egunak izango dira –Andra Mari, Arrantzale Eguna, bajada, sukalkia...–, “normaltasunerako itzuliaren” seinale, eta ohiko guneak ere mantenduko dira –txosnagunea Lameran, barrakak portuan...–. Ume zein gazteentzako programa zehaztuta, egitaraua diseina-tu eta errealitate bihurtzean “bermeotarrek eta elkarteek egindako lana” goraipatu zuen Abaroak.

“Ekainean esan bezala, normaltasunerantz bueltatzeko uda izan da aurtengoa eta Andra Mari eta Santa Eufemia jaiak %100ean disfrutatu ahal izango ditugu aurten. Gogo handiarekin gaude jaiei hasiera emateko eta betiko formatura itzultzeko”, adierazi zuen Abaroak. Beti ere “elkarrenganako errespetua erdigunean izan behar duten jai hauek gozatzeko egunak izango dira”, aipatu zuen. Azkenik, “erasoen aurrean tolerantzia zero” izateko deia luzatu zuen, protokolo berezi bat prest dutelarik. “Argi eta ozen esaten dugu, herri honek ez du eraso sexistarik onartuko”.

Ohiko moduan, festa Xixiliren etorrerarekin hasiko da, irailaren 7an izango dena, arratsaldeko Almiken hasiko den bajadaren ostean. Goiko plazan bermeotarrak batuta, pregoiarekin ekingo diete jaiei. Tradizioak markatzen duen Andra Mari eguna izango da ostean –irailaren 8an–. Alazne Zumeta zinegotziak adierazi zuen moduan, “arratsaldean, herri kirolak eta bertso saioa izango ditugu Artza Frontoian eta gauean suziriak ikusteko aukera izango dugu. Egunari bukaera emateko, Puro Relajo taldeak kontzertua eskainiko du”. Eta hurrengo egunean jardunaldirik handienetakoa helduko da: Arrantzale Eguna. “Lora eskaintzea eta aurreskua egingo da goizean, arrantza ontzien hornitzaileei omenaldia eskainiz eta Enrike Zubiari esker ona emanez. Arran-tzaleen Egunean, gainera, drogen kontsumoaren prebentzioaren ildora, Udalaren helburuei jarraituz, drogei buruzko informazio eta testing zerbitzua eskainiko da Udal Liburutegiaren alboan eta baita Botiltzarra izeneko programa ere”.

Hurrengoko egunean umeentzako jolas parkea ezarriko dute –irailaren 10ean Burujabetasun zelaian–, baina Andra Mari eta Santa Eufemia jaietako lehen asteburuari ere ekingo diote. Eta horretarako, gauean, Queen taldearen tributu den Play the game taldeak kontzertua eskainiko du. Irailaren 11an, Sukalki Egun tradizionala ospatuko da eta irailaren 12an, astelehenean. “Bermeo Hiria Esku Pilota Txapelketaren partidekin jarraitu ahal izango dugu”.

“Irailaren 13an tailerrak izango ditugu txosnetan eta, iluntzean, Bermeoko play back erraldoia izango dugu Lameran. Umeen saioan 6 eta 14 urte bitarteko umeek parte hartu ahal izango dute eta nagusienean 15 urtetik gorakoek. Izen ematea beharrezkoa izango da. Horretarako, irailaren 1etik 5era bitartean Gizarte eta Kultur Etxera joan beharko da”, nabarmendu zuen Zumetak. Jaien azken partean sartuta, irailaren 15ean, tortilla txapelketa antolatuko da txosnetan eta, arratsaldean, gaztetxoentzako ekintzak izango dira protagonistak. Arratsaldean ere, Euskal Artzain Txakurren erakustaldia egingo da. “Noski, urteroko nagusien danborrada ez da faltako”. Eta festei agur esateko, Santa Eufemia egunean baserri giroko azoka antolatuko da, baita hainbat txapelketa: XXX. Bizkaiko Artzai Gazta txapelketa eta Euskal Oiloaren Bizkaiko V. txapelketa. Baina Xixiliri agur esateko ordua iritsiko da. “Gauez, suzko zezena izango dugu ikusgai eta, azkenik, doluzko ibilaldia egin eta Xixili erreko da. Suzirien ostean Bulego taldeak kontzertua eskainiko du”. l

Bermeoko Jaiak

l Trafikoa. Irailaren 1etik 19ra Lamerako sarrera itxita egongo da. Bestetik, zeharbideari dagokionez, “trafikoa itxita egongo da eta saihesbidetik desbideratuta hurrengo egunetan: txupinazo egunean (arratsaldetik aurrera), Andra Mari egunean , Arrantzale egunean, irailaren 10 eta 11an, Santa Eufemia egunean eta irailaren 17 estropadetan .

l Garbiketa. Dispositibo berezia jarriko dute martxan. “Horrela, garbitasun langileen kopurua handituko du egun berezi hauetarako eta ureztatze errefortzua izango da irailaren 8, 10, 11, 12, 16, 17 eta 18 egunetan”. Bestetik, komun kimikoak eta finkoak ere jarriko dira herriko gune ezberdinetan. Guztira 20 komun inguru jarriko dira Bermeoko kokagune ezberdinetan.

24/08/2022