Ohiko egitaraua berreskuratu du aurtengo Aste Nagusiak bi urteko geldiaren ondoren. Guztira 400 jarduera baino gehiago antolatu dira datozen zortzi egunetarako: kirol emanaldiak, haurrentzako puzgarriak, musika, erraldoi eta buruhandiak, kale-antzerkia, txapelketa gastronomikoak, Sagueseko lehen mailako artisten kontzertuak eta su artifizialen nazioarteko lehiaketa, besteak beste.
Nobedadeak ere izango dira, esate baterako, Kursaalaren atzealdean jarriko den uretako txirrista erraldoia, reggaeari eskainitako eguna (abuztuak 19), Konstituzio plazan egingo diren nazioarteko folkloreko emanaldiak edo Uliako Harria emakumezko harri-jasotzaileen proba berria. Aurtengoan, gainera, eta festa giroa Donostiako txoko guztietara zabaldu dadin, Aieteko Jauregiko lorategia, Loiolako Erriberak eta Urumea ibaia batuko zaizkie ohiko guneei.
Kanoikadak piztuko du festa gaur arratsaldean, 19.00etan Alderdi Ederren, eta ondoren gazteek hitzordu berezia izango dute Bulebarrean. Izan ere, 19.20tik aurrera eta 20.00ak bitartean, Gazte Nagusi Holi Fest ekimen ikusgarri eta dibertigarria ospatuko da Oihan Vega eta Lorea Intxausti aktorearen eskutik (go!azen), non musika, dantza, jokoak eta hainbat sorpresa izango diren.
Jaialdian parte hartzen dutenen artean koloretako hautsak banatuko dira airera bota ditzaten, bazterrak eta arropak koloreztatuz. Holi hautsak erraz garbitzen dira eta ez dira azalarentzako kaltegarriak. Hala ere, eguzkitako edo uretako betaurrekoak eramatea gomendatzen da, baita ilea estaltzea ere, txapel edo zapi batekin. Zikindu nahi ez duenari, berriz, ez zaio komeni ordu tarte horretan Bulebarretik pasa-tzea. 2019an egin zen estreinako aldiz Holi festa eta parte hartu zutenen artean izandako arrakastak ahalbidetu du errepikatzea.
Txirrist!
Aurtengo nobedade esanguratsuenetako bat Zurriolako terrazan kokatuko den uretako txirrista erraldoia izango da. 100 metroko luzeerarekin, txikiek primeran pasatzeko parada izango dute bertan. Astelehenean (abuztuak 15) goiz eta arratsaldez egongo da (11.00-13.00 eta 15.00-20.00) eta asteartean (abuztuak 16), aldiz, soilik arratsaldez, 15.00tatik 20.00etara.
Bestalde, gaurtik hasita eta datorren larunbatera arte, erraldoi eta buruhandiek Donostiako kaleak alaituko dituzte egunero, 18.00etatik aurrera. Aurtengoan hainbat auzotatik igaroko dira: Alde Zaharra, Erdigunea, Gros, Antiguo eta Loiolako Erriberak izango dira bisitatuko dituzten auzoak. Astelehenean, gainera, egun berezia izango dute, Donostiako Itzurun konpartsak bat egingo baitu Ondare eta Bidasoaldeako konpartsekin. Irteera Abuztuak 31 kaletik izango da, 18.00etan. Aste Nagusiari amaiera emateko, berriz, datorren larunbatean (abuztuak 20) Agur erraldoia izeneko ekitaldi berezia ospatuko dute Zuloaga plazan, 20.00etan.
Hori gutxi balitz, Erromualdo, Estitxu, Eneko, Blanca, Manrique, Karmeli, Mattin eta Maritxu erraldoiak San Telmo museoaren klaustroan gertutik ikusteko aukera egongo da Aste Nagusian zehar, asteazkenean eta ostegunean izan ezik.
Uliako Harria, gaur
Herri kirolak gogoko dituztenek ere hitzordu garrantzitsua izango dute gaur, 19.15etan, Trinitate plazan. Izan ere, Igeldoko Harria ohiko probari Uliako Harriarena gehituko zaio estreinako aldiz, non 10 emakumezko Uliako itsaslabarretatik ateratako 70 kiloko harri irregularra altxatzen arituko diren. Raquel Arranz (Donostia), Marina Blanco (Palencia), Olaia Esnaola (Azpeitia), Karmele Gisasola (Mallabia), Lierni Osa (Zarautz), Udane Ostolaza (Orio), Aroa Sánchez (Orio), Ane Zinkunegi (Usurbil), Naiara Zumeta (Errenteria) eta Ainitze Zumeta (Zarautz) harrijasotzaileek hartuko dute parte gaurkoan. Gizonezkoek, berriz, 134 kg-ko harria jasoko dute eta ondoko hauek izango dira lehiatuko direnak: Paulo Azpiazu (Oñati), Jokin Eizmendi (Zarautz), Gorka Etxeberria (Orio), Mikel Lopetegi (Zarautz), Xabat Olaizola (Zarautz) eta Beñat Telleria (Lasarte).
Bestalde, dagoeneko martxan daude helduen-tzako zein txikientzako barrakak, paseo Berrian zein Urdaneta kalean (Koldo Mitxelenaren ondoan), nobedade garrantzitsuekin. Izan ere. festetan berdintasuna eta inklusioa bermatzeko helburuarekin, Donostiako Udalak, Euskadiko Feriante Autonomoen Elkartearen laguntzarekin, ezohiko bi neurri hartuko ditu: batetik, zaratarik gabeko 4 ordu ezartzea (abuztuaren 12, 17, 19 eta 22an, 16.30tik 18.30etara) eta paseo Berriko barraketan musika sexistari tokirik ez egitea. Horretarako, abesti ez-sexisten errepertorioa osatu dute Izaro, Nogen edo Lady Gaga bezalako artisten kantekin. n