Gipuzkoa

Iñaki Mendiluzeren omenezko futbol txapelketa jokatuko dute ostegunean Zumarragan

28. edizio honetan hamasei futbol taldek parte hartuko dute: zortzi neskenak eta beste zortzi mutilenak
Mendizabal, Elgarresta eta Fidalgo, aurkezpen ekitaldian.
Mendizabal, Elgarresta eta Fidalgo, aurkezpen ekitaldian. / Asier Zaldua

Ostegun Santu egunean, Iñaki Mendiluze Txugiren omenezko futbol txapelketaren 28. edizioa jokatuko dute Zumarragako Argixao estadioan (zelai nagusian eta Luis Urdangarin zelaian). Txapelketa 8.45ean hasi eta 15.00etan amaituko da. Haur mailako (2011 eta 2012an jaiotakoak) emakumezkoen zortzi taldek eta kimu mailako (2013an jaiotakoak) gizonezkoen beste horrenbeste taldek parte hartuko dute.

Emakumezkoei dagokienez, D taldean Urola, Ilintxa, Aloña Mendi eta Realak jokatuko dute eta E taldean Goierri Gorri, Intxurre, Aiztondo eta Dux Logroñok. Gizonezkoei dagokienez, A taldean Urola, Ilintxa, Bergara eta Realak jokatuko dute eta B taldean Idiazabal, Arnedo, Aloña Mendi eta Tolosak. 12.00etan geldialdia egingo dute lore eskaintza egiteko, 13.45ean Kopako finala jokatuko da eta 14.15ean Txapeldunen Ligako finala.

Etzi goizean jokatuko den txapelketa Argixao estadioko Iñaki Mendiluze Txugi aretoan aurkeztu zuten. Aurkezpen ekitaldian Iñaki Mendiluze Zumarragako zinegotziak (Iñaki Mendiluze zenaren iloba), Maialen Fidalgo Urretxuko zinegotziak, Felipe Elgarresta Urola Kirol Elkarteko lehendakariak eta Karmele Segura Urolako zuzendaritzako kideak parte hartu zuten.

Fidalgok eskerrak eman zizkion Urolari eta, lehenengoz, txapelketa erabat parekidea izango dela gogoratu zuen. Mendiluzek bere osaba gogoratu zuen. “Torneoak osabaren balioak ditu: lehiakortasuna eta besteei laguntzea. Zuzenbidea ikasi zuen eta ertzaina izan zen: komunitatearen aldeko lana eta elkartasuna landu zituen”, esan zuen Mendiluzek.

Iaz hil zen Mitxel Badiola ere oroitu zuen. “Osabarekin jokatu zuen futbolean eta nire irakaslea izan zen La Salle-Legazpi ikastetxean. Pertsonak hezi zituen eta torneo honen helburua ere pertsonak heztea da”, esan zuen. Elgarrestak Mendiluzeren omenezkoa Urolarentzat “futbol lehiaketa bat baino askoz ere gehiago” dela aipatu zuen.

Mendiluzeren omenezko txapelketa 1996an antolatu zuten lehenengoz. Hasieran, gizonezkoek bakarrik jokatzen zuten. Gizonezkoen txapelketari dagokionez, Real Sociedad, Athletic, Alaves, Osasuna, Urola, Lagun Onak, Tolosa, Tudelano, Eibar, Zubieta XXI, Martutene eta Zarautz taldeek irabazi dute.

Realak bederatzi aldiz irabazi du txapelketa hau. Osasunak lau aldiz irabazi du eta Athleticek beste lau aldiz. Iaz Martutene taldea nagusitu zen.

2019az geroztik, emakumeen txapelketa ere antolatzen du Urola Kirol Elkarteak. Lehen urte hartan, bost taldek parte hartu zuten. Ondorengo edizioetan zortzi taldek parte hartu dute. 2019an Goierri Gorri taldeak irabazi zuen, 2022an Athleticek, 2023an Lakuak eta iaz Osasunak.

2025-04-16T07:01:03+02:00
En directo
Onda Vasca En Directo