Buscar
Bizkaia

Inauguratu da Bilboko Udaltzaingoaren Deustuko Ikuskaritza berria

Bilboko Udaltzaingoaren Deustuko Ikuskaritzaren inaugurazioa.
Bilboko Udaltzaingoaren Deustuko Ikuskaritzaren inaugurazioa.

Gaur goizean, azaroak 8, Bilboko Udaltzaingoaren Deustuko Ikuskaritzaren instalazio berrien inaugurazioan hartu du parte Bilboko alkate Juan Mari Aburtok. Honakoa urian ireki den zazpigarren komisaria da.

Bulego berri horiek Ballets Olaeta kaleko 14. eta 16. zenbakietan daude, eta han lan egingo dute Bilboko Udaltzaingoko 48 agentek. Zehazki, komisariorde bat, gertuko ofizial bat, bi ofizialorde, zazpi agente lehen eta 37 agente arituko dira han; zazpi emakumeak dira, eta 41 gizonak, Auzo Ikuskaritzari atxikiak; hain zuzen, Ernesto Erkoreka plazan (Udala komisaria) gaur egun duten komisariatik aldatuko dira bulego berrietara pixkanaka datozen egunotan.

Hainbat motatako biktimei lehen harrera egiteko gune egoki eta independenteak izango ditu, Biktimen Ikuskaritzaren lana errazteko eta, uneoro, biktimen intimitatea zaintzeko. Gainera, salaketak ere jasoko ditu, nahiz eta Miribillako komisaria izango den, geroan ere, delitu larrienetarako erreferentzia.

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Amaia Arregi Herritarren Segurtasuneko zinegotziak, beste zinegotzi batzuek, Aitor Lete Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Koordinazioko zuzendariak, Enrique Sánchez Molero eta Luken Cerro Ertzaintzaren Bilboko eta Bizkaiko arduradunek (hurrenez hurren), Adolfo Alustiza Herritarren Segurtasuneko Sailaren zuzendariak eta Bilboko Udaltzaingoaren agintedunak instalazio berriak bisitatu dituzte gaur.

Alkateak hau gogorarazi du: "Abandoko Ikuskaritza abian jarri eta urtebete eta eskas baino ez da igaro, eta hona non elkartu garen berriro, 1. barrutian Udaltzaingoaren beste egoitza berri bat irekitzeko. Eta, honenbesterekin, betetzat ematen dugu Segurtasun Ituneko beste konpromisoetako bat, Udalean ordezkaritza duten alderdi politiko guztiek babestua." Eta hau gehitu du: "Beraz, beste urrats bat egin dugu gure asmoan, Bilboko Udaltzaingoa herritarrengandik geroz eta hurbilago eta gertuago egongo den polizia bat izan dadin".

Deustuko Ikuskaritza

Polizia-bulego berriek 1.152 metro koadroko azalera eraikia izango dute, eta 970 metro koadroko azalera erabilgarria.

Hemendik, zerbitzu emango zaie 1. barrutiko auzoetako 48.710 bizilagunei (22.752 gizon eta 25.958 emakume), eta halaber Deustura, Deustuibarrera eta Zorrotzaurrera datozen urteetan iritsiko diren bizilagun eta enpresa berriei.

Deustuko Ikuskaritzak salaketak jasotzeko zerbitzua ere emango du –nahiz eta Miribillako komisaria izango den, geroan ere, delitu larrienetarako erreferentzia–, eta hainbat motatako biktimei lehen harrera egiteko gune egoki eta independenteak izango ditu, Biktimen Ikuskaritzaren lana errazteko eta, uneoro, biktimen intimitatea eta bakartasuna babesteko, ezinbestekoa baita kasu horietan. Izan ere, komisariak baditu genero-indarkeriaren biktima eta familia barruko indarkeriaren biktima izan direnentzako itxaroteko, arretarako eta argibideetarako areto bereizi bat eta era horretako indarkerien biktima izan diren emakumeei eta haurrei harrera egiteko eginbideetarako ez bestetarako bulego bat.

Horiez gain, badu eginbideetarako beste bulego bat, eta buruen bulegoak, eta ikuskaritzaren zerbitzuko beste bulego batzuk ere bai, hala nola bilera-gelak eta erabilera askotako gelak eta gertuko poliziaren agenteentzako eta komunitate-poliziarentzako bulegoak.

Beste eremu bat, sarbide berezia izango duena, zerbitzuaren beraren eta Ikuskaritzako agenteen eta arduradunen beharrizanetarako izango da. Eremu horretan, lanak banatzeko aretoa, emakumeen eta gizonen aldagelak, armategi bat, biltegiak eta atseden lekua izango dira.

Herritarrei irekia

Deustuko eta San Ignazioko segurtasun arloko auzo-tailerretan parte hartzen duten elkarteak eta Ballets de Olaeta kaleko 12, 14 eta 16 zenbakietako auzokoen erkidegoetako presidenteek instalazio berriak ikusten izan dira gaur goizean. Ikustaldian izan dira, halaber, Amaia Arregi Herritarren Segurtasuneko Saileko zinegotzia eta Adolfo Alustiza Herritarren Segurtasuneko Saileko zuzendaria, eta baita Ikuskaritzako arduradunak ere.

Inguruko bizilagunek ere udal ekipamendu berria ezagutzeko aukera izango dute. Ikuskaritzako buruek kudeatuko dituzte ikustaldiak; bihar izango dira, azaroak 9, bi ordutegi bereizitan 10:00etan eta 17:00etan.

Egoitzak berrantolatzea eta irekitzea

Oraintxe urtebete, 2021eko azaroaren 8an, Bilboko Udaltzaingoak Abandoko Ikuskaritza berria inauguratu zuen, Elkano kalean. Deustuko instalazio berriok irekita, azken urratsa egin da Segurtasun Itunak egoitzak berrantolatu eta irekitzeko ezarritako neurriak betetzeko eginkizunean.

Horrela, bada, Ituna indarrean sartu zenetik, eta aipatutako bi ikuskaritza horiez gain, 5. Barrutiko Ikuskaritzaren egoitza berria ere jarri da abian Mariaren Bihotzaren plazan (2019ko martxoan), eta Begoñako Ikuskaritza handitzeko eta hobetzeko obrei ere ekin zaie (2019ko abenduan).

178. urteurrena

Bilboko Udaltzaingoak 178 urte bete ditu gaur eta, horregatik, Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, Deustuko ikuskaritza berriaren inaugurazio-ekitaldian izandako hitzaldiaz baliatuta, zorionik zintzoena opa izan die hura osatzen duten guztiei.

Ekintza xumea izan da Udaltzaingoaren sorrera gogoratzeko; hain zuzen ere, 1844ko azaroaren 8an sortu zen, Federico Victoria de Lecea alkate zela. Hasieran, hamabi agente eskas zituen; gaur egun, 178 urte geroago, 866 gizonek eta emakumek osatzen dute kidegoa.

Herritarren segurtasuna giltzarria da Bilborentzat eta, gainera, hor dago 2018ko martxoaz geroztik alderdi politiko guztiek aho batez sinatutako Ituna. Akordio horrek lehentasuna ematen dio segurtasun-politika prebentiboari, gizartea gaitzeko eta ahalduntzeko hezkuntza-programetan oinarrituari, eta talde ahuletan, bizikidetzan eta errespetuan jartzen du arreta.

2022-11-09T16:21:04+01:00
En directo
Onda Vasca En Directo