Gipuzkoa

Inauterietan txoznak Euskal Herria plazan mantentzea eskatu dute

Tolosako Txozna Batzordeko kideek salatu dute Udalak plaza Berrira lekualdatu nahi dituela, haien iritziaren aurka
Txozna Batzordeak egindako agerraldia. | ARGAZKIA: N.G.

Txozna Batzordeak salatu duenez, Tolosako Udalak datozen Inauterietan plaza Berrian kokatu nahi ditu txoznak. Eragileek, aldiz, Euskal Herria plazan mantentzea eskatu dute, lekualdatzeak “karparen tamaina askoz ere txikiago bat jarri beharra eta jai girotik asko urruntzea dakarrelako ezinbestean”.

Agerraldian adierazi moduan, “udalaren erabaki honek, hainbat eragile ekonomikoki itotzea dakar, baita Inauterietan erdigunean musika eskain-tza zabala eta festarako espazio garrantzitsu bat galtzea ere”.

Era berean, lekualdatzeak “zentzurik ez duela” defendatu dute eta Tolosako Udalaren “utzikeria” salatu dute. Horrela, Udalaren aldetik jaso beharreko proposamen zehatza eta baimena ematearen atzeratzea “propio hartutako estrategia” dela uste dute.

Egoerari buelta emateko helburuarekin, sinadura bilketa (change.org-en) eta kanpaina bat abiatu dute. Argazkiak eta bideoak bidali daitezke Tolosako Iñauterietan, txozna EH plazan edo Udalaren erasoa gelditu leloekin txozna batzordeko sare sozialetara edo telefonoz (600 294 657). Bestalde, aldarria udaletxera eramateko asmoz, elkarretaratzea egingo dute urtarrilaren 13an, 18.00etan, plaza Zaharrean.

03/01/2023